Auto elektrikoa: energiaren paradoxa
Ibilgailu elektrikoak erregai fosilekiko mendekotasuna gutxitzen du. Hala ere, herrialde gutxi batzuetatik inportatutako mineral eta materialekiko dependentzia eragiten du, eta horrek ingurumenean du eragina. Benetako trantsizio energetikorako bidean gaude mugikortasunean, ala arazo berri baten sorburuan?
Administrazioa euskaraz aldizkariaren apirileko zenbakian, auto elektrikoari buruz aritu dira. Artikuluaren pasarte honetan, abantailak jaso dira, eta baita ingurumenean zein gizartean sortzen dituzten kalteak ere:
Azken urteotan, auto elektrikoen erabilera zabaldu egin da, eta gero eta presentzia handiagoa dute gure errepideetan. Alde batetik, kezka nabarmena dagoelako iraunkortasunaren eta ingurumenaren zaintzaren inguruan; bestetik, baliabide fosilekiko mendekotasuna murriztuko duen trantsizio energetikoa sustatu nahi dutelako. Azkenik, ibilgailu elektrikoaren aldeko politika publikoek ibilgailu elektrikoa zabaltzen lagundu dutelako, besteak beste, erosteko diru-laguntzen bidez, ikerketa industriala bultzatuz, emisio baxuko eremuak ezarriz edo karga-puntu gehiago jarriz.
Auto elektrikoek hiru atal nagusi hauek dituzte: bateria, motor elektrikoa eta energia kudeatzeko sistema. Haien ezaugarri nagusia da mugitzeko energia baterietatik ateratzen dutela, eta ez erregai fosiletatik. Hori dela-eta, ez dute errekuntza motordunek bezainbeste kutsatzen, eta alternatiba garbiagoa bilakatu dira. Hain zuzen ere, Nature aldizkariaren arabera, batez beste % 9,4 murrizten dute CO2 isuria: ibilgailu bakoitzeko 8,7-85,7 kg gutxiago hilean.
Hain zuzen, Aitor Bergara EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko fisika-irakaslearen aburuz, auto elektrikoen abantaila nagusia da airearen kutsadura murrizten dutela, eta funtzionatzeko kostuak txikiagoak direla. «Batetik, energia elektrikoa erregai fosilen bidez lortutakoa baino merkeagoa da; eta, bestetik, auto elektrikoek mantentze-lan gutxiago behar dute», arrazoitu du. «Gainera, motor elektrikoek erreakzio azkarra eta isiltasun nabariagoa eskaintzen dute, eta horrek gidatze-esperientzia hobetzen du», dio.
Dena den, irakaslearen ustez, desabantaila batzuk ere baditu: «Oraindik kostu altuak dituzte, batez ere bateria eta teknologiaren prezioak direla-eta». Horrez gain, kargatzeko azpiegiturak mugatuak dira, eta karga-prozesu hori luzeagoa da auto tradizionalarena baino. Hori aski ez eta gogoratu du autoaren autonomia murrizten dela, eta horrek eragozpenak sor ditzakeela bidaia luzeetan. Azkenik, Bergararen irudikoz, baterien iraungitzea eta berrerabiltzea arazo nabarmena da, eta ingurumenean du eragina.
Bestalde, ibilgailu elektrikoak errekuntzakoak baino askoz material gehiago behar ditu; hau da, konbustio-autoarenak, eta, horrez gain, beste batzuk ere, hala nola kobaltoa, litioa, nikela eta lur arraroen osagaiak (trantsizio energetikorako funtsezko elementu kimikoak dituzten mineralak). Izan ere, horiek guztiak beharrezkoak dira auto elektrikoak eta beren osagaiak fabrikatzeko. Material kritikoak dira, Europar Batasuna horien mende dagoelako, bere industria mantentzeko eta hornitzeko duten garrantziagatik.
Material estrategiko horiek munduko hainbat lekutatik datoz. Litioa, adibidez, Australiatik edo litioaren triangelu ezagunetik ateratzen da (Bolivia, Txile eta Argentina artean), eta han arazoak dituzte gatz-haranetatik ura ateratzeko eta komunitate autoktonoak lekuz aldatzeko. Lur arraroak Txinatik datoz ia osorik. Kobaltoa Kongoko Errepublika Demokratikotik lortzen da gehienbat, haurren lana eta esklabotza modernoa baliatuz. Gainera, aire zabalean meategiak erauzteak deforestazioa eta biodibertsitatearen galera eragin dezake, beste arazo askoren artean.
Horrenbestez, ibilgailu elektrikoa da mugikortasunerako irtenbiderik iraunkorrena, baina haren ontasunak ezin gaitu itsutu. Egungo garapen-ereduari buruz hausnartzea, energia-kontsumoa murriztea, osagaien birziklapena sustatzea eta gutxiago kutsatzen duten energiak bilatzea, besteak beste, egundoko erronka dira benetako energia-trantsizio justu baterantz aurrera egiteko.
Artikulua osorik irakurtzeko, egin klik hemen.
Argazkia: Pxhere
HIZTEGI LAGUNGARRIA Trantsizio energetiko. Energia-trantsizio; berriztagarriak ez diren energia iturriak baztertu eta energia berriztagarriekin ordezteko ahaleginen multzoa da Emisio baxuko eremu: emisio gutxiko eremu; ibilgailu kutsatzaileren joan-etorriak mugatu diren eremu geografiko bat. Ontasun: egokia edo onuragarria izatearen ezaugarri-multzoa. Ona denaren nolakotasuna. Egundoko erronka: lortu beharreko helburu edo eginbehar oso zaila; erronka oso handia. |