Isildu ez zirenak: Bizenta Mogel

Historiako emakume bertsolarien berri eman nahi du ETB1eko "Hitzetik Hortzera" saioak. Urteetan itzalean egon diren hainbat emakumeren ahotsak bildu dituzte, bakoitza bizi izan zen garaiari ere erreparatuz.

Atal honetan, Azkoitian jaio eta Markinan hazi zen Bizenta Mogel, alegialaria eta bertso-jartzailea.

Jatorrizko bertsoak EHUren Bidebarrieta aldizkariko helbide honetan dituzu irakurgai.

Jatorrizko bideoa, berriz, helbide honetan aurkituko duzu.

 


Transcription:[+] Transcription:[-]

Eider Perez.- Bizenta Mogel alegialari moduan ezaguna da euskal letren munduan, baina bertso-jartzailea ere izan zen. 1804an argitaratu zuen Ipui onak liburua eta urte batzuk beranduago, 1828an, egin zituen Gabon-kantak eta bertsoak.
Urtebete eskasekin umezurtz geratu zenean Azkoitiatik Markinara joan zen bizitzera, bere osaba Joan Antonio Mogel apaiz idazlearekin. Osabak euskaraz, gazteleraz eta latinez irakurtzen eta idazten irakatsi zion. Ondorioz, garaiko emakumezkoen heziketa-mailarekin konparatuta, nabarmen handiagoa izan zen Bizentak erdietsitakoa.
Erlijioari, moralari eta ohitura onei buruz mintzo da bere bertsoetan eta foruen eta euskararen defentsa argia egiten du. Entzun ditzagun bizkaitar ona izateari buruz idatzi zituen bertso hauek.


Ahotsa: Oihana Iguaran
Eskusoinua: Joxan Goikoetxea

“Bizkaiko nekezaliei”
lengua da mundua
lengo ekenduak
ohitura txarrak beti
ondo sakonduak

Lur atxurtuan daukez
erruak botarik
ez ditut aterako
inolaz sustraitik

Ardaua ta pipia    
dabiltzan artian
bakia faltako da    
etxe ta kalian

Txakolina morkuan
okela erria
emazte ta umiei
erremuskadia

Gizon gazte bat bada
biargin zintzua
elexa zalia ta
ez tabernakua

Neskatilak darue esan lotsa barik
“ez dot neuk ez hartuko
holako txaldanik”

Ze lagun hartzen dozun
ondo begiratu
gero noraezian    
ez dedin damutu

Munduko esamesei
ez arren jarraitu
ta argitu zaitzala
Jaunari eskatu (BIS)

“Bizkaiko nekazariei”
lehengoa da mundua
lehengo ekanduak (ohiturak)
ohitura txarrak beti
ondo sakonduak

Lur aitzurtuan dauzka
erroak botata
ez ditut aterako
inolaz sustraitik

Ardoa eta pipia
dabiltzan artean
bakea faltako da
etxe eta kalean

Txakolina mokoan (ahoan, mihian)
okela errea
emazte eta umeei
erremuskada (purrustada)

Gizon gazte bat bada
behargin (langile) zintzoa
eliza zalea eta
ez tabernakoa

Neskatilak dute esan lotsa barik (gabe)
“ez dut neuk hartuko
holako txaldanik”

Ze lagun hartzen duzun
ondo begiratu
gero noraezean
ez dadin damutu

Munduko esamesei
ez arren jarraitu
eta argitu zaitzala
Jaunari eskatu (BIS)

 

C1
25-02-2020
21568819
03:13
677