Docutec
Isildu ez zirenak: Joxepa Antoni Aranberri ''Xenpelar'' eta Martzelina Lopetegi
Historiako emakume bertsolarien berri eman nahi du ETB1eko "Hitzetik Hortzera" saioak. Urteetan itzalean egon diren hainbat emakumeren ahotsak bildu dituzte, bakoitza bizi izan zen garaiari ere erreparatuz.
Joxepa Antoni Aranberri ''Xenpelar'' eta Martzelina Lopetegi dira atal honetako protagonistak. Aurkezlea: Eider Perez.
Jatorrizko bideoa helbide honetan duzu ikusgai.
Eider Perez.- Errenteriarra zen Joxepa Antoni Aranberri Petriarena, “Xenpelar”. Joan den hilabetean eskaini genion programan azaldu bezala,
Bertsolari kaletarra eta fabrikako langilea izan zen. Hamabi urterekin hasi zen lanean eta bertan jardun zuen ikusmena galdu zuen arte. Ez zen familiako bertsolari bakarra izan. Bere ama Maria Luisa Petriarenak ere bazuen gaitasuna, baita bere osaba Juan Frantziskok ere, Xenpelar bertsolari ezagunak.
Artean umea zela, galdu zituen baztangaren ondorioz bai osaba, bai ama, baita ahizpa jaioberria ere.
Erantzun zorrotzeko eta izaera ausarteko emakume ezkongabea izan zen Joxepa Antoni. Denetariko gaiak landu zituen bere bertsoetan, baina seguruenik ezagunenak neska zaharren alde idatzitako bertsoak izan ziren. Enrike Elizetxeak Ibaizabal aldizkarian neska zaharrei buruzko bertso-sorta bat argitaratu zuen, aldizkariak berak antolatzen zuen lehiaketa batean.
Neskazarrak
Doinua: Azienda bat dago
Ahotsa: Eñaut Agirre
Biolina: Gari Otamendi
Eskusoinua:
Enrike Elizetxea
|
Empleatzen ez bada gazte dala neska pasa bearko ditu makiña bat kezka burutik zoraturik senar-gairik ez ta orra azkenerako neskazarren festa!
Neskazarretan badirade bai ondo bizi diradenak, baña oso gaizki oraiñ artean bizitzen dira gueienak, jende guztia ikaratzen du neskazarraren izenak, erne mutillak! ez bada ezkondu naiz izan zerbait dutenak. |
Enpleatzen ez bada gazte dela neska pasa beharko ditu makina bat kezka burutik zoraturik senargairik ez eta horra azkenerako neskazaharren festa!
Neskazaharretan badira bai ondo bizi direnak, baina oso gaizki orain artean bizitzen dira gehienak, jende guztia ikaratzen du neskazaharraren izenak, erne mutilak! ez bada ezkondu nahiz izan zerbait dutenak. |
Eider Perez.- Joxepari eta bere lagunei ez zitzaizkien bertso haiek batere gustatu eta erantzun egin zioten Enrike Elizetxeari.
Neskazarrari
Joxepa Antoni Aranberri
“Xenpelar”
Maddalen Arzallus:
|
Ez nuben bada pensamenturic zuri bersuak jartzeco bañan lagunac esan dirate isillic es egoteco motiborican ez degu eman zu orrela mintzatzeco es diran gauzac esanditusu diña da minberatzeco.
Ibaizabalen zari chiquibat irabaztea gatican gogora etorri sainsun guztiya esandesu gugatican nic esan bear banu munduban saude gaur gure gatican zu sendatzeco sendagarriric etzan iñungo botican.
Zenbait alditan zu sendatzeco egin ditugu erresuac pena aundiya ematentzigun emazte eta gurasuac zeñek pentsatu zuk gure contra orrela jartzia bersuac? ez guera bada zuc ustedezun besiñ enbidiosuac.
Edadechoco nere lagunac nai nituben anparatu oriyei gusto emateagatic dizut ordañac vueltatu naibaditusu Ibaizabalen oyekere copiatu eta sariric ematen badu gutas ere acordatu. (hiru aldiz) |
Ez nuen bada pensamendurik zuri bersoak jartzeko baina lagunek esan didate isillik ez egoteko motibori(an) ez dugu eman zu horrela mintzatzeko ez diren gauzak esan dituzu dina da minberatzeko.
Ibaizabalen sari txiki bat irabazteagatik(an) gogora etorri zaizun guztia esan duzu gugatik(an) nik esan behar banu munduan zaude gaur guregatik(an) zu sendatzeko sendagarririk ez zen inongo botikan.
Zenbait alditan zu sendatzeko egin ditugu erreguak pena handia ematen zigun emazte eta gurasoak zeinek pentsatu zuk gure kontra horrela jartzia bertsoak? ez gara bada zuk uste duzun bezain enbidiosoak.
Edadetxoko nire lagunak nahi nituen anparatu horiei gustu emateagatik dizut ordainak bueltatu naiba dituzu Ibaizabalen horiek ere kopiatu eta saririk ematen badu gutaz ere akordatu. (hiru aldiz) |
Eider Perez.- Enrike Elizetxeak, erantzun hau jasota, bertso berriak argitaratu zituen Ibaizabal aldizkarian. Oraingoan, umilago eta barkamena eskatuz. Baina aldizkariko kajistak, inprentara bidali aurretik, testuak kokatzeaz arduratzen den langileak, iruzkin pertsonalak gehitu zizkien Elizetxearen bertsoei, neskazaharren kontra eginez berriro ere. Honi ere erantzun zion Joxepa Antonia Aranberrik.
Kajista bateri
Joxepa Antonia Aranberri, Xenpelar
Ahotsa: Oihana Iguaran
Biolina: Gari Otamendi
Eskusoinua: Joxan Goikoetxea
|
Neskazarraren adiskiden bat Bilbo aldean badegu kajista dela Ibaizabalen berak garbiro esan du, nai dizut bada errespuesta gaur zuri ere bialdu zuk Enrikeri esan diozu "Ez du jauna ezer galdu".
Sentizen det gaur ez daukatela ezagutzeko honorea kajista ori degun ezkero orrelako adiskidea, eztaduzkagu ukatutzeko urteak eta humorea, bañan bai zenbait andrek guizona eta guizonak andrea.
Emen ez degu balsamorikan neskazarrak gaztetzeko bañan bai enplastera ederrak osasuna ekartzeko, Bilboaldean baldin badago kajachoren bat saltzeko erosi ezazu ta ondo gorde zeori balsamatzeko. (hiru aldiz) |
Neskazarraren adiskiden bat Bilbo aldean badugu kajista dela Ibaizabalen berak garbiro esan du, nahi dizut bada errespuesta gaur zuri ere bialdu zuk Enrikeri esan diozu "Ez du jauna ezer galdu".
Sentizen dut gaur ez daukadala ezagutzeko honorea kajista hori dugunez gero horrelako adiskidea, ez dauzkagu ukatzeko urteak eta umorea, baina bai zenbait andrek gizona eta gizonak andrea.
Hemen ez dugu balsamorik(an) neskazaharrak gaztetzeko baina bai enplastera ederrak osasuna ekartzeko, Bilboaldean baldin badago kajatxoren bat saltzeko erosi ezazu eta ondo gorde zeori balsamatzeko. (hiru aldiz) |
Iturria: Zavala, Antonio. Xenpelar eta bere ingurua. Oiartzun: Sendoa, 1993. http://ttiki.com/52324
Eider Perez.- Bestelako gaiek ere kezkatzen zuten Joxepa Antoni Aranberri, horien artean erlijioa, zaletasun karlista, edota gai sozialak ere. Lehenengo Mundu Gerrari buruz idatzi zituen bertso hauek, ohi bezala, Alemaniaren alde eginez.
Alemaniari
Joxe Antoni Aranberri
Xenpelar
Ahotsa: Oihana Iguaran
Biolina: Gari Otamendi
Eskusoinua: Joxan Goikoetxea
|
Alemaniko gizonak abill, oraindik danak ez baitira ill; bonbero onak baditu berdin; su artzen badu itzaliko du oraindik Berlin.
Enemigua eskui ta ezker, danon erdiyan or dabill Kaiser; ikusiko da gauza ori laister: zein gelditzen den bat nagusi ta bestia maizter. |
Alemaniako gizonak abil, oraindik denak ez baitira ihl; bonbero onak baditu berdin; su hartzen badu itzaliko du oraindik Berlin.
Enemigoa eskuin eta ezker, denon erdian hor dabill Kaiser; ikusiko da gauza hori laster: zein gelditzen den bat nagusi eta bestea maizter. |
Eider Perez.- Oiartzungo Galtzarreta baserrian jaio zen Martzelina Lopetegi. Bertsolari bizia eta ausarta izan zen, Antonio Zavalak bere bilketetan jaso zuenez. Erromerietan eta bileretan bertsolariak izaten zirenean, Martzelina haiengana hurreratu eta sarritan beraiekin bertsotan lotzen omen zen. Batzuetan, entzuten zegoen lekutik, eta beste batzuetan, bertsolariengana hurbilduta. Martzelinaren lau ahizpek eta lagunek ez omen zuten gustuko hau, eta errietan egiten omen zioten eta beregandik alde egin, baina hura ez zen gelditzen.
Martzelinaren erantzun bizkorrari esker, bere zenbait bertso iritsi dira guganaino. Plazida Otañok bezala, Martzelina Lopetegik ere kantatu zuen Txirritarekin. Txirrita bera tentatzen hasi omen zen maitasun-kontutan hasteko eta oiartzuarrak honela erantzun zion.
Txirrita eta Martzelina Lopetegi
Ahotsak: Eñaut Agirre eta Maddalen Arzallus
Eñaut Agirre (Txirrita)
|
Aditu bihaituzu nere abisuak hoyek izango dira gauza prezisuak jakiñaren gañian jarri gurasuak bestela ez du baliyo gure desiuak. |
Aditu behar dituzu nire abisoak horiek izango dira gauza prezisoak jakinaren gainean jarri gurasoak bestela ez du balio gure desioak. |
Maddalen Arzallus (Martzelina Lopetegi)
|
Aita eta amarekiñ Izaten naiz ondo edo behintzat eskusarikan batere ez dago; jakiñaren gañian dirade lenago libertadia hartua aspaldiyan nago. (bi aldiz) |
Aita eta amarekin Izaten naiz ondo edo behintzat eskusarik(an) batere ez dago; jakinaren gainean dira lehenago libertadea hartua aspaldian nago. (bi aldiz) |
Eider Perez.- Txirrita ez zen izan Martzelina xaxatu zuen bakarra harekin ezkontzeko. Amerikano aberatsen bat ere gerturatu omen zitzaion eta honi ere kalabazak eman zizkion jarraian entzungo ditugun bertsoetan.
Eta gauzak zer diren, 1907an ezkondu egin zen azkenean eta geroztik, ez dugu bere bertsorik ezagutzen.
Martzelina Lopetegi eta Amerikanoa
Eñaut Agirre (Amerikanoa)
|
Zure ait'eta amak eta nik itzez tratatu genduan: al baldin bazan esposatzeko biyok aurtengo neguan; oraintxen laixter esan beauzu zer dadukazun goguan; bazenakizu ni zuretzako zer gauza ona naguan! |
Zure aita eta amak eta nik hitzez tratatu genuen: ahal baldin bazen esposatzeko biok aurtengo neguan; oraintxe laster esan behar duzu zer daukazun gogoan; bazenakizu ni zuretzako zer gauza ona nagoen! |
Maddalen Arzallus (Martzelina Lopetegi)
|
Zu gauza ona baldin bazaude munduan ez da txarrikan, badirurizu gaur bertan irten zerala infernutikan; naiagatikan ez dezu entzungo nigatik baiezkorikan, etzait gustatzen zu bezelako mutilzar itxusirikan. badirurizu gaur bertan irten zerala infernutikan; naiagatikan ez dezu entzungo nigatik baiezkorikan, etzait gustatzen zu bezelako mutilzar itxusirikan |
Zu gauza ona baldin bazaude munduan ez da txarrik(an), badirudizu gaur bertan irten zarela infernutik(an); nahiagatikan ez duzu entzungo nigatik baiezkorik(an), ez zait gustatzen zu bezalako mutilzahar itsusirik(an). badirudizu gaur bertan irten zarela infernutik(an); nahiagatikan ez duzu entzungo nigatik baiezkorik(an), ez zait gustatzen zu bezalako mutilzahar itsusirik(an) |
Eñaut Agirre (Amerikanoa)
|
Ez al diozu begiratutzen nere poltsa diruari? Ortatik sobra dabilkigunak gauza daukagu ugari. Ez al dituzu ikusi izandu errian zenbat dendari jatekorikan eman nai ezik dirurik eztuenari? |
Ez al diozu begiratzen nire poltsa-diruari? Hortatik sobra dabilkigunak gauza daukagu ugari. Ez al dituzu ikusi izan(du) herrian zenbat dendari jatekorik(an) eman nahi ezik dirurik ez duenari? |
Maddalen Arzallus (Martzelina Lopetegi)
|
Orrelakorik eztet aditu jaiotzetik oraindaño, nere negarra zabalduko da Amerikatik auntzaño, zuk izan arren urre ta zillar zedorri estaltzeraño, nik naiago det neskazar bizi zurekin ezkondu baño. (bi aldiz) |
Horrelakorik ez dut aditu jaiotzetik oraindaino, nire negarra zabalduko da Amerikatik harantzaino, zuk izan arren urre ta zilar zeorri estaltzeraino, nik naiago dut neskazahar bizi zurekin ezkondu baino. (bi aldiz) |
Bertsoen hitzak https://bdb.bertsozale.eus helbidean dituzue eskura.
