Dokuteka
Agerraldia 9 Atala 7
"Din-don" tinbrea.
AMONA: Oraintxe, irratia entzutera nindoanean hau ere!
Atea ireki du.
AITA: Keai, ama!
AMONA: Momenturik onenean, beti bezala!
AITA: Sentitzen dut, ba, ama; ez nuen inor molestatu nahi.
AMONA: Ez, zuk ez duzu inoiz inor molestatzen... atea jo arte!
AITA: Horiek badira seme batentzako moduko hitzak!
AMONA: Eta zuk noiz lan egiten duzu? Beti hemen bueltaka jarrita! Ez naiz asko harritzen familia aurrera ateratzeko gauza ez izatea!
AITA: Zuk hainbeste diru edukita, zertarako ni lanean hasi, alfer-alferrik denbora galtzeko?
AMONA: Lotsatu ere ez zara egiten!
AITA: Ama, askotan hitz egin dugu horri buruz. Nahikoa lan badaukat nik lanik ez egin nahi izateko: ama hala-hola; alaba gaizki; emaztea, berriz, auskalo zer dabilen...
AMONA: Eta, zeurerik ez al duzu aipatu behar, txotxolo horrek? Alabari, behintzat, eskerrak pasa zaion! Oraintxe joan da. Beraz, harekin hitz egin nahi baduzu, beste momenturen batean harrapatu beharko duzu... bost minutu ez da alde egin duela.
AITA: Hara! Eta nora joan da?
AMONA: Nik zer dakit, ba? Zer uste duzu zuk, bere idazkaria naizela ni, edo?
AITA: Ez, ez, ez. Erraza dago, ba, etxe honetan elkarren berri jakiten, erraza dagoenez! Zerorri ere kalera joan, eta ez zara gero akordatzen behintzat eta!
AMONA: Hori ez da zure kontua!
AITA: Badakit, ez dela... baina, aizu, ez al didazu pasatzen ere utzi behar?
AMONA: Ez uztea hobe!
AITA: Ama... Maritere hemen izango da, ba?
AMONA: Bai, bere gelan dago, zintzo-zintzo, eta hura ere ez molestatzea nahiago nuke. Azaltzen zaren bakoitzean, bere onetik atera, eta hura baretu arteko onik ez dugu izaten!
AITA: Ba, badaukat, ba, berarekin hitz egin beharreko asunto... asunto larri samar bat!
AMONA: Zer ote da?
AITA: Gure arteko gauzak...
AMONA: Eta zeure amari ere ez al diozu kontatu behar?
AITA: Ez, ee... ez da ezer, paper batzuk, besterik ez...
AMONA: Zer paper?
AITA: Esaten dizut, ba, ezer ez... etxera iristen diren karta batzuk...
AMONA: Ui! Neronek emango dizkiot.
AITA: Ez, ez, nahiago dut neronek ematea. Pertsonalak dira bai eta... Baina utziko al didazu barrura sartzen?
