Lehen ere jartzen zieten seme-alabei amaren abizena

Gaur egun jendeak pentsatzen du XXI. mendeko gauza bat dela seme-alabek amaren deitura edukitzea, baina hori euskaldunok izan genuen XIX. mendera arte.

Euskal Telebistako bideo honetan, Kike Amonarrizek Euskaltzaindiko aditu batekin hitz egin du euskal abizenen inguruan: zer jatorri duten, abizen konposatuak zer dela-eta sortu ziren.....


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

KIKE AMONARRIZ. Argi geratu zaigu nukleo garrantzitsuenetako bat izan dela familia. Eta gehienetan etxe batekin edo abizen batekin egon lotuta direla sagak. Euskal deituren inguruan gehiago jakiteko, ordea, Euskaltzaindiaren Onomastika Zerbitzura etorri gara.
Mikel, zurekin argitu nahi genuke euskal deiturak batez ere nondik datozen.
MIKEL GORROTXATEGI. Beno, euskal deitura gehienak ez nuke esango, baina asko eta asko baserri-izenetatik. Bereziki, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparralde osoa, Nafarroako iparraldea eta Arabako iparraldea. Hor deiturak ia beti, ia beti, badaude salbuespen batzuk, ezizen batzuk eta hori, baina ia beti baserri-izenak dira.
KIKE AMONARRIZ. Eta abizenak nola transmititu dira, beti gurasoengandik edo aitarengandik seme-alabengana?
MIKEL GORROTXATEGI. Ez. Sistema hori Trentoko Kontzilioan, XVI. mendean, finkatu zen. Hor eliza katolikoak sortu zituen liburuak eta ordura arte leku batzuetan ohitura hasita zegoen, baina ez zen lege bat, ez ohitura zabala… Orduan ja lege bihurtu zen. Handik aurrera aitak ematen zizkion, edo ematen zien deitura seme-alabei, Euskal Herrian izan ezik, Euskal Herrian…
KIKE AMONARRIZ. Euskal Herrian ez?
MIKEL GORROTXATEGI. Ez.
KIKE AMONARRIZ. Ze beste kasu gertatu dira ba hemen?
MIKEL GORROTXATEGI. Euskal Herrian, bereziki Bizkaian, baina ez bakarrik Bizkaian, leku, euskara… Gainerako lekuetan ere posible zen eta ez zen arraroa, amak ematen zion deitura, ama, etxe-anderea, hau da, etxearen jabea baldin bazen. Ematen zion eta edo ematen ahal zion, ez zen lege, betebeharrezko lege bat, baina bai zen ohitura zabal bat.
KIKE AMONARRIZ. Eta hori hemen bakarrik?
MIKEL GORROTXATEGI. Bai. Ez dago horrelakorik Europa osoan. Hori pixka bat, gaur egun jendeak pentsatzen du XXI. mendeko gauza bat dela seme-alabek amaren deitura edukitzea eta hori euskaldunok izan genuen XIX. mendera arte.
KIKE AMONARRIZ. Eta euskal abizenetan batzuetan ikusten ditugu abizen konposatuak, esate baterako. Horiek nondik datoz?
MIKEL GORROTXATEGI. Beno, horiek dira deitura banaka horien aldaera bat. Posible zen bat izatea Peru Madina edo izatea Peru Martinitz Madinako.
KIKE AMONARRIZ. Martinitz aipatu duzu, eta horrek gero Martínez eman du? Beraz, abizenak erdaratu egin zituzten?
MIKEL GORROTXATEGI. Bai. Erdaratu zituzten modu desberdinetan. Adibidez, tipikoena izan zen Sancho Martinitz Mendiko,Mendiko, antzinako idazkeran XIV. mendean, bihurtu zuten Sancho Martínez de Mendia.
KIKE AMONARRIZ. Hara!
MIKEL GORROTXATEGI. Hau da, erdi-itzuli zuten, erdi-moldatu zuten. Eta orduan jendeak pentsatzen du “Martínez de” horiek guztiak erdarazkoak direla, eta ez, berez, euskal deitura batzuen itzulpenak dira, besterik ez.  
KIKE AMONARRIZ. Eta kasu honetan…?
MIKEL GORROTXATEGI. Eta gero batzuetan gertatu izan zitzaigun hau galtzea, eta familia askok XVIII. mendean, XIX. mendearen hasieran galdu zuten toponimoa pixka bat deserosoa zelako administrazioarentzat, eta bihurtu ziren Martínez, López, Pérez…
KIKE AMONARRIZ. Eta kasu honetan, Mendikok adierazten digu lekua, eta Martinitzek jatorria edo?
MIKEL GORROTXATEGI. Bai, kasu honetan, Martinitz da familiaren nolabaiteko ezizena, Martinen semea esan nahi zuen, baina ez automatikoki, ze garai batean erabiltzen zen nolabaiteko loturarik gabe, eta hau zein herritan bizi zen.
KIKE AMONARRIZ. Eta entzun izan dut abizen batzuk ezizenetatik ere badatozela.
MIKEL GORROTXATEGI. Bai. Badira. Gutxiago dira baina badira, bereziki Otxoa da tipikoena. Otxoa, hau da, animalia, Otxanda ere. Badira Maiora, deitura bat, eta berez, emakume-izena. Maritxelar ere emakume-izena da deitura bihurtu zena. Ze hemen ez zen hain arraroa, emakumeen deiturak, banakakoak badira ere, gordetzea.
KIKE AMONARRIZ. Ba mila-mila esker.
MIKEL GORROTXATEGI. Zuei.
KIKE AMONARRIZ. Mikel, eta hurrena ere zalantzaren bat baldin badugu, badakigu norengana jo. Mila esker.
Mikel Gorrotxategik erakutsi digu euskal abizenen jatorria askotarikoa dela, eta euskaldunok harro egoteko moduko datu bat ere eman digu. Sarreran ezetz esan baldin badugu ere, euskal emakumeek gure historiaren zati batean beren abizenak transmititu izan dizkiete seme-alabei. Baina niri orain beste galdera batzuk sortzen zaizkit. Zergatik askotan jarraitzen ditugu gure gurasoen edo aitona-amonen ofizioak eta afizioak? Odolean daramagu? Talentua heredatu egiten dugu? Nork daki!      

B2
15-01-2018
16139859
00:04:48
3219