Aldizkari Digitala
Alaia Martin: "Bertsolaritza nire pasioa da, nire barnea askatzeko modu bat"
Alaia Martin Etxebeste (Oiartzun, 1987) 12 urterekin hasi zen bertsotan, eta gaur egungo Gipuzkoako txapeldunordea da.
Alaia Martin Etxebeste (Oiartzun, 1987) bertsolaria da. Bilbon ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatu zen, gidoigintzan lan egin du, Xirika gehigarriko elkarrizketatzailea izan da, eta Gaztezulo aldizkariko iritzi-emailea ere bai. 12 urterekin bertsotan hasi zen, eta Oiartzungo eta Santutxuko bertso-eskoletan ibili da. Gaur egun, bertso-irakasle lanetan dabil ikastetxeetan. 2013. urtean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean sartzeko zorian egon zen, eta 2015. urtean, Gipuzkoako Txapelketan bigarrena geratu da, Beñat Gaztelumendiren ondoren.
1. Noiz eta nola hasi zinen bertsotan?
Ikastetxean, euskara ikasgaian, bertsolaritza ikasi genuen. Niri sentimenduak adierazteko modu egokia iruditu zitzaidan. 12 urterekin, Oiartzungo bertso-eskolan hasi nintzen, lagunak apuntatu zirelako, eta, pixkanaka, bertso-munduarekin maitemindu nintzen.
2. Zuretzat zer da bertsolaritza?
Bizimodu bat da niretzat, herriz herri kantatzeko aukera, iritziak era neurtuan eta errimatuan emateko tresna… Bertsolaritza nire pasioa da, nire barnea askatzeko modu bat.
3. Orain Gipuzkoako Txapelketan bigarren geratu zara, zer sentitu duzu? Zer sentsazio izan zenuen finalean? Eta txapelketan zehar?
Niretzat aurtengoa txapelketa polita izan da. Baina 2011. urtekoa handia izan zen, espero gabe finalera iritsi nintzelako. Beraz, aurten presio handiagoa eduki dut, barne-presioa, finalean sartu nahi nuen… Eta lortu egin dut. Duela lau urte, ume bat bezala nengoen, emozionatuta. Final honetan, berriz, zentratuago aritu naiz, gozatu egin dut.
2015eko Gipuzkoako Txapelketan 2. gelditu zen.
4. Lortu duzun bigarren postu horrek plaza gehiagorako atea ireki dizu?
Saio-kopurua mantendu egin da, lehenago ere saio dezente egiten nituelako. Aurreko finalean hirugarren egin nuen, eta, beraz, ez da hain alde handia. Hala ere, buruz burukora iristeak bisualago egiten du, eta hori, niretzat, sari bat izan da egindako lanagatik. Ez dakit zer ekarriko didan, baina badakit ona izango dela. Horrek ez nau kezkatzen.
5. Txapelketan parte hartzeko nola prestatu zenuen zeure burua?
Alde batetik, txapelketa hasi aurretik, badakigu zer ariketa-mota egingo ditugun: neurriak, txapelketako probak, doinuak, errimak… Beraz, bertso-eskoletan “simulakroak” egiten ditugu, trebatzeko.
Bestetik, neure burua elikatzen dut: filmak ikusi, musika entzun, jendearekin egon… Esponja-lana egiten dut, munduarekiko iritzi egituratu bat osatzeko. Begirada analitiko bat lantzen dut, horrek bertsotan ideiak argiago edukitzen laguntzen didalako.
6. Bertsolariok plazaz plaza ibiltzen zarete, Euskal Herriko txoko guztiak ezagutuz. Zein ezberdintasun dago plazako eta txapelketako bertsolariaren artean?
Nire ustez, puntako bertsolariak bietan dabiltza, plazan eta txapelketan. Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio… Txapelketak eman die ospea, baina oso plazakoak dira. Kalitatean muga bat dago, eta muga horrek txapelketa eta plaza gainditzen ditu.
Hala ere, nire ustez, txapelketako bertsolaria pentsakorragoa da, sakonagoa. Plazak, berriz, zerikusia du ikusleekin sortzen den zuzeneko harremanarekin; arinagoa da. Nire iritziz, biek dute bere alde ona: txapelketetan, kontzentrazioagatik eta presioagatik, bertso onak ateratzen dira; eta, plazan, aldiz, freskotasunagatik edo presiorik ez dugulako.
Txapelketan presio handia jasatzen dute bertsolariek.
Txapelketarako prestakuntza azaldu dut, baina plazarako prestakuntza plazaz plaza egiten dugu, oso zaila da hori kanpotik ikastea.
7. Ba al dago txapelketarako soilik balio duen bertsolaririk? Eta plazarako? Adibideak aipatuko zenituzke?
Badaude bertsokera bereziak, eta horiek ez dira plazan hainbeste eskatzen, ez zaizkio jende guztiari gustatzen. Txapelketan ondo aritu badira ere, ez da lotura hori sortzen eta antolatzaileek ez diete deitzen.
Bestalde, Iker Zubeldia aipatu nahi dut. Bera Euskal Herriko bertsolari onenetako bat da, baina azkeneko txapelketetan ez du parte hartu. Plazan asko aritzen da, freskotasun eta gaitasun handiak ditu, eta, txapelketan marka onak lortu baditu ere, ospea plazak eman dio. Hortaz, txapelketak ez du guztia zehazten. Nire ustez, garaiko entzuleen profilak eta bertsolariaren profilak zerikusia izan behar dute. Hor sortzen da magia edo harreman hori entzuleen eta bertsolariaren artean.
Ni, zalantzarik gabe, plazan egoten naiz erosoago, libreago. Txapelketan ere normalean ausartu egiten naiz, normalean arriskatu egiten dut. Gainera, plazak aukera ematen dit hainbat txoko eta hainbat pertsona ezagutzeko, eta bizipen asko izateko. Txapelketak bi urtean behin dauzkagu eta plazak astebururo, herriz herri; nik urtean 100 plaza inguru egiten ditut.
Txapelketak ere gustatzen zaizkit: prestatzeko ematen duten aukera, norberaren burua estutzeko, oso momentu onak bizi izan ditut. Txapelketako bertso onak betiko geratzeko aukera handiagoa dago; hor geratzen dira eta horrek xarma du. Zaila egiten zait bakarra aukeratzea.
8. Zein dira zure etorkizuneko asmoak? Txapelketak, plazak, bertso-afariak…
Oraingoz agenda nahiko beteta daukat datozen hilabeteetarako, eta gozatzea da helburua. Tentsioa galdu gabe, hobetzen jarraitu nahi dut. Orain txapelketa osteko atsedenean nago, nik uste dut ona dela, pixka bat burua ere liberatzeko. Ilusio handia daukat datorren urteko txapelketa ere prestatzeko, ikusteko non hobetu eta esperimentu berriak egiteko, nondik jo nahi dudan erabaki, umorea gehiago estutu… Oraindik ez dut datorren txapelketarako helbururik jarri…
Zer da bertsolaritza zuretzat?
Bueno, bertsolaritza niretzako bizimodua da, ba 12 urterekin hasi nintzenetikan (nintzenetik) bizitzeko eduki duten (dudan) era bat, adierazteko eta askatzeko eduki duten (dudan) era bat da bertsolaritza. Eta laguntzen dit, gainera, nire iritziak eta nire ikuspegiak eta bizipenak neurtuz eta errimatuz plazaratzen. Eta orduan, ideiak ordenatzeko era bat ere bada bertsolaritza, eta nire pasio nagusietako bat.
2015. urteko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan bigarren egin duzu, zer suposatzen du horrek?
Bueno ba hasteko poz handiarekin, ez? Oso postu polita izan zen niretzako bigarren hori, eta gainontzekoan (gainerakoan) ez dakit ateak ireki dizkidan edo irekiko dizkidan. Badakit aurrekoarekin alderatuta hirugarren postuarekin ez dago (dagoela) alde handia, baina buruz burukoak, bertan parte hartzeak buruz burukoan laguntzen du bisualizatzen pixka bat garbiago, eta, bueno, ba poz hori badaukat buruz burukoan parte hartu nuelako. Eta izatekotan ba pentsatzen dut saio gehiago izango ditudala izatekotan, baina, bueno, neuzkanekin ere konforme nago, baldin badatoz gehiago ba zoragarri, eta uste dut ekarri diezadakeen bakarra ona dela. Orduan, ez daukat horri begirako kezkarik. Datorrena datorrela ona baldin bada hartu, eta ez baldin badator, ba ondo jarraituko dut, nenbilen martxan, beraz, kezkarik gabe.
Zerk bereizten ditu plazako eta txapelketako bertsolaria?
Ba nik uste dut bertsolaria bertsolaria dela ez? Eta funtziona lezakela berdin plazan edo txapelketan. Ez dut uste zehazki daudenik plazako bertsolariak eta txapelketakoak. Errazago egingo zaie batzuei txapelketako tentsio hori eramaten beste batzuei baino, baina uste dut gehienetan bietan funtzionatzeko moduko bertsolariak izaten garela gehienak, ez? Gaur egun plazan gehien dabiltzan bertsolariak baita ere txapelketan ere punta-puntan dabiltza. Egia da akaso alderantziz ez dela beti gertatzen, alegia, txapelketan oso ondo dabiltzan bertsolari batzuk agian plazan ez dute leku bera topatzen. Eta hori ba azkenean ez? Entzule eta bertsolariaren artean sortzen den edo sortzen ez den magia horrekin dauka igual lotura, eta oso zaila da definitzen arrazoia, baina uste dut badaudela bertsolari batzuk, adibidez Iker Zubeldiaren kasua izan leike (liteke). Bertso-saio gehien egiten dituen bertsolarietako bat izango da. Txapelketan lortu ditu marka onak, baina ez da segur aski bere habitat-a, ezta? Bere habitat-a plaza eta kalea da zentzu horretan eta hori igarri liteke, baina bestela uste dut normalean plazako eta txapelketako bertsolariak nahiko bat datozela, eta, gainera, klabea hor dagoela ez? Pertsona bera izatea plazan eta txapelketan. Azken batean, pertsonak kantatzen duenean, pertsonak jasotzen duelako, ez? Askoz zuzenagoa delako zubi hori.
Otsailaren 14a
maitasunik ez biharko.
Dena gaur, dena orain
dena bikote gutako.
Kalean lasai nindoan
bihotzak egin dit salto
eta beste espaloira
korrika egin dut eskapo
eta kolpean barrutik
nire oin azpiko asfalto
grisera erori dira
amorruzko zazpi malko.
Kaxa gorri txiki bat da
lazo urdinez galako
galdetu gabe badakit
hori ez dela niretzako.
Interesting for you
Document library
-
Malutafilms
