detalle dokuteka-generico-fitxa

Atxuriko miraria

1866ko urriaren 26an jaio eta 1929. urteko urtarrilaren 31n hil zen Mañarian, Bizkaian, Ebaristo Bustintza "Kirikiño" euskal idazlea.

Ipuin hau berea da, baina Antton Peñalbak antzerkirako egindako egokitzapena ekarri dizuegu. Ea gustuko duzuen!

 

LEHEN AGERRALDIA

 

Hemen orain agertuko dizueguna, duela urte asko gertatu zen. Orduan Bilboko herriak ez zituen 20 mila arima baino gehiago, eta biztanle gehienak elkarren ezagunak ziren. Hona hemen, bada, "Atxuriko Miraria", gertakizun barregarria, benetan. Alajaina!

 

 (Teloia ireki. Bilboko kaleak: ibiltari batzuk dabiltza bertan bueltaka...)


1. IBILTARIA.- (Hots handiz) Aspaldikoak! Bizi direnak agertzen direla, e!
2. IBILTARIA.- (Eskuaz laguna bizkarraldean joz). Pozten naiz benetan zu ikusteaz, Indalezio.
3. IBILTARIA.- (Poz-pozik) Hara aspaldiko gure ezaguna! Hauxe poza ematen diguzuna.
INDALEZIO.- Zer diozue, ba? Esaidazue, esan...
KASPAXIO.- Arraioa! Ez dugu aspaldian barre algararik egin, mutilok!
INDALEZIO.- Bai, gizonak! Barrabaskeriaren bat prestatu beharko dugu, oraingoan ere inozoen bizkarretik barre egin ahal izateko.
PANKRAZIO.- (Burua harraskatuz) Burua argitzen ari zaidala uste dut.
INDALEZIO.- Hori, hori! Bonbilla distiratsu bat dirudi zure buruak. Kontaiguzu, esaiguzu azkar, alproja halakoa!

 

(Elkartzen dira hirurak eta, batak herrenka, besteak hanka bakar baten gainean, barre galantak egiten dituzte).


INDALEZIO.- Hau duk hau, sartu behar diegun ziria! Bejondeizula, Pankrazio!

 

(Eszenatokitik erretiratzen dira. Bizpahiru egun geroxeago...)


BERRIEMALEA.- (Danborra eta turuta joz. Paper bat irakurtzen du). Entzun, entzun! Adi herritarrok, erne belarriak! Hona hemen azken orduko berria. Bart Floripondia Txoribarregarri anderea hil zaigu. Otoitz dagigun... Bere testamentuan idatzirik utzi duenez, milaka hogerleko utzi dizkizu atso ohoregarri honek Bilboko herren eta hankabakar guztien artean banatzeko. Zatozte, zatozte, herren eta elbarritu guztiok Atxuriko zelaira datorren igandean!


BIGARREN AGERRALDIA

 

(Eszenatokian, mahai bat, eta mahai gainean tintontzi bat eta zorro batzuk zerez edo harez beteta. Mahai gainean zapi handi bat. Gizon bat sartzen da piperra baino serioago, eta bueltaka hasten da eszenatokian eskuak ipurdi gainean daramatzala. Geroxeago sartzen da On Jose, bi algoazilekin eta bueltaka hasten dira).


1. HERRENA.- (Bi makulurekin sartzen da) Eeeeeeuuuuuuuuupppp!!
ON JOSE.- (Dotore jantzita) Zer dugu, gizona! Hanketatik gaizki ala?
1. HERRENA.- Gaizki bakarrik? Arranopola! Hau komeria, hau! Ibili nahi eta ezin. Gazte nintzela, dantza arin baino arinago egiten nuen, (eskuz keinuak...) baina orain... ño! Gurdi batek ebaki zidan hanka eta orain..., begira nola nabilen.
ON JOSE.- Laster sendatuko zara gaurkoarekin... Non bizi zara?
1. HERRENA.- Ni? San Nikolas ostean. Zergatik?
ON JOSE.- Azkar egin duzu bidea, hain urrutitik honaino...
1. HERRENA.- Beharko, jauna! Mila demoniño atzetik banitu bezala etorri naiz horko dirutxotik apur bat eskuratzeko. Asko dago hor barruan?
ON JOSE.- Denontzako adina izango da. Pazientzia hartu eta eser zaitez.
1. ALGOAZILA.- Hementxe itxoin ezazu, zure lagunak etorri arte (lekua seinalatzen dio)
2. HERRENA.- (Makila handi bat eskuan eta hanka bat arrastaka) Ai, ai, nire hanka kankailu hau! Hau nire mina eta miserixia!
2. ALGOAZILA.- Ai baino lehenago Egunon esaten da. Lotsagabe halakoa!
2. HERRENA.- Bai... bai... egunon... egunon... (erreberentzia eginez)
ON JOSE.- Bai, egunon. Gaurko eguna, izan ere, ona baino hobea izango da zuentzat.
2. HERRENA.- Hori, guzti hori, diruz beterik al dago? Eta, guzti-guztia guretzat? Ez da izango! Hau poza! Hau zoriona! Hau suerte ikaragarria! (saltoka eta dantzan hasten da)
ON JOSE.- Arraioa! Bai laster sendatu zarela!
2. HERRENA.- (Berriz ere minetan bezala) Ai, ai, ai ene! Nire hanka motz hau!
1. ALGOAZILA.- Eser zaitez zeu ere zure lagunaren ondoan.
3. eta 4. HER.- (Elkarrekin sartzen dira, elkar lotuta bezala. Biak abesten sartzen dira, la, lara, lara...)
3. HERRENA.- (4. herrenari) Hau duk hau gurea! Laster aberatsak gaituk. Ikusten al dituk hor mahai gainean dauden diruak?... Ba... urrez beteak dituk, eta laster guretzat oso-osorik...
4. HERRENA.- Hemendik aurrera, lanik tutik ere ez. Zakurrak egin dezala lan... Guk, bazkalondoan, señoritoen antzera, kafea, kopa eta purua! Aupa! Bilboko eta mundu guztiko herren eta hankabakar guztiak!
3. HERRENA.- Gero txistera dotorea buruan... lebita buztan bikoa soinean... eta nire izena On Gerbasio jauna.
ON JOSE.- Horrenbesteko poza, zer dela eta?
3. HERRENA.- Ikusten al gaituzu, jauna? Hau hankabakar eta hankamotz ni. Bi gizonen artean hanka bi. Horko diru guztiak guri... Zorionak zuri eta niri... Diruak egin nau bertsolari.
2. ALGOAZILA.- Hementxe zaitez eseri. Besteak daitezen etorri. Dirua bada ugari. Denontzat dugu ekarri. Bertsotan ni naiz nagusi. Begira kontuz geroari.
5. HERRENA.-Neu naiz lehenago.
6. HERRENA.- (Elkarren artean borrokan) Ez horixe! Ni etorri naiz aurrena!
5. HERRENA.- Zer demoniño! Neri ez didazu lekurik kenduko. Mozolo ahalena!
6. HERRENA.- Hi nor haiz ba, Hartuko leukeko kontea ala? Piper-mutur hori!
5. HERRENA.- Hago isilik, galtzaundi hori! Gibela eguzkitara aterako diat eta.
6. HERRENA.- Hik niri? Artaburu, lelotzar, kakafrakas horrek? (Borrokan hasten dira eta algoazilak banandu)
1. ALGOAZILA.- Geldi bertan! Arraio halakoak! Ez nuen sekula sinetsiko Bilbon honenbeste astakirten zegoenik.
2. ALGOAZILA.- Judas Iskariote eta infernuko deabru guztiak! Geldi biok, bestela ez duzue ezertxo ere jasoko.
ON JOSE.- Ixo, ixo! Orain algoazilak irakurriko du, diru hauek zuentzat utzi dituen atsoaren testamentua. Entzun ondo!
1. ALGOAZILA.- (Danborra eta turuta joz, bandoa ematen bezala) Jaun-andreak, eta Bilboko hankabakar, hankamotz, hanka-gabe eta herren guztiok. Nik, Florinda Txoribarregarrik, heriotzako orduan, laurogei mila urrezko diru uzten ditut, Bilbo eta inguruetako herren, hankabakar, hankamotz eta hanka-gabeentzat. Nire heriotzaren ondoren, hauek Atxuriko zelaian banatzea nahi nuke, han bilduko diren herren, hankabakar eta astakilo guztien artean. Hala izan dadila. (Hau entzun ondoren, herren guztiak makuluak bota eta saltaka eta dantzan hasiko dira).
BATEK.- (Oihuka) Gora andre Floripondia Txoribelarri!
BESTE BATEK.- Gora On Jose diru-partitzailea!
GUZTIAK.- Gora!
ON JOSE.- Isilik, mesedez! Oraintxe bertan hasiko gara hemen dagoena ematen. Ni, algoazilekin barrura noa, eta zuek bitartean zorro horietara begira egon zaitezte, gu berriz etorri arte... (Zurrumurruak)

 

(Handik pixka batera, On Jose eta algoazilak sartu diren lekutik zezentxo bat aterako da, herrenak poltsari begira eta eskuak igurzten dauden bitartean. Mundu guztia garrasika hasiko da. Zezentxoak herren guztiak hankaz gora botako ditu eta egundoko madarikazio eta txilioak entzungo dira eta denek korrika alde egingo dute, kalea makuluz eta gurditxoz beterik geldituz).

 


GUZTIAK.- (Iskanbila erdian oihuka eta orroka) Ai ene! Aiiiiiiii! Alde, alde!
INDALEZIO.- (Plaza hustu denean irteten da). Miraria! Egundoko arinen garbitu duk kalea, alafede!
KASPAXIO.- (Lehertu beharrez) Sekula horrelakorik! Zezena agertu orduko herren guztiak osasunera etorri dituk! Deabrukeria ez bada!
PANKRAZIO.- (Nahiko barre egin ondoren) Hona, ba, mirari zoragarria!


TELOIA


Ipuina: EBARISTO BUSTINTZA «KIRIKIÑO» Egokipena antzerki gisan: ANTTON PEÑALBA

detalle2

Docuteca

B2
21-03-2002

x61pRelaContWAR

16135564

x61pViewCountWAR

9855

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR