Dokuteka
Azken eguneko bidaia: Bizitzaren gazi-gozoak
Eta orduantxe jarri ginen Helena eta biok ganbarara bidean. Egia esan, ez zen Helenaren oparia gehien erakartzen ninduena, baizik eta Mariaren kontu hura. Senarra hil berria izanik, haren esperientzia, agian, lagungarria izan zitekeen niretzat. Nola jokatu ote zuen haren senarrak hil aurreko egunean? Hura jakitea zen nire desioa. Zerbait berezia gertatu ote zen.
Kaira ematen zuten kalexketan behera gindoazela, Helenak nire memoria freskatu zuen Mariaren senarrari buruzko datuak emanez. Jakina da edadetuok gauzak ahazteko erraztasun berezia dugula.
HELENA: Martinen istorioa beste arrantzale askorena da. Egun batean itsasora irten eta ez zen inoiz bueltatu. Mariak itxaron egin zuen arratsaldez arratsalde itxaropenik galdu gabe, iluntze batean bere senarraren gorpua itsasoak portura bueltatu zuen arte; gora begira, zuhaitz-hosto bat bailitzan. Orain dela bi hilabete gertatu zen hori guztia.
KRISTINA: Ene, bi hilabete oso denbora gutxi da... Gaixoa, eta ni berari buruz gauza arraroak pentsatzen ibili naiz! Zein bihozgabea naizen!
HELENAK: Ez zaitez tuntuna izan, nik badakit Maria oso gustuko pertsona izan duzula beti.
KRISTINA: Hala da, eskutitz hori noizbait iritsi izan balitzait, bitan pentsatu gabe etorriko nintzatekeen hona, doluminak ematera. Azken finean, neu ere alargun berria naiz.
HELENAK: Dena den, herrian eman behar dituzun bi hilabete hauetan berarekin hitz egiteko aukera paregabea izango duzu. Ez zaitez kezka.
KRISTINA: Eta zergatik egiten du lo zuen ganbara horretan eta ez bere etxean? Ez al zaizu arraro samarra iruditzen?
HELENAK: Nahiz eta Martin hil zenean ezkonberriak izan, betidanik bizi izan ziren elkarrekin, etxe berean gainera. Horregatik ezin da orain Maria bere etxera bueltatu, eta gure ganbaran egin behar du lo. Orain egoera ulertzen duzu, ezta?
KRISTINA: Ulertuko ez dut ba! Oroitzapenak beti izaten dira armarik zorrotzenak.
GIDARIA 2: Andereok! Kaiko kale barrena. Bigarren ataria. Ailegatu gara! (...)
Zalaparta handirik atera gabe igo behar izan genituen atariko egurrezko eskailera zahar haiek. Ataria bera nahiko zaharra zen. Ez zebilen arimarik han barruan. Bazirudien sutzarrez eta San Joan bezperez nekaturik, bizilagunak jada ohera joanak zirela.
HELENA: (baxu hitz eginez) Ix! Berandu da, ama, tentuz ibili behar dugu.
Nik buruarekin baietz esan nion, eta ondoren begirada altxatu nuen. Eskailerek espiral zentzuan egiten zuten gora, eta inoiz baino gehiago zirela iruditu zitzaidan orduan, eraikinaren sabaira arte igotzen.
HELENA:: Animo, ama, segituan gaude hor goian eta.
Minutu batzuk geroago, eta arnasestu bizia nuela, Helenak ganbararen atea ireki zuen.
HELENA: Gauzak dezente aldatu dira, ezta?, etorri zinen azkeneko alditik. Ez dugu altzaririk edo ezer berririk erosi, soilik paretak kolore desberdinez margotu ditugu.
KRISTINA: Zein berezia den leku hau... Hainbesteko magia eta bakea dabil pareta hauen artean... Hau ezuste atsegina, Helena, margolan zaharrak dituzu hemen, bata bestearen gainean.
HELENA: Garai batean marraztutako paisaia eta erretratuak dira.
KRISTINA: Ai, utzi zenuen ba zuk alde batera marrazketa, duzun talentu izugarriarekin!
HELENA: Zertarako uste duzu ekarri zaitudala hona, ama? Erantzun.
KRISTINA: Zerbait erakutsi behar zenidala esan didazu, ez al da hala?
HELENA: Hor zuzen zaude. Gauza bat ikus dezazun nahi nuke.
KRISTINA: Aurrera ba, ni prest naukazu edozertarako.
HELENA: Ziur? Ondo da, etorri orduan.
Oin-puntetan gurutzatu genuen gela zabal hura, margolanak nola edo hala bilduta zeuden txokora gerturatu ginen arte. Ehun bat koadro izango ziren, Helenak gaztetan eginikoak.
HELENA: Begiak itxi itzazu, ama. Margolana ateratzera noa.
KRISTINA: Zein urduri nagoen... Horrelako sorpresak zoratzeraino gustatzen zaizkit.
HELENA: Itxaron ba,...Listo, hau da.
KRISTINA: Ireki al ditzaket begiak? O,...(ezustea, emozioa) baina... nola egin duzu horrelako zerbait...
HELENA: Zeu zara. Ikusten duzu, ezta?
KRISTINA: Bai. Nire begiak dira, nire kopeta, nire sudurra, ilea... Inoiz baino ederrago ikusten dut neure burua, Helena. Baina ez dago bukatuta.
HELENA: Bai, ahotik beherakoa egiteke daukat oraindik. E, lasai, ama, opari bat baino ez da. Bukatzen dudanean zuretzat izango da, nahi duzun lekuan jar dezazun, ados?
KRISTINA: Barkatu hunkitu egin naiz, oso egun berezia pasatzen ari bainaiz.
HELENA: Eta hori?, zergatik?
KRISTINA: Ez dakit...ez dakit nola azaldu.
HELENA: Beno, ondoko gelara noa, gauza batzuk hartu behar ditut eta. Bidaiarako dira. Badakizu, denbora librea baldin badut, eraikuntza erraldoi eta moderno horiek marraztea gustatuko litzaidake. Segituan bueltatuko naiz.
KRISTINA: Ondo da, laztana.
Ganbara hartan bakarrik utzi ninduenean iritsi zen hurrengo ezustea. Gauerdiko iluntasunean gorputz baten mugimenduak antzeman nituenean. Gelaren bestaldetik zetorren soinua.
KRISTINA: Barkatu, nor da? Nor dabil hor...?
MARIA: Maria naiz. Lotan nengoen. Kristina zara, ezta?
KRISTINA: Ai ene, barkatu Maria, ez zintugun esnatu nahi, ahaztu egin zait hor, ohean, zeundela.
MARIA: Hurbil zaitez, argia jarriko dut.
KRISTINA: Gau ederra izaten ari da, Maria. Badakizu Helena nire erretratu bat egiten ari dela? Zein dotore ikusten dudan neure burua; a zer ezpainak eta a zer ile ederra dudan! Ikusi al duzu koadroa?
MARIA: Bai, Helenak nonahi erakusten du marrazki hori.
KRISTINA: Egin duen lanarekin harro sentituko da.
MARIA: Nik esango nuke benetan bere amaz sentitzen dela arro.
KRISTINA: Eskerrik asko... Maria, barkatu, baina gaur bertan jakin dut zure senarraren zorigaitza, Martinena. Zer esan dezaket? Ondo baino hobeto dakit nik zer sentitzen duzun. Eta ez dago hitzik.
MARIA: Ez, ez dago hitzik. Ez dago hitzik munduan... Baina zuk gaur zure senarraren opari bat jaso duzu, ezta? Opari berezi bat.
KRISTINA: Bai, begira. Ez al da zoragarria? Nire ametsik onenean ere ezin izango nuen imajinatu horrelakorik.
MARIA: Zerutik eroritakoa dela dirudi, ezta?
KRISTINA: Azken finean, bizitzak horrelako gauzak dauzka. Batzuetan gazia da eta beste batzuetan azukrea bera baino gozoagoa. Eta gauza bietarako egon behar dugu prest.(...) Ez ezazu (etzazu) aurpegi hori jar, beti dago arrazoiren bat itxaropentsuak izateko.
MARIA: Zeuk esan duzu. Itxaropentsua izan beharra daukat.
KRISTINA: Irribarre ederra duzu, Maria.
MARIA: Gauza bat esan behar dizut, berria dakien lehenengo pertsona izango zara.
KRISTINA: Berri bat? Zoriontsu sentitzeko modukoa al da?
MARIA: Itsasoak eraman baino lehen, Martinek eta biok, zera... Haurdun nagoela, haurdun utzi ninduela Martinek.
KRISTINA: Zer?
MARIA: Bi hilabete ditu sabelean daramadan pertsonatxo honek. Bere aitaren izena jarriko diot. Martin.
KRISTINA: Orduan, hil aurretik... Ene, orduan zuzen nengoen!
MARIA: Batzuetan pentsatzen dut ez ninduela mundu honetan bakarrik utzi nahi. Hitz haiek entzun nituenean, tximistak bitan banatu izan banindu bezala sentitu nintzen. Nire bihotza mila zatitan aireratu zen. Nire senarraren partetik keinu bat jasotzearekin egiten nuen amets. Baina jada ez zen posible izango...
KRISTINA: Ez horixe. Entzun iezadazu (entzuidazu), Maria. Gauzak ez ditugu inoiz hala-hola egiten, beti dago arrazoiren bat. Are gehiago heriotzaren itzala gure gainean sentitzen dugunean. Baina denok, ni ez naiz salbuespen izan! Gutxienez kontu hau garbi asko ikusten dut orain. Ez dakit ulertzen didazun.
HELENA: Azkenean esnatu egin zaitugu, Maria?
MARIA: Ez, lasai, hizketan aritu gara soilik. Elkar ikusi gabe denbora luzea eman dugu eta.
HELENA: Gero ere izango duzue denbora elkarrekin egoteko. Gu etxera goaz orain, Maria. Nire ekipaje guztia hartu behar dugu barkura igo baino lehen. Beraz, esan iezaiozue (esaiozue) agur elkarri.
Mariari gogor heldu nion, bere gorputza neurearen kontra sentimendu biziz estutu nuen. Itsaso erdian galdurik dagoenak egurrezko ohol batekin egingo lukeen bezala. Bere hitzek norabidea adierazi zidaten, kemena eman zidaten. Ez zaitut sekula ahaztu, Maria.
GIDARIA 2: Lakuko bidean gaude, andereak! Iritsi gara!
Bai, pentsamendu horien artean ailegatu ginen etxera. Hori bai, Helenaren burutazioak ez zetozen bat nireekin.
HELENA: Hain da lurralde handia, ama! Lau edo bost ordutegi desberdin dituzte han, Estatu Batuetan. Gu hor zehar ibiliko gara, hainbat hiri ezagutzen. Eta bueltatzean, elkar ikusten dugunean, argazkiak erakutsiko dizkizut, bai?
Orduan, gure etxeko atetik sartzera gindoazenean, pauso bat ez aurrera ez atzera gelditu nintzen, mugitu ezinik. Helena ere gizon hura ikusten ari zela sumatu nuen.
SOLDADUA 1: Ez zaitezte mugi. Oihu egiten duen lehenengoari tiro egingo diot.
Soldadu bat zen, ez zegoen dudarik. Eta arma bat zeukan guri begira. Etxe barruan militar gehiago zeudela konturatu nintzenean eta bertara sartzea ezinezkoa izango zitzaigula jakitean, konortea galdu eta erabat zorabiaturik lurrera erori nintzen.
HELENA: Ama! Ama, zutitu zaitez, mesedez! Ama!
