Eukalipto-basoak ugaritu egin dira

Eukalipto-zuhaitza jada arrunta da gure inguruan. Azken urteotan, ordea, asko ugaritu da.

Eukaliptoaren inguruan egindako ikerketa bati buruz ari zaizkigu Euskadi Irratiko entzungai honetan.

 

 

Argazkia: Ekaterinvor (Pixabay)


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Esataria. Azken urteetan eukalipto-basoen azalera laukoiztu egin dela azaltzen dute uda-hasieran kaleratu zuten txostenean. Arturo Elosegi, EHUko ekologia-irakaslea eta ikerketa burutu duen adituetako bat da.  

Arturo Elosegi, EHUko ekologia-irakaslea. Azkeneko hiru hamarkadetan lau aldiz biderkatu da bere azalera. Gaur egun, ba lurraldearen % 2,7 edo 8 edo horrelako zerbait estaltzen du.

Esataria. 2018ko Euskal Autonomia Erkidegoko baso-inbentarioak 18.750 eukalipto zenbatu zituen. Horietatik 17.000 Bizkaian, batez ere kostaldean. Baina Arturo Elosegi ekologia-irakaslearen esanetan Gipuzkoan ere ugaritu da espezie hau.  

Arturo Elosegi. Eta poliki-poliki hedatzen ari da eta zabaltzen ari da Bizkaiko kostatik eta mendebaldetik ba ekialdera eta Gipuzkoara ja asko ari da ja hedatzen. Esate baterako, iaz, oker ez banago, Azpeitian bakarrik 200 hektareatik gora eukalipto landatu ziren.

Esataria. Euskal Autonomia Erkidegoan zein inguruko lurraldeetan aipatutako zuhaitz-espezieari buruz argitaratu diren 100 lan baino gehiago aztertuta egin dute ikerlana, eta bertan ez dituzte aztertu eukalipto-basoen ondorio ekonomiko zein soziologikoak, baina bai ekologikoak. Eta ondorioztatu dutenez, eukaliptoa ingurumenerako kaltegarria da.  

Arturo Elosegi. Eta eukaliptoa ikusten dugu izan daitezkeen bizidun mota guztientzat edo ia guztientzat nahiko, askoz pobreagoa dela...

Esataria. Lurzorurako ez bakarrik, hortaz, inguruko landareri eta bizidunentzat ere kaltegarria dela ondorioztatu dute adituek.  

Arturo Elosegi. Asko somatzen da ba likenetan, somatzen da lurzoruko bakterietan, somatzen da intsektuetan, hegaztietan, anfibioetan, erreketako ornogabeetan... Nik esango nuke talde gehienetan. Bakarra, ez da oso eragin argia somatzen, asko-asko mugitzen diren animalietan. Esate baterako, karniboroak (haragijale), azeri eta horrelakoak.  

Esataria. Azken urteetan Euskal Autonomia Erkidegoko basogintza oso egoera larrian dago. Pinuek jasaten duten banda marroia gaixotasunaren ondorioz 100 milioi euro-inguruko galerak izan direla azaldu digu Xabier Zubiaurre Basoa elkarteko batzordekideak. Eta gaur egun egin beharreko inbertsioak oso handiak direla.  

Xabier Zubiaurre, Basoa elkarteko batzordekidea. Lur-hektarea bat 10.000 metro karratu garbitu, landarea sartu, eta hori, lan hori, ari dira kobratzen 3.000 euro. Orduan ari gara hizketan inbertsio potenteetaz (handietaz)   

Esataria. Eukaliptoa epe laburrean hazten den espezien multzoan dago. 15 urte inguru betetzen duenerako prest dago mozteko. Xabier Zubiaurre Basoa elkarteko batzordekideak esan digunez egindako inbertsioen irabaziak noiz jasoko dituzun ondo pentsatu beharra dago.  

Xabier Zubiaurre. Propietarioei (jabeei) eskatu zaie inbertsio bat. Adibidez, eukaliptoaren kasuan ba bueno, epe, epe motzeko landare bat da, baina beste landare mota horiek, orain, orain landatzen ari direnak, bertako pagoak edo lo que sea (dena delakoa), horiek dira epe luzeko, 40, 50 urteko zikloko landareak eta aber (ea) zuk orain egiten duzun inbertsio horren etekina noiz jasotzen duzun.

Esataria. Eukalipto-landaketek ustiapen-sistema desberdinak jasan ditzakete, baina eskualde askotan landaketa industrialak izan ohi dira; batez ere papera ekoizteko erabiltzen da, baina baita zerratutako olak, parketa, olio esentzialak zein ikatza produzitzeko.  

Xabier Zubiaurre. Eukaliptoa ere beharko dela, eukaliptoa hemen bertako enpresentzako, adibidez, Hernaniko papelerak (paper-fabrika) eukaliptoa gastatzen du, eta papera egiteko hori beharko da.  

Esataria. Basoa elkarteko Xabier Zubiaurreren esanetan eukaliptoaren landaketek ez dituzte diru-laguntzak jasotzen.  

Xabier Zubiaurre. Eukaliptoa ez den beste edozein landare jartzen baduzu zuk diru-laguntzak normal jasotzen dituzu. Eukaliptoa aldatzen baduzu ez duzu euro bat kobratzen.

B2
13-10-2020
22921703
00:03:28
706