Atenas, krisiak krisi

Greziako krisi ekonomikoak hamar urte beteko ditu laster, eta oso gogorra izaten ari da. Beldurgarriak dira zenbaki makroekonomiko guztiak.

Langabezia %25etik gora, soldatak eta pentsioak %30 murriztu dituzte, zerbitzu publikoak garestiak dira… Beraz, Grezian bertakoak kale gorrian ia-ia gosez hiltzen ari direla uste du kanpoko jende askok, eta zenbaitek  zalantza du Greziara turista gisara joan ala ez.  

Ia egunero izaten dira manifestazioak.

Ba ez larritu horregatik: bidaiatzeko leku aparta da Grezia, gaur egun ere bai. Baina orain ez da hain merkea. Eta, gainera, Greziara turista  joatea haienganako elkartasun gisara ikus daiteke, turismoa delako herri horren ekonomiaren zutabeetako bat. Hori bakarrik falta zaie, turismoak ere motelaldia izatea!
Jakina, Atenasen, kalean, etxerik gabeko jendea ikusten da, hala moduzko kartoiekin eta koltxoiekin edozein bazterretan sartuta. Harrigarria da, baina ez pentsa horrela hainbeste dabiltzanik ere; ez behintzat Europako beste edozein hiritan baino gehiago.
Begi-bistakoa da greziarren egoera latza dela. Nahikoa da supermerkatu batera sartzea eta salneurriak hemengoak bezalakoak direla jabetzea, edo garestiagoak. Harrigarria da: nahiz eta Grezia olio-ekoizlerik handienetakoa izan, oliba-olio litro batek ia 5 euro balio du! 600 bat eurokoa da gutxieneko soldata han, eta jende-kopuru mordoak du soldata hori.

Exarchia auzoa pintadaz josita dago.

Jubilatuak oso gaizki ari dira pasatzen, pentsioak gutxitu dizkietelako eta familia askorentzat pentsio horixe delako diru-iturri bakarra. Nabari da hango jubilatuak hemengoak baino okerrago janzten direla, eta ez direla ile-apaindegira hain maiz joaten. Berdintsu dabiltza gazteak; batzuk nazioarteko arropa-markek Ermun –Atenaseko denda-kalerik garrantzitsuenean– dituzten dendetako arropekin janzten dira, baina gazte gehienek azoka txikietako arropa daramate soinean.

Eliza ortodoxo txiki bat hiriaren erdialdean.

Horiek horrela, norbaitek pentsatuko luke Atenas zabartzen ari dela, zatika erortzen. Ba beti bezalatsu dago! Beti izan da hiri kaotiko eta zaratatsu samarra, baina xarma berezia du, Mediterraneoko beste hiri askok bezala. Horrela begiratuta, krisia ez da hainbeste nabari.
Atenaseko kaleko giroa da gauzarik erakargarrienetakoa. Jatetxe ugarik dituzte mahaiak kanpoan, bai Akropoli azpiko Plaka auzoan, baita hiri-erdiko Psirri-n ere. Auzo honetan bertako jendea da nagusi, nahiz eta turistak ere badiren, jakina! Turista-jende asko Plakan dabil, eta esan behar da oso xarmantak direla lorez betetako hango kale aldapatsuak.

Plaka auzo bitxiak jatetxe ugari ditu aire librean.

Turistak! Hori da Atenaseko gauzarik txarrenetakoa! Ez duzu monumentu edo museo bakar bat lasai ikusiko! Ohikoena ia bultzaka ibiltzea izango da, batez ere Akropoli aldean. Baina, noski, ezin da Atenasera joan eta Akropolia bisitatu gabe utzi. Orain ere gizateriaren historiako monumenturik nabarmenetakoa da Partenoia, beti eraberritzen ari badira ere. Akropoliko Museoa ere bisitatu beharra dago, hain zabala eta bikain antolatua.

Akropolia muiño batean dago. Hiri osoa ikusten da bertatik.

Jende-multzo handiak gustatzen ez bazaizkizu, “tranpa” txiki bat: Akropoliaren bistarik onenak pareko muiñotik daude, Filopapo-tik. Mendian zaudela ematen du, eta oso jende gutxi ibiltzen da.
Ikusmira aparta eskaintzen duen beste muiño bat Likabitos da;  Funikularrean oso eroso igo zaitezke haraino; oinez, apur bat gehiago kostata. Handik ere, zure oinetan, hiri osoa ikusiko duzu! Likabitosek magia berezia du ilunabarrean, eguzkia Egeo itsasoan ezkutatzen den momentu horretan.
Eta begira, Egeon, Atenasetik gertu, badira uharte batzuk oso ederrak. Ez dira Mykonos, Santorini, Korfu edo Rodas; baina uharte horietara iristeko hegazkina behar duzu edo ordu-pila bat igaro itsasontzian. Egina, Hydra eta Poros, aldiz, bertan daude, Atenasetik ordubete eskasera itsasontziz.

Hydra uharte polita ordubetera dago itsasontziz.

Azken uharte horietatik Hydra da esanguratsuena. Bere kaiko sarrera, mendiz inguratuta, ahazten ez den horietakoa da! Harrizko kale malkartsuak, kolore biziko eta lorontziz betetako leihoak, etxe zuriak... Hori bai leku lasai eta ederra! Horregatik joan dira bertara bizitzea artista eta aberats asko.

Parlamentua Syntagma plazan dago.

Parlamentu greziarraren parean dagoen Syntagma plazan izan dira, krisi-garaian, protesta-manifestaziorik gehienak, baina greziarren eguneroko bizimoduaren berri izan nahi bada, egokiagoa da Osmonia plaza herrikoian paseatzea, edo plazatik bertatik ateratzen den kaleetako batean, Athinasen. Kale horretan dago Azoka Zentrala (Kentriki Agora); azoka bezalako lekurik ez dago greziarrak bere saltsan ikusteko. Hortxe nabari da, gertatuak gertatu, Atenas bixi-bixi dagoela!         
 


B1
02-01-2016
16239372
6005