detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Georg Baselitzen "Heroiak" erakusketa Guggenheimen

Margolari alemaniarraren erakusketa gure artean egongo da urriaren 22ra arte.

 

 

 

“Heroia beti izan da antiheroia
irudikatzen baitu”


Baselitz

 

Georg Baselitz 1938. urtean jaio zen Deutschbaselitzen, Saxonian. Lehen ikasketak Ekialdeko Alemanian egin zituen. Txikitan, albumetako argazkiak arkatzez kopiatzeko zaletasun handia zuen, eta horrela bideratu zen artearen mundua ezagutzera. 14 urterekin erretratuak, bodegoiak, erlijio-irudiak... margotu zituen. 1956. urtean Ekialdeko Berlingo Arte Ederren Eskolan sartzea lortu zuen, baina berehala kanporatu zuten “soziopolitikoki heldutasunik ez zeukalako”. Bakarkako lehen erakusketa Mendebaldeko Berlingo Werner & Katz galerian egin zuen, eta arazoak izan zituen, bertan zintzilikatu zuen "Gizona Biluzik" margolanarengatik. Koadroa konfiskatu egin zioten “immorala” zelako.

Baselitzen 60 pintura, marrazki-sailak, egurrezko grabatuak, bozetoak... jarri dituzte Bilbon ikusgai. 1960ko hamarkadan gauzatutako "Heroiak" eta "Tipo Berriak" serieak obra interesgarriak dira. Artelan horiek Alemanian, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo urteetan, bizi izan zen egoera soziopolitikoaren isla dira. Asko eta asko neurri handiko margolanak dira, heroiaren irudi garratzak eta distortsionatuak.

Petra Joos erakusketaren komisarioak dio Georg Baselitzek, antiheroiaren irudia margotzerakoan, porrot egindako gizaki horren ezaugarriak ezagutzera eman nahi izan dituela. Giza irudi horien aurpegietan nazka eta tentsioa nabari dira. Ez dira Nietzschek aztertutako supergizonaren ereduak, bizitzan zehar galtzaile den gizakiaren irudiak baizik. Heroiaren erretratuak dira, baina hutsaren heroiak. Gerlarien antzera jantzita egon arren, gizaki bakartiak dira, hilotzaren sinboloak, lur jota dagoen gizakiaren eta atsekabetuta bizi den herritarraren erretratua.

53 Arranoa - 65 Heroia (Remix), 2007Margolari modernoa, 1965

 

Baselitzen estiloa figuratiboa da, nagusiki. Ez zen gehiegi saiatu abangoardien mugimenduak eta lengoaia berrien bideak lantzen. Margolan abstraktuak gauzatzen ahalegindu izan zen arren, ez zuen arrakastarik izan.

Bera margotzen hasi zen garaian espresionismoak arrakasta handia zuen Alemanian eta, Kiefer eta beste zenbait lankide bezala, joera espresionistaren alorrean bere toki propioa aurkitzen saiatu zen. Florentziara pintura klasikoa ikastera joateko aukera izan zuen, beka bati esker. Egonaldi horretan Errenazimenduko artelanak aztertzen aritu zen. Beretzat, erretratua ondo ezagutzea ezinbestekoa zen, gero gerrako heroien irudi desitxuratuak lantzeko eta zauritutako eta samindutako gizakiaren irudiak margotzeko. Zenbait irudi buruz behera pintatu ohi zituen, eta pintzelen ordez margolanak hatzekin egiten ere saiatu zen. Artelan horien adibideetako bat "Basoa bere buru gainean" izena daraman koadroa da.

Berak zioen haizearen kontra joatea gustatzen zitzaiola; beste lurralde batean jaio balitz artelan politagoak eta irudi zoriontsuagoak egingo zituela, baina berak margolan itsusiak eta espresiboak nahiago zituenez, bide hori jorratzea interesgarriagoa egiten zitzaion.

Georg Baselitzen erakusketa urriaren 22ra arte egongo da ikusgai Guggenheim museoan.

 

 

 

 


detalle2

Docuteca

B2
19-09-2017

x61pRelaContWAR

  • Dorronsoro , Juanjo
16175538

x61pViewCountWAR

3861

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR