Kolonbiako historia-zati bat argazki batean
Irantzu Pastor argazkilari nafarraren argazki bat deskribatuko dute Euskadi Irratiko Baipasa irratsaioan. Ondoren, argazki horren atzean dagoen kontakizuna zein den azalduko du Irantzuk berak, entzulea Kolonbiaraino eramanez.
Irantzu Pastorren argazkiaren nondik-norakoak ezagutzeko, entzun audio-pasarte hau.
Kolonbiako Magdalena ibaian enpresa hidroelektrikoaren aurka borroka egin zuten arrantzaleetako bat.
Argazkia: Eitb
HIZTEGI LAGUNGARRIA Irantzuk ekarririko lehenengo argazkia. Irantzuk ekarri duen lehenengo argazkia. Ekarririko=ekarritako, esaniko=esandako, emaniko=emandako… Eta abar. 50 bat urteko gizonezko beltzaran bat. Gutxi gorabehera 50 urte dituen gizonezko beltzaran bat. Eguzkiak belztutako azala. Eguzkiak ilundutako larruazala. Istorioa esplikatzen ahal dugu. Istorioa esplikatu ahal dugu. Bertan gertatu zena azal dezakegu. Ibai hagitz zabal bat da. Oso ibai zabala da. Beraien aldarrikapena zen hori. Beraien eskaera zen hori. Horren erantzule badira. Horren ardura dutenak, alegia. Kristoren hidroelektrika (enpresa hidroelektrikoa). Kristoren hitza erabiltzen da euskaraz, oso handia esateko. |
Esataria 1. Bueno, jarraitu baino lehen, Irantzuk ekarririko lehenengo argazkia deskribatuko dut. Ea, pasa den astean egin genuen bezala, Irantzu. Nik deskribapena egingo dut eta gero zuk, ikusten baldin baduzu zerbait zuzendu beharra dagoela edo zerbait gehitu behar zaiola nire, nik emaniko azalpenari, ba, zuk esan.
Bueno, argazkiaren erdian, Irantzuk ekarri digun argazkiaren erdian, moztutako zuhaitz baten, enbor baten gainean eserita, gizonezko bat agertzen da. Nik, argazkiari begiratuta, 50 bat urteko gizonezko beltzaran bat dela esango nuke. Ile beltz laburra eta bibote, bibote beltza ditu eta eguzkiak belztutako azala. Praka zuri laburrak ditu jantzita eta kamiseta gris ilun bat gerrian lotuta. Gizonezkoa oinutsik, oinutsik dago eta hankak, ba, landare eta zuhaitz gabeko lurraren gainean jarrita. Atzean plastikozko, plastiko beltzez eginiko eta zuhaitz-adarrez eutsitako bost kanpin-denda ikusten dira. Eta kanpinen aurrean, moztutako hainbat zuhaitzen enborrak. Argazkiaren eskuin aldean erreka zabal bat, erreka zabal baten zati bat ikusten da.
Bueno, esan dizuet. Hau da nik ikusten dudana argazkian. Ez dakit Unai ere nirekin ados dagoen.
Esataria 2. Irantzu, zurea da hitza.
Esataria 1. Hori da.
Esataria 2. Zerbait gehiago gehituko zenioke zuk?
Irantzu Pastor argazkilaria. Ez. Ederki esplikatu duzu, ez? Pixka bat, bueno, istorioa esplikatzen ahal dugu, argazki honen atzean dagoen istorioa. Izan ere, hau, bueno, Endesa taldearen Emgesa enpresaren proiektu edo obra batzuetan egina dago. Kolonbiako Magdalena ibaia ibai hagitz zabal bat da, eta horren bazterrean, ez? Zuk erran duzun bezala, ageri dira moztutako arbola handiak. Izan ere, bueno ba, basoa zen hau eta moztu zuten bertan hidroelektrika bat (enpresa hidroelektriko bat) egiteko. Eta bueno, ba hidrolektrika batek (enpresa hidroelektriko batek) ibaia mozten du, ez?, eta bueno, gizon hau bertako arrantzale bat da. Ja(da) hasiak ziren nabaritzen, ba, arrainak hiltzen ari zirela obra hauengatik. Eta lanik gabe geldituko ziren arrantzaleak ziren. Eta erresistentziaren kanpamentua deitu ziotena eraiki zuten, nolabait saiatzeko obra, hidroelektrika (enpresa hidroelektriko) horren obra gelditzen, ez?
Esataria 2. Um.
Irantzu Pastor. Eta bertan, bueno, beraien aldarrikapena zen hori, nolabait, bertan erresistitzea (eustea) edo. Eta bueno, azken finean, pixka bat aukeratu dut, ba, bere begirada ez?, ba, delako duina, borroka-begirada bat… Atzean ere, formakuntza-lan pila bat egiten zuten arrantzale hauek, ba, ezagutzera emateko beraien egoera eta, ba, gertatzen ari zen hondamendi naturala, ez?
Azken finean, batzuetan klima-aldaketa, ba, imajinatzen dugu, ba bueno, uholdeak, lehorteak etorriko direla, horrela, zerutik edo. Eta batzuetan, bueno, horren erantzule badira horrelako enpresa handiak eta horrelako megaproiektuak, ez? Eta kasu honetan, ba, ba, inguru guzti bat lehortzen ari zen proiektu hau, eta... eta bueno, bertakoak langabe gelditzen eta beraz, ba, ba bueno, hauek ere maletak egin eta, eta desplazatu beharko ziren.
Esataria 2. Eta noiz ateratakoa da argazkia?
Irantzu Pastor. Argazki hau 2012an egina da. Bai. Gero erran beharra dut lortu zutela hidrolektrika (enpresa hidroelektrikoa) egitea. Irudiak ikusi ditut eta ikaragarria da. Kristoren hidroelektrika (enpresa hidroelektrikoa), bueno, ez?: presa handia da. Eta bai, baina hor egon ziren hilabete luzez.