Tanger: Iragan literario baten nostalgia
Urte batzuk barru, Tanger zeharo aldatuta egongo da. Gobernu marokoarra asko inbertitzen hasi da bertan.
Meskita baten sarbidea. |
Duela gutxi arte baztertuta izan du Rift mendialdea, berbereen bizilekua. Eta jende hau baztertzen duela inork ez salatzeko, eta ekonomiaren aldetik Europarekin duen tartea murrizteko asmoz, orain Ipar partea gehiago garatzeko erabakia hartu du Rabatek, Tanger oinarri hartuta. Tanja esaten diote, bai berbereraz, bai arabieraz.
Abiadura handiko tren batek Tanger, Rabat eta Marrakex lotuko ditu, eta trenbidearen albotik doan autobidea ia bukatuta dago. Algecirasko kaiarekin lehiatzeko moduan jarri nahi dute Tanger-Med kaia, Mediterraneoko garrantzizkoenetakoa izateko. Tanger bihurtu da Marokoko industria-hiririk garrantzitsuena, Casablancaren ondoren.
Zorioneko dago egoera honekin Tangerreko jendea, bizimodu hobea izango duelako, baina zoritxarra izan daiteke Tangerrekin maiteminduta dagoen hainbatentzat; izan ere, zaila da hiri hau sailkatzea. Zeren Mediterraneokoa da, ados, baita Marokokoa eta Afrikakoa ere; baina Atlantikoko itsasertzean dago kokatuta, berbere jende asko bizi da bertan –kultura aldetik Marokoko arabiarren oso ezberdina– eta hurbilegi du Europa guztiz afrikarra izateko.
Estatus aldetik nazioarteko hiria zen Tanger 1925-1956 urte-tartean. Bertako administrazioko partaide ziren Frantzia, Espainia, Belgika, Herbehereak, Portugal, Italia, Erresuma Batua, Ameriketako Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna. Europako jende askoren bizilekua zen, eta hiria izugarri estimatzen zutenen artean mundu osoko hainbat margolari eta idazle zeuden. Margolarien artean Henry Matisse aipatu daiteke, eta idazleen artean Tennessee Williams, Allen Ginbsberg, Truman Capote eta Jack Kerouac, adibidez. Eleberri asko eta hainbat pelikula daude Tangerren girotuta. Eleberriak: Naked lunch (William Burroughs), Jour de silence à Tanger (Tahar Ben Jelloun), El tiempo entre costuras (María Dueñas). Pelikulen artean The Sheltering Sky filma aipatu behar da, Bernardo Bertoluccirena, Paul Bowlesen ipuin batean oinarritua, atzerritar ospetsuenetako bat Tanger puri-purian zegoen garai hartan.
Tingis kafea, medinako toki klasikoenetako bat.
Bigarren Mundu Gerrako giro nahasian espioi mordoa zebilen Tangerren. Casablanca izen bereko filmarengatik egin zen ezagun, Humphrey Bogart eta Ingrid Bergman protagonista zirela, baina filmean azaltzen den espioi-istorioaren antzekoak gertatzen ziren Tangerren ere.
Hau guztia Marokok independentzia lortu zuenean aldatu zen, 1956an. Orduan bukatu ziren Frantziak Maroko hegoaldean eta Espainiak iparrean zituzten koloniak. Nazioarteko giro hartatik zertxobait badu oraindik Tangerrek, nostalgia-ukitu bat eta hainbat eraikin zikin-hondatu.
Cervantes antzokiaren hondakinak. Art déco estiloko aurrealdeak ehun urtetik gora ditu.
Arrapaladan hazten diren beste hainbat hirik bezala, Tangerrek ere galduko du bere xarmatik zerbait. Hala ere, beti izango da hiri erakargarria, makina bat gauza duelako bisitaria erakartzeko.
Kasbah zaharra hor egongo da, betiko, bere kale aldapatsu eta bihurrituekin. Hango koloreak, usainak eta zaratak, hain marokoarrak! Marokoko beste kasbah batzuetan bezala, ohikoa da hainbat neska-mutikok euren burua eskaintzea turista-gidari gisa. Turista ez dago behartuta gidariak hartzera, baina, bestela haserretu egiten direnez, baten bat hartzea komeni da. Eta komeni da, baita ere, arreta pitin bat izatea karterista eta iruzurgileekin. Tanger ez da hiri arriskutsua, baina hiri gogorra da gaur egun ere.
Kasbahko kaleak. |
Kasbaharen azpian dago Medina, ez hura bezain itogarri bisitariarentzat. Medina barrura ate guztiz mairu batetik sartzen da, eta Petit Socco izeneko plazara iristen da. Plazaren albo batean Meskita Handia dago, eta baita hainbat kafetegi ere, lehen solairuan terraza daukatenak, talaia apartak jeneroaren eta jendearen joan-etorri bitxia ikusteko, mendazko te gozo bat hartzen den bitartean.
Medinara sartzeko ateak. |
Tangerrek hondartza luze-luzea du hiri-erdian. Behar baino zikinago egon arren, egokia da paseatzeko, gazte marokoarrak futbolean ikusteko edo hango txiringitoetan zerbait hartzeko, baina uretan sartu edo surfean egiteko hobe da hiri-erditik bizpahiru kilometro urrutiratzea; han hondartzaren egoera hobexeagoa da eta jende gutxiago dago.
Tangerrek baditu zenbait kafetegi xarmant, hainbat eleberri eta abestitan azaldutakoak. Onenetako bati, Haza kafetegiari, Luis Eduardo Autek abesti bat eskaini zion. Bere terrazatik Gibraltar Itsasartea eta Andaluziako itsasertza ikusten dira, palmondo, kaktus eta laranjondoz inguratuta. Rolling Stones taldea hara joaten omen zen haxisa erretzera. Horraino heldu gabe, ilunabarrean Hazako terrazan sisha (ur-pipa) erretzea, tea ondoan, Tangerrek eskain dezakeen plazerik ederrenetakoa da.