Dokuteka
Agerraldia 15 Atala 7
Kantari alde egin du.
MAITE: Zer esan du horrek? Kartak irakurtzera doala? Zer karta gero... Zuk ez al dakizu ezer, amona?
AMONA: Jesus! Dena nik jakin behar ote dut, ba!
MAITE: Badaezpada ere galdetzen dizut!
AMONA: Zer galdetu, ordea?
MAITE: Ea ezer badakizun amaren karta horiei buruz...
AMONA: Zure amaren idazkaria naizela uste al duzu?
MAITE: Idazkaria ala ez... ederki asko dakizula uste dut norenak eta norentzat diren karta horiek!
TXEMA: Zer karta, ordea?
MAITE: Amak aipatu dituen horiek! Baina zuk ezin jakin, Txema, nola jakin duzu, ba? Ea ulertzen duzun: ikusi al duzu zeinen pozik dagoen ama?
TXEMA: Bai, kantari sumatu dugu, behintzat, eta...
MAITE: Txora-txora eginda dago.
TXEMA: Horrenbeste ez dakit.
MAITE: Nik esango dizut! Ba al dakizu zergatik?
TXEMA: Aitarekin adiskidetu delako?
AMONA: Baita hori ere! Baina bada beste arrazoi bat, beste arrazoi nagusi bat.
MAITE: Zuk ere badakizu, orduan, ezta? Arrazoi nagusia karta batzuk dira; amorante batek beste amorante bati idatzi dizkion kartak. Ez al da hala, amona? Zuk jakin dezazun, Txema, susmo txarrez beteta ibili da aita azken hilabeteotan, amak, nire amak, amorante bat zuela pentsatuz... Izan ere, deskuiduan? Eta kontutan hartu hori? Deskuiduan, ustez amari zuzendutako karta mordo bat jaso baitu lehengo gure etxe zaharrean... Bai?
TXEMA: Ez dakit, ba, ulertzen ere hain erraza den...
MAITE: Oso erraza, Txema, eta... zuri eskerrak, gainera, ulertzen oso erraza! Karta horiek idatzi dituenak ez daki bere amorante edo maite hori ez dela lehengo bere etxean bizi; etxez aldatu egin dela, alegia... Eta, orduan, bere maitearentzat idatzitako karta horiek? Ez ahaztu emakume bien izenak ia berdinak direla, Maritere eta Maria Teresa, ba, karta horiek, esan bezala, deskuiduz, idatzi dituenaren deskuiduz, aitaren eskuetara iritsi dira.
TXEMA: Orduan, karta horiek ez dira zure amarentzat idatziak, zure amonarentzat baizik.
AMONA: Bai, hala da! Karta horiek niretzat ziren.
