detalle dokuteka-generico-fitxa

Azken eguneko bidaia: Etsaiak etxe barruan

 

Soldadu bat zen, ez zegoen dudarik. Eta arma bat zeukan guri begira. Etxe barruan militar gehiago zeudela konturatu nintzenean eta bertara sartzea ezinezkoa izango zitzaigula jakitean, konortea galdu eta erabat zorabiaturik lurrera erori nintzen.

HELENA: Ama! Ama, zutitu zaitez, mesedez! Ama!

SOLDADUA 1: Sartu etxera, azkar!

HELENA: Nire ama ez dago ondo, ez al duzu ikusten?

SOLDADUA 1: Iskanbilarik ez dugu nahi, entzun? Heldu beste besotik eta goazen barrura, behingoz!

Eta hala gertatu zen. Bien artean etxera sartu ninduten, Helenak larritasun bizia sentitzen zuela. Nola gogora dezaket hau guztia? Ba momentu hartan bat-batean konorteratu nintzelako.

KRISTINA: Ene, zer gertatzen da hemen? Helena, ondo al zaude?

SOLDADU 1: Txintxoak izanda ez duzue larritzeko arrazoirik izango, ulertzen al duzu, andere?

KRISTINA: Ez zaude bakarrik, ezta? Soldadu gehiago zarete, pausoak entzun ditzaket goiko pisuan!

HELENA: Lasaitu zaitez, ama.

SOLDADU 1: Dirudienez ez duzu hitzik ulertu. Ez dugu tentsiorik nahi. Diru bila gabiltza, eta geroz eta erraztasun handiagoa jarri, lehenago bukatuko dugu; beraz, lasaitu zaitezte eta ez ezazue (etzazue) trabarik egin, ados?

KRISTINA: Oker zabiltzate, etxe honetan ez dago dirurik.

SOLDADU 1: Benetan ziri ustel hori sinetsi behar dugula uste al duzu?

Soldaduak momentu hartan egongelaren alde batera egin zuen, lehenengo eta bigarren pisuak komunikatzen zituzten eskaileretaraino.

SOLDADU 1: (urrunetik) Soldadu! Jaitsi, mesedez! Bisitan etorri zaizkigu bi anderetxo!

SOLDADU 2: (urrunetik) Oraintxe noa!

KRISTINA: (xuxurlatuz) Helena, bidaiarako aurreratu duzun diru-poltsa hori hemen al dago? Etxe barruan?

HELENA: (xuxurlatuz) Bai, baina ez dute inoiz aurkituko.

KRISTINA: Eta non dago, esaidazu.

HELENA: Ikusten al duzu pianoa?

KRISTINA: Piano barruan? Ideia zoragarria da, Helena!...

HELENA: Ama, zu ez al zara egoeraren beldur?

KRISTINA: Beldur? Ez. Ikusiko duzu nola dena ondo aterako den, Helena.

SOLDADU 1: Hauek dira, soldadu. Ama-alabak direla uste dut.

SOLDADU 2: Zuek al zarete etxe honetako jabeak? Hobe duzue hitz egitea. Jabeak zuek zarete, bai ala ez?

SOLDADU 1: Bai, eurak dira, soldadu. Lehenago entzun diet nik.

SOLDADU 2: Eta ba al dakizue zuek dirua non dagoen ezkutatuta etxe honetan?

KRISTINA: Hemen ez dago dirurik. Koadroak, altzariak eta bitxiak eraman ditzakezue, baina ez duzue inola ere dirurik aurkituko, zin dagizut.

SOLDADU 2: Ez dizut sinesten, gaur egun denak dira gerra honen beldur, eta dirua etxe barruan, nonbait, ezkutatzen dute. Zergatik izango zineten zuek salbuespena?

HELENA: Norbaitek zuek topatuz gero, zuenak egin du! Gurea oso familia ezaguna eta maitea da herri honetan!

SOLDADU 1: Ix! Entzun, norbait dator honantz.

SARJENTUA: "Guretzat berdin dira asteak eta jaiak, lana bihurtzen dugu kantatzeko gaia..."

KRISTINA: Abesten ari da. Nor izan daiteke?

SOLDADU 2: Oraintxe ikusiko duzue zuek, gure sarjentua da!

Momentu hartan etxeko atetik sekula ikusi dudan gizonik zakarrena sartu zen, oinetako zaputz biren gainean. Helenaren keinuan ere izua nabarmena zen.

HELENA: (xuxurlatuz) Kaka zaharra!

SARJENTUA: Zer dugu hemen? Panpin eder bat atso baten konpainian!

SOLDADU 2: Ama-alabak dira, etxearen jabeak.

SARJENTUA: Zorte itzela orduan! Eurek esango digute etxe honetan dirua non ezkutatzen duten.

HELENA: (xuxurlatuzamari) Nazkagarria da, mozkorturik dago!

KRISTINA: Zure lagunei birritan esan diegu hemen sosik ez dagoela! Denbora galtzen ari zarete, hobe duzue ospa egitea.

SARJENTUA: Norbaitek ahoa itxi diezaiola atso honi. Daukadan buruko minerako altuegi hitz egiten du. Gainera, konturatu al zara arma bat dudala eskuan, politt hori?

HELENA: Lasaitu zaitez, ama. Ezin dezakegu ezer egin.

SARJENTUA: Ondo entzun! Etxe honetan diruak derrigorrez egon behar du nonbait gordeta, eta oraintxe jakin nahi dut txanpon horiek non demontre dauden. Zuetariko zeinek esango dit egia? Proba ezazu zuk, panpin eder hori.

HELENA: Nola esan diezazuket etxe honetan dirurik ez dugula?! Ez- dago- dirurik! Inon ez! Ea horrela ulertzen duzun.

SARJENTUA: Badakizu zer, neure printzesa? Ederra baino ederragoa zara. Goizargia baino ederragoa. Itsasoaren baretasuna baino ederragoa. Zer dio amak? Ez al da zoragarria zure alabaren usain leun hori?

KRISTINA: Zure eskuak nire alabaren gainean jartzen badituzu, nik neuk moztuko dizkizut, zerri zikina!

SARJENTUA: Zer-nolako beldurra! Begira nola nagoen dardara batean.

Soldadu zahar zikin hori guregana hurbildu zen orduan, lasaitasunez. Odola borborka nuen momentu hartan.

SARJENTUA: Azal zuri hau gustu handiz musukatuko nuke nik!

Eta ideia bat pasatu zitzaidan orduan burutik. Inoiz izan dudan burutaziorik arraroena. Mezuak, aurreko gauen zeruak bidalitako mezuak, ez zuen hilketa edo tiroketa bati buruz ezer esaten. Garbi entzun nuen heriotza gau horren amaieran etorriko zitzaidala, baina beti hiru kanpaikada entzuten nituenean. Inoiz ez beste modu batean, edo gertakari hori baino lehenago. Zer gertatuko zen orduan nik soldadu horri aurre egin eta berak neuri tiro eginez gero? Nireak egingo al zuen? Ezinezkoa zen ni hiltzea momentu hartan. Bala hura ezin zitekeen zeruaren mezua bera baino boteretsuagoa izan. Inola ere ez. Horregatik, biziki babestuta sentitzen nintzelako, altxatu eta Helena ukitzen ari zen sarjentu horri aurre egin nion.

KRISTINA: Ez ezazu (etzazu) neure alaba ukitu, zerri zikin horrek! Akabatu egingo zaitut, bestela!

SARJENTUA: Zertarako jotzen nauzu, burua galdu duzu ala?!

HELENA: Utz ezazu (uztazu) bakean nire ama eta kendu nire gainetik.

SARJENTUA: Zuek, anaiok, tiro egiozue atso honi, nazkatuta nauka!

HELENA: Zer diozu, baina? Itxi ezazu ahoa!

SARJENTUA: Ez zaitezte umeak izan! Egin diezaiola tiro edonork!

KRISTINA: Zuen armek ez naute beldurtzen, nahi duzuenean egin diezadakezue tiro, aurrera!

HELENA: Kontuz, ama!

SARJENTUA: Ondo merezita duzu, horrela ikasiko duzu ahoa ixten! Eta orain ez dut malkorik nahi, entzun?

Bai, sarjentu erraldoi hark ni bezalako emakume makal bati zaplasteko bat eman zion. Kolpea ez zen gogorregia izan, baina oreka galdu eta lurrera erori nintzen berriro.

HELENA: Ama, ondo al zaude?! Zerri zikina! Ausarta zara, gero! Emakume edadetua da, ez al duzu ikusten? Horrelakorik egitea ere...

KRISTINA: Ondo nago, Helena, ez zaitez kezka. Ni zahartuta nago, baina zu bizitzaren onenean zaude, eta animalia hauen erruz bidaia hori galduko duzu. Agur Estatu Batuei, eta horrek ez dauka atzera bueltarik.

HELENA: O, ama. Alexander portuan egongo da nire zain, gutaz ezer ere ez dakiela. Ba al dago horretarako eskubiderik?

SOLDADU 1: Argi dago, sarjentu, etxe honetan ez dagoela dirurik. Zergatik ez goaz inguruko beste batera? Agian zorte hobea izango dugu.

SARJENTUA: Ez, ezin gaitezke horrela joan. Giro triste hau utzita.

SOLDADU 2: Zer esan nahi duzu, sarjentu?

SARJENTUA: Entzun dezagun musika apur bat. Zer esango zeniokete Piano-saiotxo bati, e?

HELENA: Zer?, pianoa jo?!

SOLDADU 1: Ziur al zaude, sarjentu? Norbaitek entzun gaitzake eta hori oso arriskutsua izan daiteke.

HELENA: (xuxurlatuz amari) Ezin dut pianoa jo, ama. Bi nota aski lirateke barruan zerbait arraroa dagoela jakiteko! Gureak egin du!

SARJENTUA: Ez zaitezte txutxu-mutxuka ibili eta esan zuetariko nork joko digun pianoa, amak ala alabak? Pianoa nork joko duen galdetzen ari naiz! Gorraizea al duzue! Arma prest daukat!

HELENA: Ondo da. Pianoa nirea da, beraz nik neuk joko dut.

KRISTINA: O, Helena!...Hau amesgaiztoa!

SARJENTUA: Garagardorik ba al duzue? San Joan bezpera ospatuko dugu, bide batez.

SOLDADUA 2: Ideia bikaina! Nork ez du garagardoa maite?!

SARJENTUA: Musika behar da aurrena, dena den. Piano madarikatu hori jo ezazu behingoz, neure printzesa.

Tentu handiz eseri zen Helena piano aurrean eta bere beldurra ezkutatu ezinik ekin zion teklak zapaltzeari. Jada ezin genuen ezer egin.

SARJENTUA: Zer demontre gertatzen zaio piano horri? Zergatik ateratzen du hain soinu bitxia? Ez al da arraroa?

Sarjentuaren begirada piztuz joan zen apurka-apurka, harik eta aurpegian irribarre zoriontsu bat marraztu zitzaion arte.

SOLDADUA 2: Eta zuk zergatik egiten duzu barre, sarjentu?

SARJENTUA: Badakidalako diru-poltsa non dagoen. (Barre ozena) Piano barruan dago, piano barruan!

Jaitsi

x61pRelaContWAR



detalle2

Dokuteka

B2
2007-02-21

x61pRelaContWAR

20655570

x61pViewCountWAR

1240

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR