detalle dokuteka-generico-fitxa

Azken eguneko bidaia: Laku magikoari ongietorria

KRISTINA: Azkarrago, Dora, trenak alde egingo dit eta!

DORA: Lasai, andere, lasai... Tren hura hartzen baldin banuen, orduan hasiko zen nire benetako bidaia. Inoiz izan dudan sekreturik itogarriena agerian uzteko egin nuen bidaia ahaztezin hura. Baina sekretu hori benetan askatzeko (argitzeko) gai izango al nintzen? Prest al nengoen orduan?

DORA: Makina madarikatua, mugi zaitez...

Gure parean tren bat ikus genezakeen. Lehenengo trenbidean zegoen, patxada ederrean, eta momentu batetik bestera martxan jarriko zela ondo genekien biok. Zerbait erabaki behar izan genuen.

DORA: Hementxe utziko zaitut. Hartu maleta.

KRISTINA: Zer? Baina,...nola?

DORA: Azkar, alde egin ezazu beranduegi izan baino lehen.

Dorak ez zekien orduan bere hitzek gordetzen zuten egia. Tren horrek nire bizitzan, aurretik gelditzen zitzaidan denboran, ikaragarrizko garrantzia izan zezakeen. Ikaragarrizkoa. Eta emozio handia sentitzen nuen nik horrexegatik.

KRISTINA: Aizu, Dora,... zera...

DORA: Idatziko didazu handik. Ez ezazu (etzazu) orain denborarik gal.

KRISTINA: Mila esker, Dora.

DORA: Agur. A, Idatzi, andere! Idatzi laku magikotik!

Pentsatuko duzuen bezala, ez nintzen gehiegi berandutu; eta azkenean, nahiz eta aurreko gauean ezin imajina nezakeen, txartela erosi eta goiz hartan trenaren barruan nengoen.

TXARTEL-ARDURADUNA: Txartela, mesedez.

KRISTINA: Bai.

Orduantxe jakin nuen ez zegoela atzera bueltarik. Handik bost ordura, Helenarekin egongo nintzen, haren ondoan, neure alabaren konpainian. Hura zen bidaiaren hasiera, baina nola bukatuko ote zen?

Bien bitartean, kristalaren bestaldean Dora ikus nezakeen airean bere eskua astintzen, adio esaten autoaren gainetik. Neuk ere agur esaten nion bihotz-bihotzez, urduri, oso urduri, baina esker onez. Laku magiko hartara nindoan, bai, berak esan bezala. Baina distantzian elkarri begiratzen genion bitartean, ez nintzen gauza batez ohartu: inoiz ez niola handik eskutitzik idatziko. Inoiz ez.

Bidaiaren zati luze bat lotan eman nuen. Eta agian aurreko gauean lo pixka bat baino egin ez nuelako, jaioberri baten moduan hartu nuen atseden. Begiak ireki nituenerako, bide erdia atzean utzita genuen. Denborak nire hatz artean harea bailitzan egin zuen ihes. Hegan. Hala, sentsazio atsegin bat nabari nuen nire baitan.

Leihoaren ondoan nengoen eserita; eta egun argitsua zenez, gustura asko egon nintzen hantxe lo-tarte hartatik esnatu bezain pronto. Zerua oskarbi zegoen, eta soroek urrearen kolorez tindatutako azala erakusten zuten. Azal leun haren gainean nekazariak eta abereak ikus zitezkeen nonahi. Arima bakealdi isil batean murgiltzen zuten irudiak ziren haiek. Nire azken bidaia ahaztezin hura ederragoa egin zuten, dudarik gabe.

Trenaren barruan, nire alboan emakume edadetu bat eta bere seme heldua zeuden eserita. Atentzioa eman zidaten, semea ozen ari baitzen hitz egiten. Gizon argala zen, biboteduna eta ondo jantzitakoa. Eta bazirudien trenean sartu aurretik taberna-zuloren batean ordu pare bat edo eman zuela. Nabarmena zen, beraz, edanda zegoela eta horrek bere amaren lotsa suspertzen zuela, komikotasun handiz.

ANDEREA: Jonas, itxi ezazu ahotzar hori, faborez! Ez al zara konturatzen jendea begira dugula?

JONAS: Ba begira dezatela, zergatik jantzi nauzu bestela hain txukun eta dotore, ama maitea?

ANDEREA: Niri ez adarrik jo gero, e! Etxerako emakume fin baten bila upel artean xahutzen duzun denboraren erdia pasatuko bazenu, a zer negozio biribila egingo zenukeen, Jonas!

JONAS: Maitasunari negozioa esaten al diozu?

ANDEREA: Ez dut hori esan nahi izan, badakizu zuk ondo.

JONAS: Gainera, zuk aipatutako emakume fin horiek guztiak ezkonduta daude, ondotxo dakit nik hori. Adibidez,... zu, andere.

Gizon hura, Jonas, niregatik ari zela jakin nuen orduan.

KRISTINA: Nor? Ni?

JONAS: Bai, aizu, nire amak zalantza asko dauzka bere burutxoan...

ANDERE: Jonas, mesedez, utzi zazu (uztazu) anderea bake santuan!

JONAS: Eta zera jakin nahiko luke, zu... zera, zu emakume ezkondua al zara? Janzkera xarmant horrekin, zure eskuetan suma daitekeen leuntasun horrekin, zuk senarra eduki behar duzu, derrigor.

Ez nion ganoraz erantzun ez niolako konbertsaziorik eman nahi, baina onartu beharra daukat, bai, umorezko unea izan zela.

KRISTINA: Lo-kuluxka bat egin nahi nuke, hori da dena...

Nire senarraren itzala sentitu nuen orduan, ahaztuta neuzkan gauza guztiak ilunpetan itoz. Oraindik urtebete ere ez zen nire senarra hil zela, eta bidaia hartan, bereziki, ezinezkoa zitzaidan hura burutik kentzea. Iazko abuztuan hil zen, bai, lakuaren ertzean zegoen etxe hartan, hain zuzen. Laku magiko hartan.

MARIA: Kristina al zara? Zer egiten duzu hemen, baina?

Burua altxatu eta Maria ikusi nuen, treneko pasabidearen erdian. Emakume argala, altua, herrian gure lagun mina zen Maria.

KRISTINA: O, kaixo Maria. Zer moduz? A, baina mesedez, eser zaitez nire ondoan...

Mariarekin topo egin nuenean, ordu erdi baino ez zen falta Helenaren herrira iristeko. Beno, orain bata bestearengandik oso gertu bizi direnez, Mariaren herria dela ere esan daiteke.

KRISTINA: Maria, ba al dakizu Helenarengana joateko bidean naizela?

MARIA: A bai? Berak ez zidan ba ezer esan!

KRISTINA: Noski, ezer ez daki eta. Bere piano-klaseak bukatuko al zituen, dagoeneko? Zoragarria izango litzateke gaur ikaslerik ez baletorkio etxera.

Hizketan hasi ginen lehen instant hartatik Maria nahiko isilik topatu nuen. Beregan ohikoa zen baino bizitasun eskasagoa nabarmendu nuen haren hitz egiteko moduan. Maria ez zen pertsona lotsatiegia. Sarritan izaten zen gure etxean afaltzen edo musika jotzen. Helenak bezalaxe, Mariak ere pianoa jotzen zuen, nahiz eta kasu honetan Mariak ez zituen piano-klaseak ematen, ospitalean egiten baitzuen lan erizain gisa.

KRISTINA: Ez al da sorpresa zoragarria izango? Berak ez daki tutik ere bisita honi buruz.

MARIA: Oso zoriontsu egingo duzu orduan, oso zoriontsu.

KRISTINA: Hala espero dut, bai.

MARIA: Agian, beste pertsona bat ere ezagutuko duzu han, baina ezin dizut besterik esan...

KRISTINA: A, bai?

Irribarretsu egonda ere, haren begiek ezin zuten iruzur egin: Maria triste zegoen, minduta. Baina ez nintzen ausartzen arrazoia zein zen galdetzera. Batez ere, Maria bera herrialdean genuen gerra nola bizitzen ariko zen etorri zitzaidan burura. Esan bezala, hark ospitalean egiten zuen lan; beraz, azken urtean oso gauza desatseginak ikusiko zituela pentsatu nuen. Ezin nuen besterik imajinatu.

MARIA: Begira, begira, hara non dagoen lakua. Iritsi gara herrira.

Benetako poza ikusi nuen haren begietan, tximista baino azkarragoa zen ilusioa. Eta ez zen gutxiagorako. Lakua, trenaren leihoen bestaldean, inoiz baino ederrago zegoela iruditu zitzaidan. Eguzki-izpiek briztadak ateratzen zituzten ur gainean, eta jendea lakuaren ertzean zegoen, belarretan etzanda, pasieran, edozertan. Azkenean lortu nuen, herrian nengoen, laku magikoan.

MARIA: Ez al da zoragarria?

Ondo nekien nik zein zen laku haren xarma, nire bizitzako azken hogei udak hantxe pasatu bainituen. Nik eta nire familiak, noski.

TXARTEL-ARDURADUNA: Lakuaren geltokia! Lakuaren geltokia!

MARIA: Hementxe jaitsi behar duzu, ezta?

KRISTINA: Bai, hementxe. Horrelaxe (Holaxe) ba Maria, zorte handia izan dezazula, aizu! Eta, agian, gaur gauean ikusiko zaitut.

MARIA: Gaur gauean, zer ba?

KRISTINA: Gaur San Joan gaua da, emakumea! San Joan! A zer burua duzun...!

Animoso sentitzen nintzen, ezerk geldiaraziko ez banindu bezala, irribarrea ezpainetan nuela. Horrelaxe esan nion agur Jonas gizajoari, bere amari eta Mariari berari, elkar berriz ikusiko genuen azkeneko aldia izango zela pentsatuz. Baina oker nengoen, ostera ere topo egin baikenuen Mariak eta biok. Eta ez nolanahi, gainera.

Etxerako bidean, lakutik pasatu beharrean etxerantz egin nuen zuzenean. Helena ikusteko, luze besarkatzeko irrikitan bainengoen, ilusioz beterik. Eta udako nire etxe hura parean izan nuen arte ezin nuen sinetsi han nengoenik. Leiho zabal horiek, balkoi zuzenak, teila gorrixka guztiak begien aurrean nituen. Han nengoen, bai, baina aldi berean ezin nuen sinetsi. Momentu hartan konturatu nintzen orduan hastera nindoana nire bizitzako bidaia zela. Azkenekoa eta benetakoa. Eta hura, nire benetako etxea. Bakarra.

Sarrerako atea oraingoan ere irekita zegoen, eta barrura sartu nintzen. Baina, bat-batean, ezusteko ikaragarria hartu nuen: gizon gazte bat egongelaren erdian zegoen. Zutik. Zer egin ez genekiela begiratu genion elkarri. Zein izan zitekeen pertsona hura? Hori izan zen nire bidaiako lehen galdera. Zer egiten zuen nire etxean?

Jaitsi

x61pRelaContWAR



detalle2

Dokuteka

B2
2007-02-21

x61pRelaContWAR

20654269
00:11:11

x61pViewCountWAR

1227

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR