detalle dokuteka-generico-fitxa

Azken eguneko bidaia: Azken eguzki izpiak

 

Helenak pianoan lehen notak jotzen zituen bitartean, sarjentuaren begirada piztuz joan zen apurka-apurka, harik eta aurpegian irribarre zoriontsu bat marraztu zitzaion arte.

SOLDADU 2: Eta zuk zergatik egiten duzu barre, sarjentu?

SARJENTUA: Badakidalako diru-poltsa non dagoen. (Barre ozena) Piano barruan dago, piano barruan!

SOLDADU 2: Zer? Piano barruan gordeta dagoela? Posible ote da?

SARJENTUA: Tontotzat hartu gaituzue, ezta? Zer esaten duzu orain, politt horrek? "Hemen-ez-dago-dirurik". Baina ez zaitezte kezka, merezi duzuena izango duzue eta.

KRISTINA: Diru hori neure alabak aurreztu du ederki kostata. Urte osoko ahalegina dago hor, poltsa horretan. Estatu Batuetara egin behar duen bidaiarako da, eta bidaia hori...

SARJENTUA: Zaude isilik, atso madarikatua! Eta zatoz hona.

KRISTINA: Ni?

HELENA: Kontuz, ama!

Iluntasuna etorri zen kolpearen ondoren. Inoiz ezagutu dudan iluntasunik luzeena, oso astuna, pentsamenduak ere ito egiten dituen hutsune amaitezina. Kontzientzia izateari agur esan nion, putzu batean erortzea bezala izan zela esan daiteke. Behera eta behera egiten duzu, behera eta behera. Beherago oraindik.

HELENA: Ama? Ama, hor al zaude? Erantzun.

Ahotsa ezaguna egiten zitzaidan. Baina ez, ezin zitekeen Helena izan.

HELENA: Ama, Helena naiz. Erantzun, mesedez.

KRISTINA: Helena, zu al zara? Zer egiten duzu hemen nirekin? Ezin daiteke izan,...Zeu ere hil egin al zara? Helena! ()...

Bien bitartean, Alexander kaian zegoen, Estatu Batuetara irteteko prest. Bere maletak berekin zituela, txartel-leihatilara hurreratu zen. Keinu urduri bat antzematen zitzaion aurpegian.

ALEXANDER: Zer? Ez al da agertu?

SALTZAILEA: Ez, sentitzen dut, eta gero eta txartel gutxiago geratzen dira.

ALEXANDER: Berehalaxe da hemen, ziur nago.

SALTZAILEA: Gauza bera esan didazu orain dela bost minutu. Baina orain txartel bat geratzen da soilik salgai.

ALEXANDER: Zer?! Bat baino ez?

Larrituta, arnasa hartzeko gai ez zela irten zen Alexander bulego hartatik. Ezin zuen gertatzen zena sinetsi. Berak eta Helenak eraikitako ametsa nola hondoratzen zen ikusten zuen. Mingarriegia. Dendatik irten eta espaloian eseri zen Alexander, dardarka, eskuekin aurpegia ezkutatzen zuela. Eta, bat-batean, kai inguruko kale haietatik, Alexanderrentzat oso ezaguna zen pertsona bat agertu zen. Gaztea horrelako egoeran ikusita, abadea gerturatu egin zitzaion. Abadea, bai.

ALEXANDER: Abade, zer egiten duzu hemen? Helenaren berririk ba al duzu, zerbait gertatu al zaio? Esan, hitz egin ezazu, mesedez!

ABADEA: Alexander, zer duzu? Ondo al zaude?

ALEXANDER: Ez, abade, ez nago ondo. Oso urduri nago. Eta zuk, zer egiten duzu hemen orduan?

Gai honen inguruan abadeak ez zuen garbi hitz egin. Estatu Batuetara irten baino lehen Helenarekin hitz egin nahi zuela esan zion Alexanderri. Arrazoia neu nintzela esan zuen. Nire alabaren irteeraren ondoren zer-moduzko animoarekin aurkitzen nintzen jakin nahi zuela mantentzen zuen. Alexanderri zentzuzkoa iruditu zitzaion argudioa, eta ondoren bere kezka azaltzeari ekin zion. Helenaren egoeraz beldur zela, hain zuzen ere.

ALEXANDER: Momentu batez nahigaberen bat gertatu zaiola pentsatu dut. Istripuren bat, nik zer dakit.

ABADEA: Ez esan txorakeriarik. Barkua hartuko zuela esan baldin badizu, hemen egongo da irteten zaretenerako.

ALEXANDER: Txartela erosi behar zuen lehenago, gainera.

ABADEA: Izan dezagun pazientzia apur bat, Alexander.

ALEXANDER: Bai, badut pazientzia. Baina soilik txartel bat geratzen da

salgai, abade. Azkena.

HELENA: Ama, ez dakit zertaz ari zaren hizketan. Ez nazazu beldurtu, benetan diotsut. Ba al dakizu non zauden, ama.

KRISTINA: Ene bada,...

Ingurura begiratzen nuen arreta handiz. Ezin nuen horrelakorik sinetsi.

HELENA: Egongelan gaude, etxean. Eta soka batekin lotu gaituzte soldadu hauek. Konturatzen al zara, ama? Ezin gara mugitu.

KRISTINA: Sinestezina da, bizirik nago oraindik... Bizirik gaude biak!

HELENA: Horixe bizirik gaudela. Kolpe bana eman digute buruan, besterik ez.

KRISTINA: Hau lasaitua! Amesgaizto baten barruan geundela iruditu zait, Helena.

HELENA: Eta zer egingo dugu orain, ama? Nola hartuko dut barkua!

KRISTINA: Nola hitz egin dezakezu horrela? Hartuko ez duzu ba!

HELENA: Ez dakit ama, soka hauetatik askatzeko laguntza beharko dugu. Lagundu, mesedez! Ba al dabil inor kalean!

KRISTINA: Goizeko bostak dira, Helena. Nekez entzungo dituzte oihuak.

HELENA: Lagundu, mesedez! Hemen barruan gaude!

Eta orduan nire irudimena piztu egin zen, bat-batean. Helena askatzeko irtenbide bat bururatu zitzaidan.

KRISTINA: Badakit zer egingo dugun, Helena!

HELENA: Ideia bat izan al duzu?

KRISTINA: Sutzarra! Gaurko eguneko sutzarra! Mugi al zaitezke?

HELENA: Bai, baina ez dakit zer esan nahi duzun.

KRISTINA: Lorategiko sutzarrak oraindik su pittin bat dauka. Soka erreko dugu, ez al duzu ulertzen?

HELENA: O, abenturazalea zaitugula dirudi, amatxo.

KRISTINA: Ez da adarra jotzeko momentua. Joan gaitezen lorategira.

Eta halaxe lortu genuen Helenak eta biok soka hartatik ihes egitea. Tentuz hurbildu ginen sutzarraren azken bizi arrastoetara, eta azkenean... libre!

HELENA: Puskatzen ari da, ama, puskatzen ari da!

KRISTINA: Indarra egin ezazu (egintzazu), tira, hori da!

HELENA: Lortu dut, lortu dut! Itxaron, utzi laguntzen.

Kaian, berriz, Alexanderrek eta abadeak barku hartan Helenarentzat eserleku bat lortzeko ahaleginetan zebiltzan. Txartel-leihatilara bueltatu ziren berriro ere.

ALEXANDER: Zer? Salgai al dago oraindik txartel hori?

SALTZAILEA: Bai, gazte, halaxe dago, baina barkua aurki irtengo da.

ABADEA: Eta zera, gauza bat eskatu nahi nizuke. Posible al da barku honetarako txartel bat erreserbatzea?

SALTZAILEA: Nola erreserbatu? Ez al duzue erosi nahi?

ALEXANDER: Nire andregaia da diru kantitate hori duen pertsona, baina ez da oraindik iritsi, bidean behar du.

SALTZAILEA: Sentitzen dut, baina konpainiak ez du horrelako eragiketarik onartzen.

ABADEA: Iritsiko da, Alexander. Izan ezazu (izantzazu) konfiantza.

ALEXANDER: Zein burugabea izan naizen nirekin etorriko zelakoan! Orain dena garbi ikusten dut: engainatuta bizi izan naiz, amets itsu batean! Helenak ez du nirekin etorri nahi izan. Hori da dena.

HELENA: Ikusten, ama? Ez dago ezer piano barruan. Diruarekin hegan egin dute putre horiek.

KRISTINA: Gerran gaude, zer espero zenuen?

HELENA: O, hau amesgaiztoa, ama. Alexander Estatu Batuetarantz irtengo da laster eta nik ezin izango dut berarekin joan. Gure nahia hori zen, ama, bidaia hori elkarrekin egitea. Hau nahigabea Alexanderrek hartuko duena! Portuan egongo da bakarrik une honetan.

KRISTINA: Zerbait bururatzen ari zait. Ez daukazu etxean diru gehiagorik, ezta?

HELENA: Ez horixe. Zergatik galdetzen duzu?

KRISTINA: Helena, eman behar dizudan zerbait onartuko duzula zin egin behar didazu. Honetaz ari naiz.

Eskua soinekoaren patrikan sartu nuen, zerbaiten bila.

HELENA: Ama, ezin dut horrelakorik onartu... Aitak oparitu zizun poltsikoko erlojua da!

KRISTINA: Ez zaitez tuntuna izan. Erlojua portuan saldu, eta txartela erosteko adina diru lortuko duzu.

HELENA: Aitak oparitutako erlojua saldu! Nola egingo dut ba hori!

KRISTINA: Entzun, Helena. Ezin dezakezu maite duzun pertsonarekin egoteko minutu bat ere galdu. Eta badakit zer esaten dudan.

HELENA: Ez dut sinesten oraindik. Zin egiten dizut barku hori hartuko dudala. Azkenean bidaia hori egin dezaket, mila esker, ama!

KRISTINA: Zoriontsua izango zara, Helena.

HELENA: Bai, nik ere hala uste dut. Begira ezazu leihotik. Ikusten al dituzu eguzkiaren lehenengo izpiak, han, mendien gainetik? Horrek egun berri baten etorrera esan nahi du. Eta hala gertatuko da nire bizitzan ere, ziur nago.

Helenaren azken hitz haiek inoiz entzun ditudan gazi-gozoenak izan dira, dudarik gabe. Berak itxaropena soilik ikus zezakeen momentu hartan, baina nire kasuan guztiz kontrakoa esan nahi zuen. Bidaiaren amaiera, azken txanpa, nire munduari agur esateko unea; nahiz eta aurretik denbora pittin bat geratzen zitzaidan. Gau hartako sutzar haiei guztiei bezala.

Jaitsi

x61pRelaContWAR



detalle2

Dokuteka

B2
2007-02-21

x61pRelaContWAR

20654344

x61pViewCountWAR

1394

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR