40 urte uhinetan

1982ko azaroaren 23an entzun ziren lehenengoz Euskadi irratiaren hitzak eta geroztik lau haizetara zabaldu du euskarazko kazetaritza. Etxean, lantokian, kiroldegian, autoan...zuk non entzuten duzu Euskadi Irratia?

Lau hamarkada horietan irratiak izan dituen zuzendariek egindako ibilbidearen errepasoa entzun dezakezu Faktoria albistegiko audioan. 

 

 

 

 

 

Irudia: eitb

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Noiz etorriko zain geunden. Zain geunden ea noiz helduko z(ir)en. 

Egoera kaskarrean. Egoera nahiko txarrean.   

Mikrofonoetako estalkirik gabe. Mikrofonoetako zorrorik gabe.  

Bere ardurapean lortu zuen. Bera arduradun zela lortu zuen.  

Mugarrietako bat. Gertaera esanguratsuetako bat.   

Etengabeko jarraikortasun. Jarraipen iraunkor bat, etenik gabeko aurrera-egite bat.  

Ezaugarrietako bat. Bereizgarrietako bat.  

Hori bezalakorik ez zait egokitu. Horren berdinik edo parekorik ez zait suertatu, gertatu.  

Entzulegoa batu. Entzule-multzoa bildu, elkartu.   

Lanabesak eman. Lan-tresnak, baliabideak edo bitartekoak eman.  

 


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Esataria. 1982ko azaroak 23.  

Joxemari Otermin, Euskadi Irratiko lehen zuzendaria. Asteartea zen. Eguerdiko 12ak noiz etorriko zain geunden. Esan nuen eta erabakita geneukan Julian Belokik eta…  

Esataria. Orduan Joxemari Otermin zen zuzendaria, Euskadi Irratiko lehena… 

Joxemari Otermin. Zen apustua, ilusioa… Politikoki egoera zaila eta ekonomia ere egoera kaskarrean. Horiek dauzkat, hola, gogoan.  

Esataria. 30 lagunek osatu zuten orduan lan-taldea.  

Joxemari Otermin. Neurri batean ez niola mikrofono aurrean egoteko jendeari asko begiratu, baizik euskaraz ondo egitea. Eta esaten nuen: “Ikasiko ditek (diate) irratia egiten, baina beharbada gehiago kostako zaiena da euskaraz ondo egitea eta…” 

Esataria. Mikrofonoetako estalkirik gabe hasi zuen bidea irratiak. Orain gorria da, horia zen lehen urteetan. Hori berandu samar etorri zen.  

Joxemari Otermin. Kolore garbi eta potenteak (indartsuak) hartuta zeuden ordurako. Eta berandu samar horregatik, eta horiarekin, eta buruhauste handia izaten zen…  

Esataria. 9 urte eman zituen zuzendaritzan Joxemari Oterminek eta bere ardurapean lortu zuen Euskadi Irratiak mugarrietako bat.   

Odile Kruzeta, Euskadi Irratiko zuzendari-ohia. Ba 24 orduko emisioak hastearena., ez? Horrek informatiboetako gurpilari etengabeko jarraikortasun bat eman zion. Eta etxearen antolaketari ere ba asko eskatu zion.  

Esataria. 2000. urtean Euskadi Irratiaren ardura hartu zuen Odile Kruzetak gogoan du mugarri hori eta baita irratiak nazioartera egin zuen saltoa.  

Odile Kruzeta. Lehengoan, paperak begiratzen, ikusi nuen ba Berlingo Harresia 89an edo erori zela, eta gu han izan ginen, eta gero, Perestroikarekin, Moskun izan ginen. Eta Balkanetako gerra izan zenean, ba Juanjo San Miguelek joan-etorri bat baino gehiago egin zuen. Orduan, hori ere iruditzen zait Euskadi Irratiaren ezaugarrietako bat izan dela, nolabait mugarri batzuk ere… 

Esataria. 40 urte hauetan 3 egoitza izan ditu irratiak. Lehena, hondartza ondo-ondoan… 

Odile Kruzeta. Andiakoa lujo (luxu) bat zen. Kontxara begira lan egitea, hori bezalakorik ez zait egokitu sekula bizitzan. Eta gero, bazuen hasiberrien poz hura.  

Felipe Juaristi, Euskadi Irratiko zuzendari-ohia. 84an edo hasi nintzen lanean Euskadi Irratian, Andia kalean zegoen egoitza zoragarri hartan. Lana egin eta bukatzen genuen hondartzara joaten…  

Esataria. Lehen egoitzan hasi zen lanean, gerora irratiko zuzendari izan zen Felipe Juaristi. Ordutik asko aldatu da irratigintza.  

Odile Kruzeta. Hasieran esango nuke jolaserako tarte eta gai gehiago zeudela. Eta orain informazio asko, era askotakoa. Baina informazioa beti presente dagoela esango nuke.  

Esataria. Baina helburuari eutsi zaio.  

Felipe Juaristi. Nik esango nuke euskal gizartearentzat ezinbestekoa izan dela Euskadi Irratia eta ezinbestekoa dela oraindik. Suposatzen du euskal komunitatea, edo deitu dezagun horrela, euskal entzulegoa batu egiten duela.  

Esataria. Eta egiten ari zenari eutsi diote ondoren etorri diren zuzendariek. Rosa Diez Urrestarazu.  

Rosa Diez Urrestarazu, Euskadi Irratiko zuzendari-ohia. Beti izan dut oso barneratuta zerbitzu publikoa, ez? Asko ikasi nuen, irratia ez nuen ezagutzen, ze(ren) ni kazetaria naiz, baina telebista-arlotik nator, ez? Egia esan, oso eroso eta oso gustura.  

Esataria. Nora doa orain Euskadi Irratia? Gorka Etxebeste, egungo zuzendaria.  

Gorka Etxebeste, Euskadi Irratiko zuzendaria. 40 urteotan gure entzuleak gertu sentitu gaitu. Hori modu askotara esan digute. Gaur nabarmena da ez dela nahikoa, eta eskueran egon beharra daukagula. Alegia, gure ustez irratiak gure gizartearen ispilu izaten jarraitu beharra dauka, guztiaren erdian beti egongo da edukia, eta entzuleen intereseko gaiak jarraitu, sakondu edo aztertzea tokatzen zaigu guri. Gazteei informazioa eta lanabesak eman behar dizkiegula ere pentsatzen dugu iritzi kritikoa osa dezaten. Eta irratiak beti izan duen beste osagarri bat ahaztu gabe: irrati tradizionalak konpainia eskaintzen du. Ezin dugu ahaztu jende askok irratia aukeratzen duela konpainia hori egiten diolako.  

Esataria. Irizpide horiekin aurrera doa irratia, iraganean jarritako oinarriak ahaztu gabe.  

Joxemari Otermin. Irratia egiteko historia bat… Ahoz kuriosoa… Eta Historia kontatzeko gaitasuna izatea. Hori ez da aldatu. Hori egiten duen bitartean Euskadi Irratiak ere etorkizuna, beste 40 urtekoa, izango du gutxienez.  

Felipe Juaristi. Euskadi Irratia da euskaltasunaren garantia bat. Horri eutsi beharra zaio.  

Odile Kruzeta. Itsasargiak behar ditugula, ez?, itsaso horretan nabigatzeko pertsona batzuk, hedabide batzuk, kazetari batzuk, nolabait sinesgarritasuna eskainiko digutenak. Eta mundu konplejo (konplexu) hau hobeto ulertzen eta desdramatizatzen lagunduko digutenak.  

C1
23-11-2022
30016257
00:04:19
368