Interneteko edukiak doan?

Ikusi duzue Amama filma? Eta entzun Berri Txarrak taldearen azken diskoa? Nola eskuratu dituzue film edo kantu horiek? Internet bidez lortu dituzue? Debalde?

Duela 20 urte, filmak ikusteko zinema aretoetara ala bideo-zinta erostera/alokatzera joaten ginen. Orain, ordea, Interneti esker, guztia aldatu da. Modu errazean eta azkarrean eskura dezakegu edozein eduki, baina kontsumitzen ditugun eduki gehienak debalde lortzen ditugu. Hau da, ez dugu eduki horien ordainetan ezer ematen. Horrek guztiak zaildu egin du sortzaileen egoera, eta formula berriak asmatzen ari dira irtenbidea aurkitzeko.


Hainbat eduki daude sarean, eta batez ere ikus-entzunezkoak dira deskargatuenak: % 38 filmak dira; musika taldeetako kantu solteak % 24; % 18 futbol partidetako saioak, eta % 11 bideo-jolasak, liburuak eta telesailak. Hala eta guztiz ere, egunetik egunera gero eta jende gehiago dago prest Interneteko edukiak eskuratzerakoan ordaintzeko, baina zeren truke?


Gaizka Izagirreren ustez, gaur egun telebista bidez telesailak eta filmak kontsumitzea denbora galtzea da.

Gaizka Izagirre kazetaria da, eta astero-astero Argiako Ikusi Makusi, zer ikusi? blogean hainbat telesailen eta filmen inguruan idazten du. Bere lana egin ahal izateko, film eta telesail mordoa ikusten du, baina nola eskuratzen ditu eduki horiek guztiak? Gaizkaren ustez, doan izan behar dute Interneteko edukiek? Kazetariarengana jo dugu, gehiago jakiteko asmoz.


 “Nire ustez, denok ulertzen dugu guztia doan izatea ezinezkoa dela, baina, ordaintzen baduzu, zerbait berezia eskaini behar du produktu horrek, esaterako, iragarkirik ez izatea edo jatorrizko hizkuntzan ikusteko aukera eskaintzea. Horrela ez bada, ez du inork erosiko, ezta harpidetuko ere”, esan digu Gaizkak.

 

Interneten edukiak jartzeko aukerak abantaila asko ekarri ditu. Esaterako, sortzaileen lana hedatzen lagundu du: “Orain dela urte batzuk, zailena jendearengana heltzea zen. Gaur egun errazagoa da hori. Esaterako, websailen kasuan, proiektua bukatu eta Youtuberen edo Vimeoren bidez argitaratu dezakegu. Hala ere, konpetentzia gogorragoa dago, telesail, pelikula, musika edo disko asko baitaude Interneten eskuragarri, eta lehiakortasun horrek besteengandik bereizi beharra sortzen du”.


Bestalde, Gaizkaren hitzetan, ikus-entzunezko produktuetan kantitateak ez ezik, kalitateak ere gora egin du: “Telesailetan, esaterako, gainerakoetatik bereizteko eduki asko garatzen ari dira, eta horretarako gidoiak eta istorioak izugarri landu eta hobetu dira”. Beraz, Internetek lehia handitzea eta edukiak gero eta hobeak izatea ere ekarri du.


DESKARGATU ETA KITO?
Edukien sortzaileek irabaziren bat izatea beharrezkoa dute sortzen jarraitzeko. Horregatik, formula berriak bilatzen ari dira. Horietako bat Spotify da eta bestea Netflix. Bi webgune horiek, musika entzuteko eta telesail zein filmak ikusteko katalogo digitalak dira, eta hileroko kuota baten truke nahi adina musika, telesail eta pelikula ikusteko aukera eskaintzen dute: “Nik uste ona dela plataforma berri hauek guregana iristea, baina, nire ustez, Internet erabiltzeko ohitura duenak ez ditu edukiak modu honetan kontsumituko. Netflixek sortu duen  hasierako irrika bukatzean, kontsumitzaile-mota zehatz batek bakarrik erabiliko duela iruditzen zait”.


Netflix eta Spotify,Gorkak etabiltzen dituen aplikazioetako bi.

 

 Filmin Netflix baino nahiago duela kontatu digu Gaizkak: “Filmin beste plataforma bat da, film independenteak eskaintzen ditu, eta jatorrizko hizkuntzan ikusteko aukera ematen du. Beraz, plataforma honek duen balio erantsia askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait, eta horrexegatik nago bertara harpidetuta”.

 

Astean hamaika telesail eta film luze ikusten ditu Gaizkak, eta, zinemara joaten saiatzen den arren, gehienak Internetetik jaitsi eta etxeko telebistaren aurrean ikusten ditu: “Zinema aretoetara asko joaten naiz, azken aldian denboraz larri banabil ere, baina astean bi aldiz joaten saiatzen naiz. Gero, egia da, munduko piratarik handienetako bat naizela, asko deskargatzen dut, baina, ikusitakoa gustatzen baldin bazait, DVDa erosi egiten dut”, azaldu digu.


Musikari dagokionez ere Internet erabiltzen du Gaizkak. “Urtebetez Spotifyn harpidetuta egon nintzen eta oso ongi dago. Hainbat zerrenda egiteko aukera ematen du, kantu bat entzun ondoren beste batzuk gomendatzen dizkigu… Egile berriak ezagutzen laguntzen du, eta  oso interesgarria da hori guztia. Spotify bezalako plataformek oso ongi funtzionatzen dute, gehigarri asko eskaintzen dituztelako. Horrekin lortzen dute arrakasta”, esan digu Gaizkak.


Eta zuk, nola lortzen dituzu edukiak Interneten? Harpidetuta zaude horrelako webguneren batera? Guztiek doan izan behar duela pentsatzen al duzu? Eta, sortzaileekin zer?
 

 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

INTERNETEKO EDUKIAK SALEROSI ALA DOAN?
Aber (Ea) , argi dago, mundu guztiak daki, dena doan ez dela eskuratu, hori nabarmena da, baina bestalde ezin dena da erosi, osea (hau da) esan erosteko edo harpidetza igo edo horrelako gauzak pixka bat zabaltzea trukean ezer eman gabe. Hau da, nire ustez ikusleei edo harpidedunei gehigarri bat eskaini behar zaie. Adibidez, bueno orain Netflix iritsi da, orain dela hilabete bat edo Euskal Herrira; beraien kasuan adibidez, eskaini dutena da hilabete bat doan probatzeko eta abar. Spotifyren kasuan adibidez, ia aspalditik daukagu, baina nik uste dut beraien arrakasta izan daitekeela adibidez iragarkirik ez duela. Horrelako gauzak azkenean jendeak baloratzen ditu eta gehigarri txiki horiek egiten dute produktu bat erosteko nahi hori     sortzea. Gainera esaten dutenez Interneten %90en edukien irabaziak iragarkiengatik dira, beraz, adibidez iragarkiak kenduta nik uste dut jende asko eroriko litzatekeela pixka bat horretan. Beraz, salerosi edo ez? Bai baldin bada, behintzat kondiziotan eta jendea pixka bat tontotzat hartu gabe, nik uste dut.

EDUKIAK DOAN BADAUDE, ZERGATIK ORDAINDU?
Ba askotan pasatzen da nik uste dut, aber Interneten dena doan eskuratu dezakegu baina adibidez, bueno, Wikipedian entziklopedia daukagu, daukagu YouTuben bideoak edo daukagu Google orokorrean baina askotan pasatzen da, nahiz eta asko izan, kalitate aldetik nik zalantzak izaten ditut, batez ere, ba kasu edo adibide bat: Googleen sartu eta tutorialak bilatzeko, ez dakit, egin nahi dut ez dakit zer bideo. Seguru azalduko zaizkizula ehunka eta milaka lista, baina kalitatezko zenbat azalduko dira hortik? Orduan, nik uste dut kalitatezko informazioa eta kalitatezko gauzak aurkitzeko nik uste dut beharrezkoa dela, edo interesgarria behintzat, ordaintzea. Nik uste dut doako guztiaren artean filtro hori egitea nahiko nekagarria izaten dela, orduan, arrazoi horiengatik, pixka bat kalitate puntu hori lortzeko interesgarria dela.

ZUK NOLA LORTZEN DITUZU?
Egia esan ni naiz pixka bat bitatik(an) nahasketa, irabiatu antzeko bat egiten dut. Egia da, nik asko deskargatzen dudala, hori aitortu egin behar dut, baina gustuko ditudan produktu guztiak erosi egiten ditut. Hori alde batetik. Bestetik, adibidez, Netflix iritsi da eta orain ari naiz hilabeteko proba egiten, baina bukatzen denean bertan behera utziko dut. Ze bueno, bertako edukiak edo katalogoak ia denak ikusta dauzkat. Orduan ez dago niretzako eginda. Baina egia da, adibidez, Filmin bezalako plataforma, Filmin da Netflixen antzekoa baina bueno dago pixka bat bideratuta pelikula independenteagoak ikusteko, eta horretan adibidez harpidetuta nago, urteko harpidetza bat dago eta oso interesgarria iruditzen zait adibidez, Filmin plataforma. Izaten dira pelikula independenteak, eta gainera jatorrizko hizkuntzan ikusteko aukera eskaintzen du. Beraz, ibiltzen naiz pixka bat hor tartekoan. Deskargatzen ditut gauzak gero erosten ditut, baina gero bestalde gauza interesgarriak ikusten ditudanean, hasieran aipatu ditudan gehigarri horiek ikusten ditudanean, segituan engantxatzen (mendean erortzen) naiz. Orduan, hor ibiltzen naiz, froga desberdinak egiten.

KONTZIENTE GARA EDUKIAK DOAN LORTZEAK ZER ERAGITEN DIEN SORTZAILEEI?
Bai, nik uste dut kontziente mundu guztia dela hortaz, baina askotan egiten duguna da, nik uste dut, beste alde batera begiratu. Mundu guztiak deskargatzen ditu bere gauzak, bere etxean sofan eseri eta bere gauzak ikusten ditu. Eragina izan du sortzailearekiko? Bai, baina nik uste dut baita ere zerbait interesgarria loratu dela guzti honekin. Nik uste dut azkenean mundu guztiak duela ahalmen hori beraien produktua erakusleiho  horietan kokatzeko, bai YouTuben edo bai Vimeon edo ehunka web-orrialdetan eta horrek sortu du nolabait lehiaketa edo konpetentzia bortitz bat beraien artean eta hori (horrek) loratu duena da pixka bat eduki aldetik besteengatik bereiztea. Estatu Batuetatik datozkigun, adibidez, telesailak edo web-serieak, kasu honetan Internetekin lotuta, horri esker izan dira nik uste dut: lehiakortasun horren barruan edukiak lantzeko behar hori sortu du horrelako produktuak zabaltzea. Orduan, nik uste dut kontziente garela, baina nik uste dut alde batetik, ez dugula gehiegi egiten eta, hala ere, interesgarria iruditzen zait ba bueno lehiakortasun horretan sortzen diren produktu horiek ateratzeko nolabait.
 

B2
15-01-2016
  • Zinea Sortzen
16238882
00:04:49
9647