Dokuteka
Agerraldia 5 Atala 7
CAROLINA: Bai, Maite, bai. Zure amak uste du telenobelako Silviari gertatzen zaion guztia berari gertatu behar zaiola!
MAITE: Etzazu horrelako lelokeriarik esan, Carolina!
CAROLINA: Baietz, ba! Benetan, Maite!
MAITE: Nola usteko du, ba, hori?
CAROLINA: Jakina, zuk eta nik ezin ulertu, laztana, guk ezin ulertu! Baina bera... bera konbentzituta dago.
MAITE: Baina noiztik, Carolina? Noiztik erabat konbentzituta?
CAROLINA: Ba, ez nizuke seguru esango. Gogoan dut lehendabiziko kapituluetan Silvia horren bizitzak eta bereak zer-nolako antza eta zer-nolako kidetasuna zuten, eta abar, nola kontatzen zidan... Ordukotxeak dira gure energi ekitaldiak ere!
MAITE: Zer energi ekitaldi, gero?
CAROLINA: Hara, nola esango dizut... Nik energia positibo asko daukat, bihotza, energia falta duten pertsonei ematen diet... Zure ama... txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, badakizu... ba, zure ama beti kontrakoa izan da; alegia, nik energia positiboa bezala, berak energia negatiboa gehiago beti...
MAITE: Ja!
CAROLINA: Eta bere bizitza gainbehera zihoala ohartu zenean, laguntza eskatu zidan... eta hortik aurrerakoa badakizu! Eguna amaitu baino lehen, energia ematen diot, eta horrela, ba, gutxienez hurrengo eguna poliki samar pasatzeko lain behintzat bada.
MAITE: Zuk emandako energiari esker, jakina!
CAROLINA: Bai. Oso lan neketsua da, bihotza! Ez diot inori ere opa nire lan hau. Egunez energia zurrupatzen didate. Eskerrak asko daukadan, e!, eskerrak horri... Ba, egunez energia zurrupatu, eta gauetan, gezurra badirudi ere, masaje on batekin nahikoa dut berriro indarberrituta sentitzeko...
MAITE: Nire amaren pilak kargatu ondoren...
CAROLINA: Beno, ba... horrelako zerbait, bai! Ikusten duzu, laztana! Baina... egia, e!, bizimodu hau... ezta, ezta... Aizu baina, Maite! Zuk ere energia positibo asko duzula esango nuke, e! Ba, badakizu, nahi bazenu, behintzat, bihotza...
MAITE: Lasai, Carolina! Nik neronek kargatzen ditut neure pilak!
CAROLINA: Bai, baina besteei laguntzeko modua erakutsiko nizuke, laztana! Esan dizut: oso neketsua da, baina, hara!, eguna amaitu eta egun horretan zenbat ekintza on egin duzun pentsatuz oheratzeak ere asko balio du, bihotza... Barne-poz horrek? Asko baino ere asko!
MAITE: Ene, ene! Kalkutako Teresa bezala sentituko zara, orduan, zu!
CAROLINA: Ez pentsa! Aizu, baina... ez zitzaidan, gainera, inoiz bururatu! Ba al dakizu konparaketak egiteko erraztasun handia daukazula, laztana? Hori da buru argia hori!
MAITE: Zer erremedio!
