Ceuta, Gibraltarreko itsasartearen zaindaria
Ceuta (Sebta arabieraz) oso hiri berezia da. Europarra teorian, Espainiakoa izateagatik Europar Batasunean dagoelako, baina Afrikako atea da, eta ate horretatik barrena Afrikako haizea sartzen da.
Giroari begiratuta, bereber bezain andaluziarra da. Gizonezkoen txilabak eta emakumeen buruko-zapiak ugari dira Ceutan, baina, bistan denez, ez dira Fnideq-en (Castillejosen), muga pasata Marokoko lehen herrialdean bezain ugariak.
Afrikako kutsua nabarmena da
Ceutak 85.000 biztanle ditu, herenak marokoarrak jatorriz. Espainiar hiritarrak dira; espainieraz hitz egiten dute, baina mugaz bestaldeko sendikoen oso antzekoak dira.
Eta penintsulan ez bezala, gutxiengo judutarra edo indiarra ere dezente nabari da Ceutan. Indiarrak merkatariak dira, Kanariar Uharteetan bezalatsu. Eta juduak 1492an Errege-erregina Katolikoek kanporatutako hebrear haien ondorengoak dira.
Kultur nahasketa edonon ikusten da.
Honek guztiak kultura-uztartze interesgarria sortu du. Baina dena ez da dirudien bezain ederra. Principe izeneko auzo baztertuan gizartea tentsioan bizi da, jihadisten eta droga-trafikatzaileen babesleku bihurtua –telesail batek ere auzoaren izen bera du–. Marokoren mugan dagoen auzo horren ospe txarra puztu egin bada ere, egia da bertakoentzat gogorra dela hango bizimodua.
El Principe auzoa ospetsua bihurtzen ari da aspaldi honetan.
Gainera, zoritxarrez hain famatuak egin diren hesiak, Ceuta eta Maroko banantzen dituztenak, hantxe daude, gainetik jauzi egin nahi duten etorkinei gertatzen zaizkien izugarrikerien lekuko. Bi dira hesiok: hegoaldekoa, muga igarotzeko Tarajal pasabidearen albokoa, eta iparraldekoa bestea, Benzú pasabidearen ondokoa. Bi hesiek itsasoan aurrera egiten dute, hainbat metro, muga igerian igaro nahi dutenei gauzak zailtzeko, baina bizimaila hobea nahi dutenek ez dira horregatik erabat etsitzen. Mugaz bi aldeetako bizimaila hain ezberdina izanik, asko saiatzen dira hesien gainetik jauzi egiten. Berdi-berdin gertatzen da Melillan.
Benzúko mugako hesia, beste aldean Jebel Musa edo Emakume Lotiaren Mendia, bere forma dela eta.
Tarajal pasabidean gainera, emakume zamariak daude, zahartuak asko, bizkar-gainean euren fardel astunekin muga pasa nahirik. Egunean zehar hainbat aldiz igarotzen dute muga, alde batera zein bestera, mandoak bezala karga-karga eginda. Lauzpabost euro irabazten dute pasaldi bakoitzeko. Kontrabandistek ordaintzen diete emakume hauei. Izan ere, gai asko mugan ordaindu egin behar izaten da furgonetan edo kamioian pasatuz gero, baina gai horiek berberak hainbat emakumeren artean banatu eta haienak direla esaten badute, mugan ordaindu gabe pasa ditzakete. Tranpa horri esker, muga inguruko andre marokoar askok, eta zenbait gizonek, euren bizimodua ateratzen dute, asko saiatuta.
Mugatik lau kilometro eskasera, Revellín Pasealekua, Ceuta erdian, laranjondoz inguraturik dago, eta laranja-lore usaina dago. Dendetan normal-normal nahasten dira ilea estalita daramaten neskak eta lasaixeago jantzita doazenak.
Janzkerak ere nahastu egiten dira.
Ez dago Ceutan hondartza onik. Bai, ordea, César Manrique kanariar arkitektoak diseinatutako igerilekuak dituen parke handi bat. Hara doaz aisialdian ceutarrak, baina Hacho mendia igotzeko aukera ere badute. Hortik Gibraltarreko eta Andaluziako itsasertzeko ikusmira zoragarria da.
Ceuta hiriak militar-ukitu handia du; ez da alferrik Legioaren egoitza. Han daude oraindik beste toki askotatik desagertutako monumentuak. Adibidez, horietako batek Francisco Francoren boten arrastoak ditu; izan ere, Ceutatik igaro zen bera Espainiako Errepublikaren kontrako altxamendu militarra gidatu behar zuenean.
Frankoren boten arrastoak oraindik ere erakusgai.
Gibraltar Itsasartean kokapen estrategikoa du Ceutak. Horrexegatik bizi da jendea bertan azken 2.600 urteetatik hona. Herkulesen Zutabeetako bat Ceutan kokatzen zuen Greziako mitologiak. Feniziarrek beren lehen egonlekua ere bertan ezarri zuten, gerora greziarren eskura pasatutakoa, eta ondoren kartagotar, erromatar, bandalo, bizantiar eta bisigodoena izandakoa. 709an arabiarrek konkistatu zuten Ceuta, eta tranpolin gisara erabili zuten Iberiar Penintsula 711 urtean inbaditzeko.
1415ean portugaldarrek kendu zieten Ceuta arabiarrei. 1580an Espainiaren eskura igaro zen. XVIII. mendean Marokoko sultanen lau erasoaldiri egin zien aurre, eta britainiarren konkista-saiakera bati. Beraz, Ceutaren gaineko espainiar subiranotasuna 430 urtetik gorakoa da, baina Marokok Ceuta eta Melilla beretzat eskatzen ditu, hiri konkistatuak direla esanez.
Azken batean, ukaezina den ondorioa hauxe da, Ceuta ez dela ez Afrika ez Europa. Hasieran esandakoa: oso hiri berezia da.