Aldizkari Digitala
Abel Barriola, pilotari handi baten despedida
"Pilotak asko eman dit, barrutik aberastu egin nau eta hori pilotari zor izanen diot beti"
Abel Barriola (Leitza, 1978) esku-huskako pilotari profesionala da, eta, aurten, 19 urtean pilotalekuz pilotaleku egindako ibilbideari amaiera ematea erabaki du. Urte hauetan atzelari gisa jokatu du Aspe enpresan. Gainera, hiru txapel handiak irabazi dituzten pilotariak ez dira asko, eta bera horietako bat da: lau eta erdikoa (2001. urtean), buruz burukoa (2002. urtean) eta binakakoa (Martinez de Irujorekin, 2014an). Erretiroa hizpide den garai honetan, tarte bat topatu du Iruñean gurekin elkartzeko.
1. Noiz erabaki zenuen pilotari izatea, eta zergatik?
Pilotari izateko erabakia zerbait naturala izan da: pilotari, kirolari edo beste edozein lanbiderekin gertatzen den bezalaxe. Bakoitzak du bere izateko modua; niri pilotan jokatzea gustatu zait beti, eta, 15-16 urterekin, pilotari profesional izan nahi nuela erabaki nuen. Zaletasuna txikitatik dut, eta barrutik sortzen dela uste dut.
2. Pilotari izan ez bazina, zer izatea gustatuko litzaizuke?
Ez dakit. Zaletasunak baditut eta, zalantzarik gabe, zaletasun edo afizio bat ofizioa izatea pribilegio handia da. Zorionez, pilota izan da, baina pilota izan ez balitz, eta kirola asko gustatzen zaidanez, agian, eskubaloia. Bestela, mendiarekin lotutako zerbait, adibidez, basozaina… Nire anaiaren lanbidea da hori, eta gauza horiek asko gustatzen zaizkit. Horretan ere egun txarrak izango dira, baina mendia asko maite dut.
3. 1998. urteko otsailaren 22an egin zenuen debuta, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Zer izan zen egun hura zuretzat? Nola gogoratzen duzu?
Egun berezia izan zen. Nire oroitzapenak lagunei eta familiari lotutakoak dira. Lagunek ilusio handia zuten; batetik, lagun batek debutatzen zuelako, eta, bestetik, parranda handi bat egiteko aitzakia zutelako. Senideek ere poz handia sentitu zuten, beraiek bazekitelako momentu hartan pilotari profesional izatea zela nire ametsa. Hitz bat aipatu behar badut: poztasuna sentitu nuen.
4. 2001. urtean lau eta erdiko txapelduna, 2002. urtean buruz burukoa eta 2014. urtean binakakoa. Pilotari gutxik lortu dituzue hirurak… Zer sentitzen duzu?
Poz handia. Kirolean, gauza guztietan bezala, helburuak betetzeak atzetik lan handia duelako. Niretzat ongi egindako lanaren emaitza izan da. Hala ere, orain, nire ibilbidearen amaieran, lesioak tarteko bizitako une zailetan egindako lan isila aukeratuko nuke. Egunero egin behar da lan eta, horretatik ateratzen garenean, poztasun izugarria sentitzen dugu. Alaitasun hori ezin da deskribatu.
5. Zein da zure eguneroko bizitza? Eta orain, txapelketan zehar?
Gaurko eguna kontatuko dizut: 8:00-8:30ean jaiki, Gasteizera joan, takoak jarri, material aukeraketa egin, entrenatu, bazkaldu, orain zurekin egon, eta, eguna amaitzeko, belaunentzat ariketa batzuk egingo ditut 20:30ak arte; afaldu eta lotara. Beste egun batzuk lasaiagoak izaten dira. Hala ere, nik banakako kirola baserriarekin alderatzen dut: baserrian nahi adina lan dago, eta guri ere gauza bera gertatzen zaigu, gogoa badugu eta nahi badugu, badugu zeregina.
6. 19 urteren ostean erretiratzea erabaki duzu. Hala ere, Aspek beste urtebeterako luzatu nahi zizun kontratua. Zaila izan da erabakia hartzea?
Erabakia hartzea zaila izan da. Txikitatik pilota maite izan dut, eta, beraz, uztea oso zaila da. Batetik, maite dudan kirolean profesional-mailan jokatzen dudalako. Eta, bestetik, lanbideagatik. Aurten 39 urte beteko ditut, eta oraindik lan egiteko urte asko ditut aurretik, baina zerotik hasi beharko dut, azken batean, ‘kontrolatzen’ dudan bakarra pilota da. Mundu honetatik irteteak beldur pixka bat ere ematen dit. Horregatik ez da erabaki erraza izan.
Bestalde, ziur nago ongi hartutako erabakia dela: bizitzan etapak daude, eta banekien hau bukatu egingo zela. Etapak ongi amaitzea polita da, eta nire ilusioa hori zen. Erabaki zaila izan da, baina, barrutik hartutako erabaki guztiak bezala, zuzena dela uste dut.
7. Irribarria, Altuna, Artola, Rezusta… Beste belaunaldi bat iritsi da. Nola ikusten duzu pilotaren etorkizuna?
Belaunaldi ona dator, baina ez dira etorkizuna, oraina dira, maila handia ematen ari baitira. Pilota maite dugunontzat, oso pozgarria da hori. Gazteen aurrean askok “guk gure garaian…” kontatzen dute, baina, nire ustez, ez da horrela. Gero eta belaunaldi indartsuagoak datoz, baita pilotan ere. Aipatutako pilotari horiek oso gazteak dira, eta ni harritu egiten naiz gauzak zein ongi bereizten dituzten ikusita: barre egin behar denean, barre egiteko dohainak dituzte; baina, lan egin behar dutenean, oso serioak eta langileak dira. Buruz helduak dira; ondo hornituta dute.
8. Zure ibilbidean zehar, asko aldatu dira pilota, pilotalekuak, artekariak, pilotazaleak…? Eta jokatzeko modua?
Bai, asko aldatu da dena, arduraldia (dedikazioa) izan ezik. Lehen pilotari profesionalak ziren, eta orain ere hala dira. Lehen eta orain, buru-belarri entrenatzen dute, bai fisikoa eta bai teknikoa, baina gauza asko hobetu dira: eskuetako takoak, orain milaka motatakoak daude eta lehen bakarra zegoen; oinetakoak, fisioterapia, urte gutxitan asko aldatu da… Aldaketa horiek guztiak direla eta, urtetik urtera eta belaunaldiz belaunaldi, pilotariak gero eta osoagoak eta lehiakorragoak bihurtu dira, fisikoki eta baita buruz ere.
9. Pilotazaleen artean oso maitatua zara, zergatik dela uste duzu? Zer ekarri dizu horrek?
Gu denon kasua da. Bakoitzak bere pilotari kuttuna du, eta hori maite du, edo horri jarraitzen dio. Nik pilotazaleei nire esker ona adierazi nahi diet. Orokorrean, hitz onak eskaini dizkidate, eta hori goxoa da, ezta? Askotan, une txarrak pasatzen ari garenean, lesioak tarteko, hitz maitakor horiek bezalako sendagairik ez dago.
10. Apirilaren 16an omenaldia egingo dizute, horretarako prest zaude?
Omenaldia baino gehiago, azken partida izango da. Kontratua otsailean amaituko zait eta beste bi hilabetez luzatuko didate. Orain binakako txapelketan jokatzen ari naiz eta aurrera jarraitzea espero dut; nahiko nuke… Momentuz ez dut azken partida horretan gehiegi pentsatu, txapelketan buru-belarri ari naizelako, errendimendu onena izan nahi dudalako eta txapelketan ahalik eta urrunen iritsi. Gauza erromantiko eta polit horiek alde batera uzten saiatzen naiz, baina ez da erraza. Urte asko dira lanbide honetan eta hainbat sentimendu, onak eta txarrak, bizi izan ditut. Txapelketa batean gaudenean, ezin dugu horretan pentsatzen egon, pilotan jokatzeko zentratuta egon behar dugu.
11. Urte hauen guztien ondoren, geratu zaizu ametsik bete gabe?
Pertsona guztiek dugu gure egoa eta gehiago nahi dugu beti. Baina 14-15 urte nituenean honaino iritsiko nintzela, profesional izango nintzela, edo hiru txapelak irabaziko nituela galdetuz gero, ez; nik ez nuen inoiz pentsatuko. Hainbeste urte pasatu ditut goian; inoiz ez nuen hona iritsiko nintzenik irudikatuko. Pilotak asko eman dit, barrutik aberastu egin nau eta hori pilotari zor izanen diot beti.
MOTZEAN
1. Pilotari bat?
Jokin Altuna.
2. Aurkari bat?
Juan Martinez de Irujo.
3. Pilotaleku bat?
Labrit, Iruñeko Labrit.
4. Txapelketa bat?
Buruz burukoa.
5. Oroitzapen bat?
Oroitzapen bat? Bat motz geratzen da… Horrenbeste urteren ondoren. Bat esan beharko banu, buruz buruko txapela irabaztea; horixe aukeratuko nuke.
1. 2001. urtean lau eta erdiko txapelduna, 2002. urtean buruz burukoa eta 2014. urtean binakakoa (Martinez de Irujorekin, 2014. urtean). Zer sentitzen duzu?
Bueno, poz handia da, ez? Eta, azken finean, ze kirolean, gauza guztietan bezalaxe, zure helburuak betetzeak atzetik lan asko dauka, ez? Eta niretzako ongi egindako lanaren ba bueno, nola esango nizuke, emaitza bat, eta ongi egindako lanaren satisfakzio bat, erderaz esaten den bezala, ba horrek asko betetzen zaitu, ez? Alde horretatik, nik hori sentitu nuen. Baina, bueno, egia esatea nahi baduzu, orain ia nire ibilbidea bukatzera doala, aukeratu behar banitu momentu batzuk kirol-ibilbidekoak, jakinda horiek oso politak izan direla, geldituko nintzateke momentu zailetan, ez ni bakarrik, baizik eta nire kideak, eta lesioak tarteko direnean, azkenean eguneroko lan isil bat da, asko egon behar duzuna, bakarrik lan asko egin beharrekoa, eta horietatik ateratzen zarenean, horrek ematen dizun poztasun hori, nik uste ezin dela deskribatu, eta bueno, eta momentu horiekin geldituko nintzateke.
2. 19 urteren ostean erretiratzea erabaki duzu, zaila izan da erabakia hartzea?
Zaila izan da. Zaila izan da zeren azkenen, txikitatik, gehien maite izan duzun gauzetako bat pilota izan da, eta nire kasuan, hala izan da. Beti egin dut hau, eta erraza ez da, arrazoi ezberdinengatik: batetik, asko maite duzun gauza bat utzi behar duzulako, profesional-mailan, beste modu batera ere asko disfrutatu daiteke pilotaz. Eta beste alde batetik ere bai, lanbideagatik ere bai, ez? Azken finean, nik 38 urte ditut, 39 urte egin behar ditut, eta bukatzen denean, zure kezka izaten duzu, ez? Oraindik urte asko daude lan egin behar dituzunak, lan egin nahi dituzunak, eta zertan egin, eta bueno, zerbaitetan hasten bazara ere, zerotik hastea da, ez? Ze azken finean, kontrolatzen, kakotx artean, kontrolatzen dudan bakarra pilota da, ez? Orduan mundu horretatik ateratzeak beldur pixka bat ematen dizu eta beste gauzen artean, horregatik ere ez da erraza erabaki hau hartzea.
Baina beste alde batetik, ongi hartutako erabakia dela ziur nago, arrazoi ezberdinengatik ere bai: azken finean, bizitzan ere bai, bueno, etapak daudelako, eta bueno, banekien hau bukatuko zela, eta, etapak ongi bukatzea ere gauza polita da eta nire ilusioa hori zen. Eta horrexegatik, iruditzen zait erabaki zaila, baina aldi berean, barrutik ateratzen diren erabaki gehienak bezala, zuzena uste dut.
3. Pilotan hainbeste urtez jokatu ostean, baduzu bete gabeko ametsik?
Pertsonak badakizu gure egoa daukagula, eta pertsonak beti gehiago nahi du, gehiago nahi du… gehiago nahi dugu, horrela gara, onerako eta txarrerako, ez? Hori hor dago. Galdetuko bazenit 13, 14, 15 urterekin hemen egongo nintzatekeela eta urte asko profesionaletan nire ametsa betez, eta bueno, hor egon naizela goian, txapelak ere irabazi ditudala eta hori baino gehiago, ba bueno, txapelketatan goian ibili naizela urte askoan zehar, ez? Ez nuke ezta pentsatu ere egingo. Ziur nago, momentu hartan dena emango nukeela ba hori betetzeagatik, ez? Eta bete dut. Eta esaten dizudan bezala, orain dela urte asko, ume txiki bat nintzenean, ez nuke inondik inora pentsatuko pilotak horrenbeste emango zidanik.
Interesting for you
Document library
-
Malutafilms
