Dokuteka
Agerraldia 9 Atala 5
TXARO: Ez, ez, eta ez! Eszena hau ez da behar bezala ateratzen. Indar gehiago behar du!
AMA: A, ba, nik uste oso poliki dagoela!
TXARO: Ez, ez, ez; zerbait falta zaio.
AMA: Zer falta zaio, ba?
TXUSMA: Utziozu, horrela hasten denean ez dio inori kasurik egiten, berak esaten duena bakarrik dago ondo!
TXARO: Hik, Txete, askoz ere konbentzimendu handiagoz hitz egin behar didak. Maitasunarekin ari haiz hizketan, eta ni maitasuna nauk, ulertzen? Ni ez nauk emakume bat. Maitasuna bera nauk.
TXETE: Eta nola hitz egin behar zionat Maitasunari, ez badinat ezagutzen?
TXARO: Eta Txuma, berriz, gorrotoa duk, ulertzen? Ez gizonezko bat, gorrotoa berbera! Konturatzen al haiz? Hau ez duk bi gizonezkoren arteko lehia. Gizon bakarra, edo hobeto, pertsona bakarra, hi haiz gu hiruron artean.
AMA: Ba, nik uste nuen hirurok zinetela... ba, hori... baina, jakina, nik ez dut antzerkiaz hainbeste ere ulertzen!
TXARO: Zuri zer iruditu zaizu?
AMA: Ba, oso polita, oso erromantikoa.
TXARO: Ikusten?
AMA: Bi gizon, emakume baten maitasuna nork lortuko...
TXARO: Ez, ez eta ez! Mariterek hori ulertu badu, beste guztiek ere horixe bera ulertuko dute. Eta hori ez da!
AMA: A, ez?
TXETE: Orduan, nola hitz egin behar dinat?
TXARO: Ez zekiat, indar gehiagoz, edo, agian, leku-kontua ere izan litekek... Ez zekiat. Hirurok hemen parean jarrita, ez duk ondo antzematen, nor den gizakia eta nor ez... Ea!
TXUSMA: Igual gu goian eta Txete behean jarrita...
TXARO: Bai, baina hori lehengo eskema bera duk.
TXETE: Eta zergatik ez ni goian eta zuek biok behean?
TXARO: Edo Maitasuna goian, Gizakia erdian, eta Gorrotoa behean...
AMA: Hori bai! Horrela bai! Maitasuna beti goian!
