Kaskarin baten kontakizunak
Idazle emankor honek bere aitaren (1928-2010) kontakizunak eta pasadizoak bildu ditu hona. Errefuxiatu-esparru batean bizi izandako donostiar baten 27 kontakizun alegia, belaunaldiz belaunaldi transmititu direnak, batzuk gogorrak, besteak umorezkoak….
Horietako batzuk txiste ere bihurtu dira gerora, edo beste ipuin batzuen antza dute, adibidez, Atxuriko mirariarena…
Kontakizunen aurretik aitaren biografia labur bat du liburuak, gerra-kontuak, norekin ezkondu zen… Eta biografia bezalaxe kontakizunak ere egia omen dira, edo egia balira bezala esaten omen zizkion aitak, José Presentación Isasak. Egia da liburuan azaltzen den hainbat jende benetan existitu zela, baina istorioak auskalo. Egia ala egia-erdi, horiek hobeto ulertzeko idazleak oharrak idatzi ditu aparte, eta lexikoa ere erantsi du hainbat hitz azaltzeko.
Egilea: Joseba Aurkenerena
Argitaletxea: Maiatz
Argitalpen-urtea: 2015
Hona pasarte bat:
Eta adiskide onaren aholkuei jarraituz, Inaxio Artola Santa Maria auzuneko bizarginarengana joan zen. Gizon jatorra iruditu zitzaion. Eta egia! Aurpegi zuloko ileak mozteko bazuen teknika berezi bat.
- Tori gizona! Sar ezazu intxaur hau ahoan eta aurpegiko bizarra moztean, masailen azpian eduki!
(9-10. or)