Euskal pilota-frontoiak Txinan

Txinan ere badakite zen den zesta-punta, bertara joan ziren hainbat euskal pilotariei esker.

Erredakzioaren oharra: Artikulu honek Juan Pablo Sánchezek idatzitako “Frontones de pelota vasca en China” testua du oinarri. Ez da zuzeneko itzulpena. Erredakzioan laburtu eta moldatu egin dugu. Jatorrizkoa irakurri nahi duenak (txineraz eta gaztelaniaz dago), hemen dauka dokumentua.


Nola sortu zen zesta-puntako xistera?

Zesta-puntako xistera Joko Garbirako xistera

Zesta-puntan erabiltzen den xisteraren sorrerak Amerikarekin du zerikusia, Argentinarekin, hain zuzen. 1887, Buenos Aires: Melchor Gurutzeaga pilotariari ez zaio eskumuturra ondo sendatzen ari. Berak Joko Garbi izeneko modalitatean jokatzen zebilela hartu zuen min. Azkar itzuli nahi zuen berriro jokatzera, baina horretarako zer egin? Joko Garbirako xisterak min ematen zion, eta beste bat asmatu zuen, desberdina, kurba gehiagorekin erdiko partean, eta handiagoa. Bi modalitate desberdin dira egun. Xistera berri honekin pilota ez da kolpatzen, bildu egiten da eta ondoren jaurti, abiadura biziagoz bestearekin baino. Agian horregatik da zesta-punta munduan arrakasta gehien lortu duen pilotan jokatzeko era. Baita Txinan ere.

Txinako lehenengo frontoiak

1929ko otsailaren 7an, Shanghain pilotalekua estreinatu zuten zesta-punta partida baten bidez. Egun horretan, besteak beste, Jose Mari Aranzibia Berasaluze pilotari, filantropo, bon vivant eta enpresari eibartarrak jokatu zuen. Izan zituen ezizenen artean bi aipatuko ditugu: Petronio eta Katika (aitaren baserria, Zaldibarren).

Shanghaiko pilotalekua egun

 

Handik hiru urtera Jose Garate heldu zen, hau ere zesta-puntan aritzera: Ordurako urrezko domina lortua zuen 1924ko Joko Olinpikoetan. Urte hartan pilotariek erakustaldia egiten zuten olinpiadetan, ez zen eta kirol olinpikoa orduan, 1900. urtean Pariseko Jokoetan izan bazen ere. Apurka-apurka pilotari-talde kozkorra osatu zuten Shanghain, batez ere euskaldunez osatua. Garatek 1939ra arte jokatu zuen Shanghain, beraz, ikusi zuen pilotalekua nola berritu zuten 1934an.
 

Tianjingo pilotalekua

Urte horretan bertan, irailean, bere lehen pausuak eman zituen Txinako Tianjin herriko pilotalekuak. Gian Galeazzo Cianok, Benito Musolini diktadorearen suhiak, lagundu zion Fumagalli izeneko enpresariari pilotaleku hau sortzen, Italiako Bonetti eta Suitzako Kesler arkitektoen laguntzarekin. Faro itxurako dorre ikusgarri bat egin zioten frontoiari, gaur egun ere ikusgai dagoena. Bertan jokatu zuen lau urtez Jose Mari Uriondo Urkidik. Honen semea han jaio zen, 1936an, Jose Maria Iriondo Azpiri, hau ere pilotaria. Beraz, esan liteke bera izan zela historiako lehen pilotari txinatarra.


Tiajingo pilotalekuko langileak


Shangaiko frontoia

Shanghaiko frontoi berritua ere ikusgarria zen, aire egokitua zeukan, garai hartan, eta 3.000 lagun sartzen ziren bertan. 4.000 lagunek egiten zuten lan, pilotariak barne. Zesta-puntara eskainitako aldizkari bat ere argitaratzen zuten. Baina indarra galtzen hasi zen kirol hau japoniarrek Shanghai bonbaz erasotu zutenean. Japoniarren setioak iraun zuen bitartean, gauez jokatzen ziren norgehiagokak, baina gerra gogortu egin zen eta 1944an itxi egin zuten pilotalekua. Orduan “Zhonghua” izena jarri zioten, eta 1975an gimnasio bihurtu zen.  



Shanghaiko pilotalekuaren sortzailea Teodoro Jauregi izan zen, eta sustatzailea Felix Bouvier bankari frantziarra. Pilotalekuaren buru, berriz, armeniar jatorriko Haig Assadourian egiptoarra izan zen.

 

Felix Bouvier

 

Bankariak 1928an 50.000 lagunentzako eraikina bultzatu zuen, zakur-lasterketetarako, batez ere; baina baita boxeorako eta dantzarako ere. Egun lore-azoka da. Eta Tianjingo frontoia izan zen horretan, Minzulu kalean dagoena,  polorako zaldiak lehiatzen dira. Horren aurretik antzoki ere izan zen.

Erabilera anitzeko aretoak

Sarri gertatu da pilotalekuek gero beste erabilera bat izatea. Adibidez, La Habanakoa, (1901), “El palacio de los gritos” gisara ezaguna dena. Edo Macao (Txina) herriko pilotalekuak, 1974koak, egun Jai Alai Casino izena du, eta bertan hotela dago, eta apustuak egiteko aretoak. Ospe handia dute Pachinko motako jolas-makinek.

Txinatik kanpo ere bai


Txinan pilota beherakada nozitzen hasi zenean, pilotari asko Filipinetara joan ziren. Bi herrialde hauek negozio-harremanak zituzten, eta gertu zeuden elkarrengandik.


Argazkian, atzeko aldean, ezkerretik hasita, bigarrena da Petronio

1917az geroztik Manilan bazen pilotalekua eta 1939an apustuak legeztatu ondoren, hirian bertan beste frontoi bat eraiki zen eta Cebu hirian beste bat 1967an. Baita Indonesian ere, Yakartan, 1971n. Manilan jokatutakoa da, adibidez, sarreran aipatutako Petronio pilotaria.


B2
02-09-2012
16136929
9236