Dokuteka
Agerraldia 5 Atala 10
MAITE: Ederki! Ikusten nago oraindik neronek izango ditudala kulpa guztiak: ni naizela errudun!
CAROLINA: Ba, ez nuke ezetzik esango! Eta... ea horrela den, gainera!
MAITE: Horixe baietz! Eta ni hain arduratsua, zuk esan duzun bezala, hain arduratsua izateagatik joan zaie hain gaizki aitari eta amari; eta ni naizen bezalakoa izateagatik da amona den bezalakoa; eta, azkenean, azkenean ni naiz hemen etxe guztia ipurdiz gora jarri duena, zergatik? eta, alaba finegia izateagatik!
CAROLINA: Maite, ba, ea arrazoietako bat hortxe dagoen! Ea, e!
MAITE: Eta zer egiten ote zuten, ba, gizajo horiek ni jaio aurretik? Carolina, mesedez..!
CAROLINA: Nik ez dut esan errudun bakarra zu zarenik, e!
MAITE: Horixe entzutea besterik ez nuen behar!
CAROLINA: Etzazu gaizki hartu, laztana, baina pixka bat arduragabeagoa izango bazina, zure adineko neskei dagokien bezala, batere kalterik ez!
MAITE: Kalterik ez? Ai, koitadua, koitadua! Elkar jango lukete horiek; horixe, elkar jan! Zer ote dakizu zuk gure etxeko berri?
CAROLINA: Ba, etzazula uste! Ea; gainera, horixe genukeen onena gauzak bere onera etortzeko! Begira, ohar zaitez zeure buruaz, laztana: estudioak ondo, lana eta diru pixka bat ere bai, mundu guztiari aholkuka... amarekin, aitarekin eta baita amonarekin ere denekin harreman onak! Kontxo, ez da oso normala ere, ezta, bihotza?
