Docutec
Klima-aldaketan sartuta
Nazio Batuek eskatuta, sei urtez ikertzen aritu diren 3.000 ikerlarik ez dute zalantzarik: gizakia da errudun nagusia eta klimaren aldaketak sorturiko kaltea uste duguna baino gertuago dugu.
54. DVDa
AURKEZLEA: Adituen arabera ez dago zalantzarik, gizakia da aldaketa klimatikoaren arduradun nagusia. Tenperaturek gora egingo dute datozen urteetan eta horrek uholdeak, ekaitzak eta beroaldiak jasateko arriskua nabarmen handituko du. Sei urtez aritu da aditu-talde bat lanean eta gaur aurkeztu dituzte ondorioak Parisen.
KAZETARIA: Sei urtez ikerketak egin dituzte eta ia 3.000 ikerlari bilduta egon dira. gaurtik aurrera ez dago zalantzarik: gizakia da aldaketa klimatikoaren arduradun nagusia. Berotegi efektuko isurketa gehiegizkoa izan da, eta orain ondorioak datoz. Mende batean 4 gradu ere igo daiteke tenperatura.
ELKARRIZKETATUA 1: Ez dago atzera-bueltarik, gasen isurketa murriztuko bagenu ere berotu egingo da planeta. Gutxienez XX. mendean adina.
K: Tenperaturaren gorakadak glaziarrak urtzea ekarriko du, eta ondorioz, itsasoaren maila igo egingo da. Honela, Maldivak desagertu daitezke, adibidez. Gainera, muturreko fenomenoak ohikoak izango omen dira, beroaldiak eta euri-jasak, alegia. Aldaketa hauen kaltea uste duguna baino gertuago dugu.
ELKARRIZKATATUA 2: Mediterraneo inguruan dauden lurraldeetan prezipitazioek behera egingo dute, lurralde lehorrak izango dira, eta Iberiar penintsula desertu bilakatzeko prozesuan sartu da dagoeneko.
K: basamortutze hau soilik 30 urteren buruan bizkortu daiteke.
Hemen bilduta egon diren adituek esaten dute inoiz baino datu gehiago ezagutzen direla orain egoera klimatikoaz, baina azpimarratzen dute zientzialariak direla, eta ez dela beraien ardura neurriak hartzea, politikariena baizik.
A: Eta Euskal Herrian, zer? Ba hemen ere baikor izateko datu gutxi. C02 isuria Kyotokok ezarritakoa baino 9 puntu handiagoa izan zen iaz Hegoaldean. Energiak eta Garraio-sektoreak kutsatzen dute gehien. Administrazioa lanean ari da Kyotok ezarritako helburuak betetzeko ahaleginean, baina oraingoz ez du lortu.
ESATARIA: C02-aren isurketak %50 gehitu dira Hego Euskal Herrian azkeneko 15 urteetan. Datua txarra da, baina alde ona ere badu, azken urteotan gutxitzen hasi da kopurua. Aldaketa klimatikoa eragiten duten faktoreetan kaltegarriena C02 isurketa da. Iaz Euskal Autonomia Erkidegoan Kyotoko hitzarmenak ezartzen duena baino 9 puntu gehiago isuri ziren. Jaurlaritzako Ingurumen sailari energia sektoreak sortzen dio kezka bereziki, zentral termikoek, Pasaiakoak eta Santurtzikoak, esate baterako, eta ziklo konbinatukoek egindako isuriak lau bider handitu dira 1980etik. Ibaiak eta kutsatutako lurrak berreskuratzeko lanean ari dira Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Eta hobekuntza hori iazko kutsadura-datuetan nabari da. Jaurlaritzak espero du hemendik hiru urtera Kyotok ezarritakotik gertu egotea. Nafarroan airera isurtzen den CO2 kopuruak gora egingo du datozen urteetan. Nafarroako Gobernuaren energia-plana betetzen bada, Castejongo zentral termikoa handitu egingo dute, eta horrek CO2 isurkia bikoiztea ekarriko du.
A: Paristik etortzen ziren zikoinak garai batean, baina gaur egun ez dira inondik ere etortzen gure artean baititugu urte osoan. Aldaketa klimatikoaren beste adibide bat. Duela 30 urte sumatu zen lehen aldikoz bikote batzuk ez zirela negu gorritik ihesi Afrikara joaten. Neguak geroz eta epelagoak dira, eta ez zaie jatekoa falta. Gizakiok zabortegiak jarri dizkiegu gainera esku-eskura.
