detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Fez eta Meknes, Marokoko hiriburu inperialak

Marokon daude Fez eta Meknes, iparraldean, eta oso gertu bata bestearengandik: 60 kilometro ingurura. Ezaugarri berdintsu asko dituzte: ez garai berean, baina biak izan dira Marokoko monarkiaren hiriburu, eta biek dituzte monumentu interesgarriak. Horretan badute antza, baina nortasuna bakoitzak berea du, desberdina. Turista askok Fez besterik ez dute ikusten, ospetsuena, Meknes baztertuta, zoritxarrez.

UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen Fez. Hiria 800. urtean sortu zen, eta hainbat garaitan Marrakech hiriarekin batera Marokoko hiriburu izan da, txandaka. Historian lehian aritu diren bi hirien arteko liskarrak saihesteko, XX. gizaldian, hiriburua Rabat izateko erabakia hartu zen, nahiz eta ordura arte askoz garrantzi txikiagokoa izan.

Marokoko medinak (antzinako hiriak) bihurriak dira guztiak, kale estuekin, aldapatsuak eta sigi-sagatsuak, benetako labirinto bat. Hara doazen bisitari guztiak galdu egiten dira seguru, baina hori da politena: medinan hara eta hona ibiltzea, norabide jakinik gabe, jendearen joan-etorriak eta mendeetan aldatu ez den eguneroko bizimodua ikusiz; izan ere, gauza asko apenas aldatu baitira. Bada, Fez da Marokoko medinen artean korapilatsuena.

 Eguneroko bizimodua medinan

Eguneroko bizimodua Fezeko medinan   

Fezek hainbat garaitako monumentu asko ditu ikusgarriak. Bou Inaniako madrasak (eskola erlijiosoa) aipamen berezia merezi du. XIV. mendekoa da, eta duen ezaugarririk nabarmenena landutako egurra da, artegintza arabiarraren edertasun guztia erakusten duena.

Larru-ontzaileen auzoari esker ere bada ezaguna Fez. Han tindatzen dute larrua, gero arropa edo babutxa ezagunak (zapatilak) egiteko erabiltzen dutena. Ikusteko oso erakargarria da, eta argazkilariak txoratu egiten dira hango koloreen ñabardurak jaso nahirik, baina usaina nazkagarria da, oso jasangaitza. Nahasketa bat da: larruari barrutik gelditzen zaion haragi ustelduarenari gehitu egiten zaizkio ondu arteko larruaren usain higuingarria eta erabiltzen dituzten tindagaiena. Sinestezina da langileak egoera horretan gaixotu gabe lan egitea.

 

 Larru-ontzaileen auzoa medinan

Marokoren hiri turistikoen alderdirik txarrenetako bat zera da, hainbat jende gogaikarrik ez duela bisitaria ezertarako bakean uzten: edo kaleko saltzaileak direla, edo bere burua gidari turistikotzat daukatenak, edo dena delakoak, kontua da alderdi horretatik Fezekoa dela medinarik txarrena. Hori ez da gertatzen Marokoko barnealdera joanda, herri txikiagoetara edo Atlas mendikatera; bertan jendea adeitsuagoa da turistarekin.

Kaleko saltzaile bat

 Meknes hiriak, nahiz eta ez izan hain ospetsua, baditu leku interesgarriak, eta ez dira Fezen bezain gogaikarriak turistarekin.

Jakina, Meknesek ere badu bere labirinto-itxurako medina bat, eta monumentu historikoak ere bai. Adibidez, Hiri Inperiala, Babl El-Mansour ate handi eta dotorea pasatuta. Alderdi berriago bat ere badu, monumentu gisara balio gutxikoa, baina gizasemeak kafetegietako terrazetan denbora-pasa ikusteko leku aproposa dena. Terrazetan oso emakume gutxi ikusten dira.

Azkenean El-Hedim izaten da bisitariei gehien gustatzen zaien lekua; plaza handi bat da eta han biltzen dira bertakoak ilunabarrean, azokan erostera, jatetxe ugarietakoren batean mokaduren bat jatera, ipuin-kontalariei entzutera edo kaleko artisten emankizunak ikustera. Marrakecheko Djema el-Fna ospetsuaren antzeko giroa du, baina ez da hain itogarria eta ez dabil horrenbeste turista.
 

Bab Bou-Jeloud: Fezeko medinaren ate nagusia

Marokoko bi toki garrantzizkoenetakoak ere gertu daude: Volubilis eta Mulay Idriss. Volubilis erromatarren hondakin batzuk dira, II. mendekoak. Garai hartan, Erromatar Inperioa Afrikako iparraldetik hedatu zen, eta Volubilis hiri garrantzitsua izatera heldu zen. Hainbat monumenturen aztarnak gelditzen dira oraindik, Garaipenaren Arku ederra, esaterako. Gainera, parajea ere oso polita da, lautada batean dagoelako Volubilis, atzean Rif-eko mendiak dituelarik.

Marokoko musulmanentzat, Mulay Idriss hiri sakratua da erromes-gunerik nagusiena. Zergatik? Mulay Idrissen mausoleoa bertan dagoelako. Mulay Idriss izan zen Marokoko aurreneko dinastia inperiala sortu zuena, Mahomaren birbiloba. Orain dela 70 urte arte bakarrik musulmanak sartu zitezkeen hirian. Orain sar daiteke, baina ezin dira bisitatu ez mausoleoa ez meskitak, eta gaua ere ezin da bertan pasatu. Hemen modu berezian sentitzen da –oso azkar modernizatzen ari den arren– Maroko oso herrialde musulmana dela oraindik.  

 


detalle2

Document library

B1
03-18-2013

x61pRelaContWAR

  • Torquemada, Jesús
16288029

x61pViewCountWAR

6977

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR