Dokuteka
Azken eguneko bidaia: Helenaren asmoen berri izan zuen azkenean
Nik oraindik ez nekien opari hori, nire senarrak oparitutako erloju hori, ez zela Helenak ezkutuan zuen sekretua. Niretzat, Alexanderrek eta berak zituzten planak ziren oraindik misteriorik handiena. Baina, bien bitartean, Helenak ez zekiena zera zen, nire denbora betiko agortzen ari zela.
Dena den, beste edozein gau izango balitz bezala jokatu nuen nik Helenaren aurrean, nahiz eta hura ez zen urteko egunik arruntena. Niretzat izango nuen azken eguna San Joan Bezpera izango zen, ez besterik. Urteko egunik luzeena. Urtean zehar aurki daitezkeen 24 ordurik argitsuenak dira; eta, horrexegatik, jaioberriek eta amonek, helduek eta umeek, zahar eta gazte, guztiek ospatzen dute egun hau.
Gure kasua ez zen salbuespena izan, eta hantxe nengoen ni, Helena eta Amelia Muruaren konpainian, azken honen etxeko leihoetatik begira.
HELENA: Begira! Begira umeek sutzarren gainetik nola egiten duten salto!
AMELIA: Zoragarria da. Ni ez nintzateke sekula ausartuko. Eta zuek?
Oroitzapenak hautatzeko aukerarik balego, momentu konkretu hau gordetzeko ahaleginak egingo nituzke. Helenaren irribarre gaztea alde, batetik; eta sutzarrak, beren txinpartak eta usain sakona, bestetik. Eta zerutik so eginez, gaua egun bihurtzeko gai zen ilargi biribil eta argitsu hura. Bai, agian beste San Joan bezperako batzuekin antza handia izan dezake, baina niretzat berezia zen. Azkena zela banekien, eta horrexegatik akaso iruditu zitzaidan hura guztia lehen aldiz ari zela nire begien aurrean gertatzen. Inpresio oso bizia izan zen. Bizitza eta beste gauza guztiek normaltasunez aurrera jarraituko zutela lehenago edo geroago, ni desagertuta ere.
Etxe barrura egin nuen orduan, bigarren pisuan ospatzen ari zen festa hartara. Xanpain kopak, ekilorez apaindutako paretak; hura bai egun berezia. Gonbidatuek ere janzkera berezia zuten soinean, eskuzorro finak ziren nagusi emakumeengan, eta lihozko alkandorak gizonengan.
AMELIA: Zatoz nirekin, Kristina! Etxea ikusi nahiko duzu, ezta?
KRISTINA: Noski, erakuts iezadazu (erakutsidazu) guzti-guztia.
HELENA: Ba al zoazte zuek biok?
AMELIA: Oraintxe ekarriko dut bueltan zure ama. Gainera zuk, Helena, etxe hau oso ondo ezagutzen duzu.
HELENA: Bai, baina...
Momentu hartan bertan, eta nik orduan honi buruz ideiarik ez banuen ere, Alexander Amelia Muruaren etxera bidean zen. Haren autoa herriko plazatik pasatu zen, oraingoan gure festara bidean. Zergatik? Helenarekin hitz egiteko behar handia zuelako. Gau hartan bertan.
Autoa Ameliaren etxe parean gelditu zen, eta bertatik salto eginez Alexander bera jaitsi zen. Zuzenean neskamearengana jo zuen.
ALEXANDER: Helena andereñoarekin hitz egin nahi dut, mesedez.
NESKAMEA: Helena andereñoa? Eta nor zara zu, nola presenta zaitzaket?
ALEXANDER: Esan iezaiozu (esaiozu) Alexander naizela. Horrekin nahikoa izango da.
Neskamea festara pasatu zen, gonbidatuen artean nola edo hala aurrera eginez. Handik pixka batera, bi emakumeak festatik atera ziren
HELENA: Non dago bera?
NESKAMEA: Jaitsi atariraino. Han aurkituko duzu.
Bihotza saltoka zebilkiola abiatu zen Helena eskaileretan behera. Eta neskameak esan bezala, hantxe aurkitu zuen Alexander, etxe hartako atarian zain.
ALEXANDER: Zer, Helena? Ba al zatoz nirekin? Zer esan dizu amak?
HELENA: E... Ez didazu sinetsiko baina,...
ALEXANDER: Hitzik ere ez diozu esan, ezta? Bikain.
Nahiz eta biak isilik gelditu, ez ziren beste pertsona baten presentziaz konturatzeko gai izan. Abadea eskaileretan behera jaitsi zen orduan. Baina eurak berriro ere hizketan hasi zirenean, ilunpean geratu zen elkarrizketa entzuten.
ALEXANDER: Zeu zinen nirekin etortzeko irrikitan zegoena, Helena. Horretaz ziur zeunden. Ez dakit zergatik ez duzun aintzat hartzen bihotzak esaten dizuna.
HELENA: Ez da hain erraza, nire ama da, eta horrek min egingo lioke. Badakizu zer esan nahi dudan, berak nire ondoan igaro nahi du uda guztia. Nola esango diot nik orain zurekin Estatu Batuetara joateko asmoa dudala, e?
Abadeak aitaren egin zuen egoera zein zaila zen ulertu zuenean.
ALEXANDER: Ondo da, gera zaitez hemen orduan. Baina badakizu ordu batzuk barru nik portuan egon behar dudala. Agur esan beharko diogu elkarri, Helena. Emaidazu eskua, etorri hona.
HELENA: Ez, Alexander, ez. Gu biok ez gara elkarrengandik aldenduko, niri dagokidanez behintzat.
ALEXANDER: Zer esan nahi duzu, (pozik) nirekin etorriko al zara?!
HELENA: Oraintxe bertan igoko naiz eta amarekin hitz egingo dut. Behingoz egia esango diot, gure asmoa zein den adieraziko diot. Zuk eta nire amak agur esan diozue elkarri, ezta? Itxaroidazu orduan portuan, bihotza. Oraingoan ez dizut hutsik egingo.
ALEXANDER: Estatu Batuetara orduan?
HELENA: Estatu Batuetara, bai. (Elkar musukatzen dute) Agur, Alexander.
ALEXANDER: Zain egongo naiz. Gero arte.
Alexander ataritik irten eta bertan Helena bakarrik utzi bezain pronto, abadea agertu zen Helenaren aurrean. Bi alditan eztarria garbitzen du eztultxo batekin.
HELENA: Abade! Nola liteke? Hortxe egon al zara elkarrizketa osoa entzuten?
ABADEA: Ez naiz eztabaidan hasiko, Helena. Denbora gutxi dugu eta hau guztia konpontzeko.
HELENA: Neure bikotekidea eta bion arteko erabakietan sartu behar al duzu orain, abade?
ABADEA: Hau guztia zure amarengatik egiten dut, ez beste edonorengatik. Ezin dezakezu, Kristina, hemen bakarrik utzi.
HELENA: Estimatuta dago gutaz kezkatzea, baina soilik hilabete pare baterako da. Bi hilabete ez da ezer.
ABADEA: Egun pare bat itxaron ezazu, Helena. Hori are gutxiago da!
HELENA: Zergatik hartzen duzu hain estu hau guztia, abade? Zer gertatzen ari den azaltzea eskertuko nizuke.
KRISTINA: Zertan ari zarete zuek biok hemen?
HELENA: Ama!
ABADEA: Kristina!
KRISTINA: Zerbait gertatzen ari da, ezta? Helena? Abade?
ABADEA: Festaz goza ezazu goian. Horixe da onena.
KRISTINA: Bai, baina Alexander zure bila etorri dela entzun dut, Helena. Horregatik jaitsi naiz.
HELENA: Zerbait esan behar dizut, ama. Eta ez da entzuteko atsegina.
KRISTINA: Tira ba, esan ezazu.
ABADEA: Barka iezadazue (barkaidazue) andereok, baina bakarrik utziko zaituztet.
HELENA: Niregatik ez zaitez joan, berdin dio. Esan behar dizudana, ama, zera da, badakizu Alexander gaur goizean Estatu Batuetarantz irtetekoa dela, ezta?
KRISTINA: Bai, negozioetara doa, ez al da hala?
HELENA: Hala da, bai. Bi hilabeteko kontua da, abuztura arte. Eta orduan, zera, bidaia hori bioi elkarrekin egitea gustatuko litzaiguke. Elkarrekin egiten dugun lehen bidaia izango litzateke, eta ozeanoaren bestaldera, hain herrialde bitxira, hasieratik amets bat izan da gu biontzat, ama, baina atzora arte ez nion Alexanderri esan berarekin joateko asmoa nuela. Atzo bertan esan nion, eta berak ezin zuen sinetsi, pozez zoratzen geunden; eta ordu batzuen buruan, dena guztiz aldatu da. Uler ezazu nola senti naitekeen.
KRISTINA: Eta gastuetarako zer? Ba al daukazu behar adina diru?
HELENA: Nahikoa aurreztea lortu dudala uste dut, baina orain ez da hori kezkatzen nauena, ama; gaizki sentitzen naiz neure buruarekin kontu hau dela eta.
KRISTINA: Ba ez,...ez da inongo bekatua egin nahi duzun hori, Helena. Ez zaitez tuntuna izan.
ABADEA: Nola? Ez zaizu inporta?
KRISTINA: Gaztea zara, maiteminduta zaude eta zure bikotekidearekin bidaiatzeko aukera duzu. Zergatik sentiarazi beharko ninduzun gaizki ba?
HELENA: Zoragarria da ama. Ez dakizu zein zoriontsu egin nauzun! Goazen oraintxe bertan, ekipajea erdi prestatuta daukat eta ene... ordu batzuk barru Estatu Batuetarantz noa!
Momentu hartan tximistak bitan banatu banindu bezala sentitu nintzen. Txikituta, betiko galdua. Alabaren aurrean, aldiz, irribarretsu azaldu behar nuela esaten nion etengabe neure buruari. "Ez ezazu (etzazu) irribarre hori gal" esaten nuen nire baitarako, "ez dadila kezka, zer kulpa dauka ba berak?".
HELENA: Maite zaitut, ama. Baina jakizu alaba tuntuna duzula.
KRISTINA: (irribarre txikia)
HELENA: Beldur nintzen ulertuko ez ote zenuen. Egoera hau ezkutatzen ibili gara egun osoan. Barkatzen al didazu, ama? Barkatzen al didazu benetan?
Bereziki une hartan eutsi behar izan nien malkoei: Helenak egia osoa esateaz gain, zoriontasun aurpegi garden horrekin begiratzen zidan.
KRISTINA: Barkatuko ez dizut ba? Ez ezazu (etzazu) txorakeriarik esan. Baina utz dezagun festa hau eta goazen elkarrekin zure azken momentu hauek pasatzera.
Festa uzteko momentua iristear zegoen, beraz, orain Helena eta Alexanderren egia jakinda. Kolpea hartu nuen, hori ezingo dut inoiz ukatu, baina alabarekin egiazkoa izateko bide bat ere bazen. Jada ezin nuen ezer galdu; bai, ordea, irabazi. Horretarako, irtenbide bakarra gelditzen zitzaidan: Helenari neure egia esatea.
