Aldizkari Digitala
Eneko Astigarraga, software libreaz
Eneko Astigarraga (Eibar, 1960). Euskadiko Software Libreen eta Ezaguera Irekiaren Enpresa Elkarteko (ESLE) lehendakaria 2013az geroztik eta Deustuko Unibertsitateko DBS-Deusto Business School-eko irakaslea da. Horrez gain, CodeSyntax Interneten aditua den enpresako gerentea ere bada. Azken 15 urteetan software librearekin lanean jardun duenez gero, berarekin bildu gara software libreaz gehiago jakiteko.
Eneko Astigarraga, ESLEko lehendakaria.
- Eneko, zer da software librea?
Software librea erabili, partekatu eta hobetu daitekeen softwarea da. Nik askotan kutxa batekin konparatu izan dut. Software jabegoduna kutxa itxi bat da eta ezin dugu ireki erosten dugunean. Eta, aldiz, software librea kutxa irekia da; barruan zer dagoen ikus dezakegu. Librean, ikusteaz gain, aldatu, aztertu eta edozein erabilera ematea daukagu. Azken batean, libreak sistema hobeak, lehiakorragoak eta berriagoak dira. Normalean, softwareak jabea badauka, ezin dugu aldaketarik egin, jabeak nahi duenerako soilik erabiliko ahalko dugu eta kito.
- Zer abantaila ditu libreak? Eta zer jabegodunak?
Librea kalitatez gero eta hobea da, jende askoren ekarpenarekin osatzen delako. Prezio aldetik ere normalean merkeagoa da, eta, iraunkortasun aldetik, askoren artean egin denez, etengabe hobetzen doan sistema gaurkotua du. Jabegoa duen softwarean, enpresa sortzaileak porrot egiten badu edo enpresak berak erabakitzen badu ez duela hobetuko, erabiltzaile edo bezero guztiak ezin erabilita geratuko dira. Librean, berriz, garapenetan azkenengo ekarpenen data begiratu, eta, horretaz baliatuz, bizirik dagoen eta aurrera joko duen neur dezakegu.
Bestalde, software librea seguruagoa da. Hainbat eta hainbat enpresak librearen aldeko apustua egin dute, segurtasuna bermatzen dielako.
Jabedunak abantailak ere baditu. Beharbada, aplikazio espezifiko batzuetan oraindik aurreratuago daude. Hala ere, gure ustez, web-zerbitzarietan gehienak librekoak dira, eta CMSetan, web-aplikazioetan eta nabigatzaileetan software libreak gaur egun erabiliagoak dira. Agian, RP enpresan kudeaketarako jabegodun batzuk hobeak izango dira, baina librekoak gero eta gertuago daude. Beraz, orain arte izan duten abantaila gero eta txikiagoa da.
- Libre hitza duelako, debalde dela uste izan dugu. Egia al da doakoa dela?
Ez, ez. Software libreak ez du esan nahi doakoa denik. Libre batzuk doakoak dira, eta beste batzuek hainbat aukera eskaintzen dituzte eta kostu bat dute. Ingeleseko hitzetik dator nahasmena: “free” ingelesez libre eta doakoa da. Baina egon daiteke software jabegoduna itxia dena eta doan. Libreetan normalean, deskargatu eta instala dezakegu, eta behar dugunean zerbitzua emateagatik kobratu egingo digute. ESLEn gauden enpresa gehienok gisa horretan funtzionatzen dugu. Kide batzuek software libreak garatzen ditugu eta horren kontsultatik bideratzen ditugu irabaziak, eta beste batzuek zerbitzua emategatik kobratzen dugu. Hala ere, normalean librearen kostua merkeagoa da jabegodun softwarearena baino.
- ESLEko lehendakaria zara. Zer da ESLE?
ESLE enpresa-elkartea da, software libre eta ezaguera irekiarekin lan egiten dugunon elkartea. 40 enpresa inguruk osatzen dugu. Bertan, software librea eta ezaguera irekian (hardware librea, opendata, open innovation...) open kontzeptuaren inguruan abiatzen diren ekimen eta aktibitateak bultzatu eta horren inguruan sortu diren enpresa berriei laguntzen diegu.
Bestalde, denon onurarako aktibitateak bultzatzen ditugu. Esaterako, administrazio publikoan, hezkuntzan edo beste sektore publiko batzuetan, software librea erabil dezaten lan egiten dugu. Izan ere, gure ustez, administrazio publikoak ordaintzen dituen softwareek edo beste aplikazio batzuek denon diruarekin ordaindu direnez gero, denon eskura egon behar dute. Eta software libreak bermatzen du hori. Software hori denona izatea defendatzen dugu eta denok izatea hori hobetzeko aukera. Ez dezatela erosi Justiziako departamentuak software bat, Hezkuntzakoak beste bat... eta horrela sail bakoitzak berea. Software libre bakarra egokitu daiteke atal bakoitzaren beharretara.
- Software librea enpresentzat soilik al da interesgarri?
Gure ustez, norbanakoarentzat ere oso interesgarria da. Konturatu gabe, gauza askotan software librea erabiltzen ari gara eta hedapen handiagoa balu, gero eta gehiago erabiliko genuke. Etxean egiten dugun erabilerarako, badaude software libre oso onak. Esaterako, Firefox jende askok erabiltzen du eta librea da. Mugikorretako aplikazio asko ere libreak dira.
Beste abantaila bat ere badu libreak: lizentzia. Gehienok lizentzia piratak izango dituzue etxeetan, hau da, lagun batek emandako programa instalatu eta listo. Baina hori legez kanpo dago. Libreekin, sistema operatibo, programa edo aplikazio hori instalatzean, ez dugu lizentziarik ordaindu beharko; legearen barruan jardungo dugu. Gure kanpaina batean esan genuen moduan: “Izan legezkoa, erabili software librea”. Eta puntu hau oso interesgarria da, bai enpresentzat eta bai norbanakoarentzat ere.
Eneko lanean.
- Euskararentzat ere oso onuragarria omen da software librea. Zergatik?
Software libreak moldaketak egiten uzten du eta euskararentzat, hizkuntza gutxitua denez, abantaila oso handia da. Edozein egoeratan interesa badugu, nabigatzaile bat edo web-zerbitzari bat euskaraz egoteko adibidez, librea izatean aukera daukagu euskaraz jartzeko. Aldiz, jabegodun softwarean fabrikatzaileak berak nahi duenean euskaratuko du, edo, bestela, ordaindu egin beharko diegu euskaratu dezaten. Jabegodunetan errentagarritasunean oinarritzen dira, eta, beti bezala, lehenengo ingelesez, txineraz, alemanez... jarriko dute, eta euskaratzeko ordua auskalo noiz iristen zaien.
- Euskal Herriak apustu handia egin du software librearen alde.
Espainiako estatuan, galegoak, katalanak eta euskaldunak gara software librean aktiboenak. Ziurrenik, hizkuntzaren akuilu horregatik bultzatuta. Euskal Herrian badira Librezale bezalako taldeak, softwareak eta ezaguerak euskaratzen aritzen direnak. Jaurlaritzak berak ere laguntzekin enpresei software libreak euskaratzera animatzen die. Hori guztia ezinezkoa litzateke libreak ez balira. Euskararentzat mesede handia da softwareak moldatzeko askatasuna, kasu honetan hizkuntzara moldatzeko.
Kontuan hartu, gaur egun euskaraz egin ditugun aplikazioak beste hizkuntza gutxituen tokietan saltzen ari garela, esaterako Galesen. Beraz, zer hobetu dugun arren, gure posizioa ez da batere txarra.
- Noiztik zabiltza software librearen munduan? Gogoratzen al duzu nola ezagutu zenuen kontzeptu hori?
Orain dela 15 urte, Interneteko aplikazioetan, udal edo enpresa baten webguneko euskarazko atalean beti “eraikitzen/en obras” jartzen zuen eta beti betegabe egoten zen. Datak gaztelaniazko formatuan zeuden; izen-abizenak jartzeko edo formularioa betetzeko, ingelesez edo gaztelaniaz planteatuta zeuden denak... Eta guk euskaraz jarri nahi genuenez, gabezia horretatik software librea bide aproposa zela aurkitu genuen. Hortik abiatuta sortu genuen enpresa eta hor ezagutu nuen software librearen kontzeptua.
- Beti esan izan da software librea “frikiena” dela. Egia al da?
Gehienok erabiltzaileak gara, softwareko erabiltzaileak, baina bene-benetan software horiek garatzen dituztenak informatikoak dira, friki deitzen zaien horiek. Dena den, software librearen erabiltzaileei friki ez nieke deituko nik.
Orain dela gutxi LibreConeko konferentzia izan genuen, Software Librearen gainean egindako negozioak eta aktibitateen konferentzia. Bertan banketxe handiak zeuden: Banco de Bilbao, Banco de Santander esaterako, eta horiei inork ez die deituko friki. Edo auto-enpresak, Ford bezalako enpresak, eta ez dut uste Ford ere frikiz beteta dagoenik. Komunikabideak ere bazeuden, Hola prentsa arroxakoa bezalakoak. Hauek segurtasunagatik ere software librea erabiltzen dute, eta abantaila handia da hori. Frantziako jendarmeriakoen adibidea ere eman zen konferentzian, eta ez dut uste polizia-etxean friki asko egongo direnik, bat edo beste egongo da agian, baina gehienak ez dut uste.
Puntako garatzaileen artean badago friki deitu daitekeen jendea, baina erabiltzaileen artean ez da batere frikirik; puntako enpresena, lehiakor eta berrikuntzaren alde egiten duen jendearena da.
- Asko hobetu omen da software librea. Nik behin Linux sistema probatu nuen eta kostatu egin zitzaidan erabiltzen. Zer esango zenidake?
Aldatzea kostatu egiten zaigula esango nizuke, baina merezi duela eta probatzeko. Txikitatik Microsoft sistema erabiltzera ohitu gaituzte eta beste sistemetara aldatzea kostatu egiten zaigula uste dut. Beste edozein gauzatan bezala; kostatu egiten da aldaketa hori egitea, baina beste edozein alorretan aldatzea ere kostatzen zaigu. Hasiera batetik hasi izan bagina Linuxekin, Ubunturekin edo software librean egindako sistema operatibo batekin ibiltzen, orain beste era batera ikusiko genuke. Hala ere, azken 6 urteetan asko aldatu dira software libreak. Orain besteak bezain erraza da erabiltzen eta nik esango nuke hainbat eta hainbat aplikazio dituela besteenak baino hobeak. Beraz, proba ezazu beste behin ere, eta ea oraingoan alde on gehiago ikusten dizkiozun.
- Non lortu ditzakegu software libreak?
Gaur egun, software librea jartzea ez da hain zaila, denda askotan egin liteke. Egia da, normalean ordenagailua erostean, jabegodun softwarearekin datorrela eta software librea instalatzea gure esku dagoela, baina gero eta jende gehiago ari da librearekin lanean; beraz, nahi izanez gero, ez da hain zaila.
- Zein esango zenuke dela software librearen etorkizuna?
Guk eskuartean erabiltzen ditugun adituen txostenek diote joera goraka doala. Gero eta gehiago erabiliko dugula; 2020. urterako, enpresen % 80k erabiliko dituela software libreko aplikazioak, aplikazioak gero eta gehiago aplikatuko direla enpresetan eta hobeak izango direla. Gorantz doan joera dela diote txostenek eta espero dezagun horrela izatea.
Software librea da softwarea erabili eta partekatu eta hobetu daitekeen softwarea. Nik askotan konparatzen dut gauza baten erosten duzunean, kutxa itxi bat software propietarioa litzateke eta kutxa irekia eta ikusi dezakezuna zer dagoen barruan da software librea. Hor ikusi dezakezu zer dagoen, aldatu dezakezu, aztertu dezakezu edozein gauzetarako erabili dezakezu eta baita ere beste batzuekin partekatu dezakezu eta azken finean hobetu dezakezu. Hau da, ematen dizutena edo hartzen duzuna hobetu eta gauza hobeak, lehiakorragoak, berriagoak egin ditzakezu.
Funtsean bai horretan, ez? Gero guk ikusten diogu beste abantaila batzuk. Irekia egoterakoan jende gehiagok ikusten du eta hobetzen du. Kalitatez ere geroz eta hobeagoa da software librea. Prezio aldetik ere lehiakorragoa delakoan, merkeagoa normalean. Eta beti dauka iraunkortasun aldetik bada softwarea nola askoren artean garatzen den joaten da hobetzen.
Kontuz! Software libreak ez du esan nahi doakoa denik. Badaude software libreak doakoak direnak eta beste batzuk ere prestazio ezberdinekin batzuekin kostea dutenak. Ez da berdina. Konfusioa ingeleseko pixka bat terminotik dator, free software libre eta doakoa da, baina egon daiteke software propietarioa itxia dena, lehen esan dudana, itxia dena eta doanekoa dena.
Software libreak azkenean moldaketa bermatzen du edo uzten du egiten moldaketak. Edozein softwarea librea denez edo software librea moldatu dezakezu hizkuntza desberdinetara. Eta euskararentzat, hori hizkuntza gutxitua denez, bada abantaila handia. Hau da, interesatzen bazaigu ez dakit zeren softwarea, marrazkiena edo idazteko edo dena delakoa, edo nabigatzaile bat, web zerbitzari bat, edo RP bat libre izaterakoan badaukagu hori euskaratzeko eta euskaraz erabiltzeko. Aldiz propietarioa denean ba da egin duenak fabrikatzaileak nahi duenean orduan euskaratuko da edo bestela ordaindu egin behar diogu euskaratzeko.
Badauzkagu gaur egun aplikazio pilo bat euskaraz horri esker, propietarioak balira ziurrenik itxarongo lukete errentabilitate aldetik, lehenengo ingelesez jarriko lukete, txinoz, ingelesez... eta euskarara heltzeko ez dakit noiz ailegatuko zen euskaratzeko ordua.
Igual garatzaile, puntako garatzaileen batzuen artean badago jendea deitu-kalifikatu dezakeguna frikia bezala baina erabiltzaile gehienak eta askok eta askok erabiltzen dugu softwarea konturatu gabe, ez da batere frikiena. Da puntako enpresena eta lehiakor eta berrikuntzaren alde egiten dutenen softwarea da, nire ustez.
Guk eskuartean erabiltzen ditugun adituen txostenak eta aholkularien txostenak esaten dute joera goraka dihoala. Geroz eta gehiago erabiliko dugula, 2020. urterako enpresen %80ak erabiliko duela software libreko aplikazioak, aplikazioak gero eta gehiago inplantatuko direla enpresetan eta baita ere hobeak izango direla. Gure ikusitako joerak edo perspektibak eta irakurtzen ditugun txostenetan esaten dute goraka dihoan tendentzia bat dela. Espero izan dezagun horrela izatea.
