Georgia, Kaukasoko bihotza

Georgiak, Kaukasoko herrialdeetako bat da, eta baditu hainbat gauza gustagarri guretzat: inguru latz batean gordetako aspaldiko kultura; paraje menditsu ikusgarriak; zenbait monumentu deigarri; eta, hau ere aipatzekoa da, ardo ederra, zuria batez ere.

Jarri arreta hizkuntzan:
Testu antolatzaileak
Ohiko egiturak eta kokapenak

 

Gurean baino barietate gutxiago dago jan-kontuetan, baina jaki mundial bat asmatu dute: khachapuria; gazta-ogia esan nahi du. Pizza moduko bat da, oso lodia eta gaztaz bete-betea barrutik. Eta gainean arrautza, edo norberak nahi duena jar daiteke. Horrelako bat janda ase zara hurrengo egunera arte.

Mahats-bilketaren festa, irailean. Emakumeek loreak jartzen dituzte buruan.

Kaukaso-partea lekurik onena da mendizaleentzat. Pirinioen antza du apur bat, baina mendiak askoz ere handiagoak dira. Kazbek  mendiak (5.047 m.) oso itxura ederreko paisaia osatzen du: mendi-tontor elurtu handia atzean, eta aurrean, amildegi-ertzean, eliza ortodoxo polit bat. Eibrus mendia, berriz, handiagoa da (5.642 m), baina ez dago Georgian, Errusian baizik, mugatik gertu samar.

Elizaren atzeko Kazbek mendiak 5.000 metro pasatxo ditu.

Monasterio ortodoxo ugari dago Georgia osoko paraje bakartietan. Bertako eliza guztiek dituzte fresko apartak. Eta margo guzti hauetan Pantocrator-en irudia nagusitzen da, urrezko borobilean sartuta dagoen Jesukristo, eskuin eskuarekin bedeinkazioa emanez, eta ezkerrarekin Eskritura Santuei eutsiz.

Ananuri paraje ederra, Kaukasoko mendi garaien magalean.

Monasterio batzuek kobazuloak ere badituzte, haitzean zulatuak, monjeen bizileku bakartiak. Monasterio aipagarrienetako bat Davit Gareja da, kobazuloz josia. Kobazulo hauetan erlijio ortodoxoko gertaera tipikoak dituzten horma-irudiak daude.
Georgiarrak kristau ortodoxoak dira, errusiarrak, greziarrak eta serbiarrak bezalaxe. San Jurgi gurtzen dute batez ere; hortik dator herrialdearen izena bera ere. Egia esan, Georgia guztian daude San Jurgi irudikatzen duten eskulturak eta margoak, bere lantzarekin dragoia menperatzen.

Tbilisi erdi-guneko estatua hau bezalako asko dago Georgian. San Jurgi da, Georgiako patroia.

Jende asko joaten da elizara, baina han ere, hemen bezala, erlijioa batez ere adinekoen kontua da, eta indarra galtzen ari da gazteen artean. Dena dela, han gazte-jende gehiago doa elizara hemen baino. Eta antzeko zerbait gertatzen da inguruko herrialdeetan, nahiz bakoitzak bere erlijioa izan. Adibidez, kristau armeniarrek beren erritoak dituzte, eta beren patriarka dute. Azerbaijangoak, aldiz, musulman xiitak dira, Irangoen antzera. Turkiakoak ere musulmanak dira, baina suniak, Islamdar gehienak bezala. Hau da, Kaukaso, Errusia hegoaldea barne, hizkuntza, etnia eta erlijio ugariz osatutako mosaikoa da. Zoritxarrez, beti ez dira euren artean ondo konpontzen, eta batzuetan biolentzia azaleratzen da.

Georgian erlijio ortodoxoa da nagusi. Jende asko doa elizara.

Georgiaren historia gorabeheratsua da. Sobietar Batasunaren gainbeheraren ondorioz, 1991n independentzia lortu bazuen ere, ez du sekula lortu herrialde osoko burujabetza gauzatzea. Georgian badira hainbat etnia, eta gutxiengo etnikoa osatzen dutenen arteko bik, Abkhaziak eta Osetiak, Georgiarengandik banandu eta euren independentzia lortu zuten, eta hala jarraitzen dute Errusiaren laguntzarekin, nahiz eta, Errusiak salbu, munduko herrialde bakar batek ere ez duen independentzia hori ontzat eman.     
Georgiako ejertzitoa 2008an saiatu zen Abkhazia eta Osetia indarrez berreskuratzen, baina hauei laguntzera etorri zen Errusia, beren soldadu eta tankeekin, eta apenas hiru egun behar izan zituzten georgiarrak menperatzeko.  
Errusiar ejertzitoak Gori hartuta izan zuen hainbat astez, hau da, Iosif Zhugashvili  (Stalin) georgiarraren jaioterria. Halaxe da, bertan jaio zen Stalin 1878an, gero XX. gizaldiko pertsonaiarik garrantzizkoenetako bat bihurtu zena. Sobiet Batasuna desegin eta gero, Errusiak eta Georgiak eztabaida ugari izan dituzte Stalinen kontura, baina argi dago Gorin behintzat maite dutela oraindik. Stalin izena du etorbide nagusiak, diktadorearen inguruko museo bat ere bada, eta hantxe daukate, museoaren kanpo-aldean, Stalinek batetik bestera joateko erabiltzen zuen tren-bagoia ere.

Stalini bere jaioterrian, Gorin, eskainitako estatua.

Eta Goritik gertu Uplistsikhe dago, haitzean zulatutako garai bateko herria, IX. mendeko basilika bat duena. Horrelako lurrazpiko herriak badira Kapadozian ere, Turkian alegia. Gertu antzean dago “Misjeta”, edo antzeko zerbait ahoskatzen den herria; idatzita, Mtskheta. Toki hau da georgiarren erlijio-gunerik nagusiena, eta beren patriarka bertan bizi da. Erdi Aroko horko eliza zaharrak direla eta, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen 1994an.  

IX. mendeko katedral ortodoxoa, Mtskhetan.

Tbilisi da, edo Tifilis, Georgiako hiriburua. Ez da hiri oso handia, eta, nahiko lasaia bada ere, giro polita izaten da kaleko kafetegietan. Etorbide nagusian, Rustavelin, dauden museoek eta eraikinek Pariseko bulebarren airea ematen diote hiriburuari. Horregatik esaten diote Tbilisiri “Kaukasoko Paris”. 

Tbilisi erdi-guneko horrelako eraikinengatik esaten diote hiriburuari Kaukasoko Paris.

Tsminda Sameba (hirutasun santua) katedrala da Tbilisiko toki aipagarrienetako bat. 1995-2004 urte-tartean egin zuten, Georgiak independentzia lortu ondoren, alegia. Georgiako betiko eliza erraldoien antza duen eraikina da, izugarria tamainaz. Egia esan, xarma handiagoa daukate hiriko kasko zaharreko elizatxoek.

Mtkvari ibai-ertzean, garai bateko eliza Tblisiko alde zaharrean.

 


B2
09-06-2016
  • Torquemada , Jesús
16169155
7338