Dokuteka
Agerraldia 6 Atala 5
"Tok-tok" atean.
MAITE: Ama!
AMA: Pasa.
MAITE: Zer egiten duzu ohean etzanda?
AMA: Hementxe, buruko minak akabatzen. Ez dut batere lorik egin!
MAITE: Eta amona?
AMA: Bere gelan izango da.
MAITE: Eta hor egon al da goiz osoan?
AMA: Ez, Ernio puntan! Non, ba? Hobe bai hori ere noizbehinka kanpora irtengo balitz!
MAITE: Seguru al zaude gaur ez dela irten?
AMA: Ez al dizut esan hortxe egon dela, goiz osoan hortxe sartuta, irrati bedeinkatu horrekin auzo guztia erotu beharrean?
MAITE: Bai, irratia bai, baina amona? Ez zarela joan gela barruan ote zegoen begiratzera?
AMA: Noski ezetz! Baina zergatik hainbeste galdera? Ez al dakizu amona ez dela inoiz kalera irteten?
MAITE: Bai, baina...
AMA: Hori da atarramentua daukaguna etxean irrati zahar horrekin! Gaur ere burua lehertu ez didanean! Gainera... hara, nik uste propio egiten duela. Seguru nago. Zenbat eta nik buruko mina handiagoa, orduan eta altuago. Bost axola zaio, ba, horri!
MAITE: Ama, amonak ez lizuke horrelakorik egingo.
AMA: Amonak, zuk eta denek. Lehenbailehen begi bistatik galdu nahi nauzue eta! Zerbait goxatu beharrean, bizitza garrazteko bestetarako ez zarete denok!
MAITE: Bai, oraintxe asmatu duzu!
AMA: Egia da eta!
MAITE: Eta? Sorginak ere bai? Hark ere asko garrazten al dizu bizitza?
AMA: Zer sorginek, gero?
MAITE: Anbotokoak ez, behintzat! Eta niri tuntun-aurpegirik ez, e!, badakit eta norekin diren zure entrebista horiek!
AMA: Nork esan dizu?
MAITE: Badakit, eta ixo! Hobe zenuke txorakeria horiek utzita lan serio baten bila hastea! Zeuk ikusiko duzu zer egiten duzun, baina ni ere neure kontuak ateratzera noa. Niretzat ere nire lanak dira aurrena, eta horiekin nahikoa eta gehiegi daukat, ikasturtea aprobatu behar badut! Kokoteraino oraintxe...
