Haurraren izena, gurasoen erabaki garrantzitsua

Jaioko den seme-alabaren izena aukeratzea erabaki garrantzitsua izan ohi da gurasoentzat. Batzuek erraz erabakitzen dute, baina beste batzuek buruhauste ugari izaten dituzte.

Haurraren izena hautatzea ez da erabaki samurra gurasoentzat, izan ere, bizitza guztian zehar pertsona bat identifikatuko duen zerbait da;  horregatik, aukeratu aurretik gogoeta egitea eskatzen du. Ez da, gainera, gurasoek erabat libreki har dezaketen erabakia. Tokian tokiko erakundeek arautzen dituzte jar daitezkeen pertsona-izenak, eta gaur egun araudiak lehen baino malguagoak diren arren, oraindik ere badaude pasa ezin diren muga batzuk.

Gaur egun, gehienetan, gurasoek erabakitzen dute haurraren izena. Argazkia: Unsplash

Adibide gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Erregistro Zibilak gehienez bi izen sinple edo konposatu jartzeko aukera ematen du, ez gehiago. Horrez gain, adituek zenbait gomendio ematen dituzte aukeraketa prozesua errazteko: batetik, ez oso izen arraroak bilatzea; bestetik, abizenak eta haien esanahiak kontuan izatea. Errimak saihestea ere aholkatzen dute.

Nolanahi ere, izena aukeratzeko garaian gurasoen artean denetarik dago: batzuek izen originalak nahi izaten dituzte, gutxi entzuten direnak; besteek laburrak, silaba gutxikoak. Beste batzuek, aldiz, familiako tradizioari eutsi nahi izaten diote, edo justu kontrakoa.

Familia loturari garrantzia eman dion adibidea da, esaterako, Sara Arizmendirena. Haurdunaldiko azken hilabeteetan dago Sara: “Haurraren izenak bi familietan du presentzia eta polita izango zela pentsatu genuen; bioi oroitzapen onak sortzen dizkigun izena da”.

Haurraren izena erabakitzeak buruhauste asko sortzen ditu. Argazkia: Bebesymas moldatua

Itxura batean, azkeneko joera da izen konposatuak alde batera utzi eta izen motzak aukeratzea, eta EAEn, adibidez, euskaran eta euskal kulturan oinarria duten izenak nagusi dira. Euskal izendegiak, badu beste ezaugarri bat  ere, genero markarik gabeko izenena: Abodi, Aiuri, Amaiur, Amets, Haize, Kemen, Lizar….genero markarik gabeko izen gisa katalogatuta daude. Gaur egun, 445 izen topa daitezke zerrenda horietan, gehienak toponimiari lotutakoak.

Izenen bilakaera

Garai batean aukeratzen ziren izenak eta gaur egungoak ez dira berdinak, bilakaera edo joera aldaketa bat izan dela esan daiteke. Duela hamarkada batzuk haurrak Mari Carmen, Begoña, Maria Jesus, Maria Teresa, Jose Antonio, Manuel, edo Jesus aukeratzen baziren, orain, Amets, Araitz, June, Ane, Unai, Lur, Elaia edo Markel dira.
Onomastikako adituen arabera, mendebaldeko Europa guztian berritu dira izenak. Lehen, tradizio kristau-katolikoan jatorria zuten izenak aukeratzen zituzten, batik bat, gurasoek. Hala, XVII. mendean jaiotza egunari santutegian zegokion izena jartzen zioten umeari. XX. mendean, berriz, belarrira atseginak ziren izenak jartzeak hartu zuen indarra: “-ina” atzizkia zutenak, esaterako, asko erabiltzen zen. Espainiako Gerra Zibilarekin, ordea, izen konposatuak nagusitu ziren: Jose Luis edo Mari Carmenen modukoak.

Haurra jaio aurretik erabakitzen da izena.  Argazkia: Unsplash

Izena erabakitzeko prozesua ere aldatu da. Garai batean familia zabalak zeresan handiagoa izaten zuen izena aukeratzeko momentuan. Oso ohikoa zen, esate baterako, aita-ama pontekoaren izena edo aitona-amonarena jartzea seme-alabei. Gaur egun gurasoek bestelako aukerak egiten dituzte.

Peli Beltran de Herediak, adibidez, lau seme-alaba ditu, eta haien izenak hautatzeko kontuan izan dituzten faktore nagusiak hauek dira: “izena euskalduna izatea eta motza izatea nahi genuen. Bi liburu genituen etxean eta liburu horiek begiratu ostean hautatu genituen izen batzuk. Pixkanaka batzuk alde batera utzi eta bakarrarekin gelditu ginen. Bion artean adostu ditugu beti”.

Ohikoenak: Ane eta Julen

Izen aukera oso zabala da, baina hala ere, izen batzuk beste batzuk baino gehiago entzuten dira. EAEko Euskal Estatistika Erakundearen arabera neskak izendatzeko izenik erabilienak ondokoak dira: Ane, June, Laia, Irati, Nahia, Sara eta Nora. Mutiletan izenik ohikoenak, berriz, hauek dira: Julen, Oihan, Jon, Markel, Aimar, Ibai eta Ander. 2019an kutunenak Ane eta Julen izan dira.

Ane eta Julen dira izen ohikoenak Euskal Autonomia Erkidegoan.  Argazkia: Dakota Korbin

Guraso migranteek ere euskarazko izenak hautatzen dituzte. Zerrendako lehenak Sara eta Adam badira ere, Alaia, Nahia, Ander eta Mikel  lehen bost izen erabilienen artean daude.

Batek daki datozen urteetan joerak aldatuko diren edo ez. Modu batera edo bestera gauza bat argi dago: haurraren izena aukeratzea, beti, erabaki garrantzitsua izango dela gurasoentzat.


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Haurrari izena jartzea erraza izan al da?
Peli Beltran de Heredia: Beno, guk lau seme-alaba daukogu (dauzkagu) eta sekula ez dou (dugu) arazorik eduki izena jartzeko. Betik (Beti) adostuta izan da bion artean. Be bai ( ere bai) izan gara kontrakoak izena jartzeko ohituran, ba hori, gurasoen izena jartzekotan eta. Salbuespen bat izan zen laugarrenarekin; jarri gauena Monika (Monika jarri genion), nire amaren izena; baina izen polita delako eta ez da (delako) arrunta. Eta besteak Alaitz, Eñaut eta Manex dira.
Sara Arizmendi: Gure kasuan egia esan bai, oso erraza eta azkarra izan da erabakia hartzea.

Zein izan da hautaketa prozesua?
Peli Beltran de Heredia: Ba jada hamasei urte pasa die (dira), eta ez naiz gogoratzen oso ondo, baina bi liburu gauken (genituen) etxean izenekin eta, eta mahai gainean jarri genituen izenak, eta jakin ostean mutilak edo neskak ziren, ba joan ginen deskartatzen (baztertzen) eta aukeraketa egin.
Sara Arizmendi: Egin genuena izan zen bakoitzak zerrenda bat egitea, gero partekatzea eta hortikan atera genituen hiru izen atera genuen azkena.

Zeri eman diozue garrantzia?
Peli Beltran de Heredia: Izen euskalduna izatea, eta motza be (ere) bai. Ni (Nik) abizen luzea dauket  (daukat), konposatua, eta badakit zer den betetzea inpresoak (inprimakiak) eta.
Sara Arizmendi: Gure kasuan familia loturari. Azkenean haurreraren izenak bi familietan presentzia dauka eta polita izango zela pentsatu genuen.

Zein gomendio emango zenituzke?
Peli Beltran de Heredia: Denboraz ibiltzea eta ondo pentsatzea izena; por que (izan ere) bere seme-alabentzako die (da), eta bizi osorako.
Sara Arizmendi: Esango nien ez erotzea (erotzeko) asko. Hoberena (Onena) da zerrenda bat egitea, bakoitzak zerrenda bat egitea bost izenekin, eta hortik hiru izen ateratzea eta erabakitzea azken izen hori.

Zure izena gustuko duzu?
Peli Beltran de Heredia:
Ni abenduak (abenduaren) 13an jaio nintzen, Santa Luzia egunean. Nire etxekoren bat (batek) pentsatu zuen jartzea Lucio izena; nire aitita (aitonari) oso itsusia pentsatu (iruditu) zitzaion izena, eta eskatu zuen bere izena jartzea, Felix. Niri sekula ez zait gustatu Felix izena, eta liburu batean ikusi nuen Felis s-kin (hizkiarekin). Eta eskatu nuen udaletxeko idazkariari izena aldatzeko, berak kotsultatu zuen Euskaltzaindiarekin eta ez zen onartu, esan zuen Peli dela izena Felix euskaraz. Beraz, Peli geratu nintzen, baina oandiokan (oraindik) jendeak, hogeita hamar urte pasa ostean, jarraitzen da (du) Felix izena deitzen eta kriston (izugarrizko) amorrua ematen da (dit) deitzea Felix x-ekin (hizkiarekin).
Sara Arizmendi: Egia esan bai, beti gustatu zait nire izena. Motza da eta erraza eta asko gustatzen zait, bai. 

B1
13-11-2020
23226708
00:04:09
863