detalle dokuteka-generico-fitxa

Hotzikarak 25: Piano jolearen eskuak

Egilea: Harkaitz Cano
Musika:  Jean Louis Argus

Zuzendaria:  Joxe Felipe Auzmendi
Aktoreak:
Ane
: Idoia Sagarzazu
Xabier: Peio Artetxe
Neska gaztea: Aintzane Gamiz
Forensea: Felipe Barandiaran
Laguntzailea: Aritz Lete
Igor: Joxe Felipe Auzmendi

 

 

 

 

 


Igor:  Eskerrak OIL Petrol SA-n genituen akzio guztiak garaiz saldu genituen.
Xabier: Bai, asmatu zenuten, operazioa biribila izan zen. Lastima, telefonia azkenaldi honetan ahul samar dabilen. Hiru aste negoziotik kanpo pasa, eta gauzak ikaragarri aldatzen dira.
Igor:  Tira, tira, zu gabe ere defenditu gara, eh?
Ane:  Ez al dakizue negozioez beste ezertaz hitz egiten? Xabier berriro etxean dagoela ospatzeko gaude hemen. Egin dezagun topa bere osasunean.
Igor:  Arrazoi du Anek, aupa Xabier. Urte askotarako. Topa!
Xabier: Mila esker denoi. Edari gehiagoren bila joango naiz.
Ane:  Neuk lagunduko dizut. 

(kopa-hotsak)

Xabier: Ondo pasatzen ari zara?
Ane:  Ezin hobeto, laztana. Emaidazu muxu bat! Mua. Ekatzu eskua. Oh, harrigarria da zein ondo utzi dizkizuten. Zureak balira bezala. Ez dira jositako puntuak ikusi ere egiten.
Xabier: Hobe bai. Ordaindu dudana ordaindu eta gero.
Ane:  Irrikaz nago gaua iristeko, zure eskutxo berri horiek ere lehengoek egiten zekiten gauza egiten jakitea espero dut.
Xabier: Ah, ez izan dudarik. 

(metal-hotsa)

Forensea: Ekarri guraize luzeak, mesedez.
Laguntzailea: Tori.
Forensea: Bisturiarekin hirugarren orno-hezurraren parean ebakitxo bat egitea aski da. Ikustagun. Hale op, hortxe. Ikusten? Ea, ba, zer esan nahi du honek?
Laguntzailea: Nerbioen posturagatik heriotza erabat naturala izan zuela esango nuke.
Forensea: Oso ongi. Orain pozoinketaren hipotesia baztertzeko gibel, giltzurrun eta urdailaren zatitxo bana kendu, Madrilera bidali, eta akabo gure lana.
Laguntzailea: Zalantza bat dut, jauna!
Forensea: Zalantza bat?
Laguntzailea: Bai. Hiru hilabete daramatzat hemen lanean, eta oraindik ez dut zera, oraindik ez dut heriotza bortitz baten eraginez hildako inor ikusi.
Forensea: Benetan prest zaudela uste duzu?
Laguntzailea:Bai.
Forensea: Ongi da. Zatoz ba! Hona gure panteoi partikularra, hemen bukatuko dugu guk ere egunen batean deskuidatzen bazara.
Laguntzailea: Zenbat gorpu daude?
Forensea: Une honetan hiru baino ez. Bota iezaiozu begirada bat honi. Prentsan ez da oraindik ezer azaldu. Kendu zerorrek izara.
Laguntzailea:Ah, a ze nazka!
Forensea: Ba oraindik ez duzu ezer ikusi. Begira iezaiezu eskuetara.
Laguntzailea: Ah, ez dauzka eta.
Forensea: Artean, bizirik zegoela eskuak erauzi zizkioten, horregatik du oinaze aurpegi hori.
Laguntzailea: Eta nor zen?
Forensea: Mexikarra zen. Putetxe batean pianojole bezala lan egiten omen zuen.
Laguntzailea: Eta badakite nor izan zen hiltzailea?
Forensea: Arrastorik ez, ez hiltzailearena, ezta bere eskuena ere. Ez dira oraindik azaldu. 

(kristal-hotsa)

Ane:  A ze kuxidadea!
Xabier: Tira, ondo egon da, ezta?
Ane:  Zer? Gaizki ez. Igor beti bezain aspergarri, hori bai. Zuzendari orokor izendatu zutenetik ez dago jasango duenik. Ekarri botila huts horiek.
Xabier: Lasai laztana, utzi dena nire esku.
Ane:  Eskuez ari garela, ohitu al zara? Esan nahi dut, ez zaizu arraroa egiten beste norbaiten eskuak edukitzea?
Xabier: Egia esan, batzuetan pentsamendu arraroak etortzen zaizkit.
Ane:  Nola pentsamendu arraroak? Amesgaiztoak edo?
Xabier: Ez. Ez. Ez. Ez dira amesgaiztoak. Ez dakit. Nireak izan beharrean pentsamendu horiek eskuaren jabearenak izango balira bezala.
Ane:  Adibidez?
Xabier: Adibidez, gaur pianoa jotzen ari zinenean iruditzen zitzaidan neronek ere joko nukeela.
Ane:  Pianoa jo? Zuk? Duzun belarriarekin? Musikaz ideiarik ere ez zenuela uste nuen.
Xabier: Eta halaxe da. Ez dut sekula ikasi, baina hala eta guztiz ere.
Ane:  Zatoz ba! Hementxe duzu pianoa, eseri eta jo.
Xabier: Tira Ane, nik ez nuen esan nahi...
Ane:  Benga, zer duzu galtzeko? Saiatu.
Xabier: Ongi da, ongi da.

(pianoa)

Ane:  Baina, Xabier...
Xabier: Ikusten, zer esan nahi nizun?
Ane:  Zu niri adarra jo nahian zabiltza, ezta?
Xabier: Ezetz Ane, ezetz. Zin egiten dizut piano baten aurrean esertzen naizen lehen aldia dela.
Ane:  Lehenbailehen deitu behar diogu Mavius doktoreari.
Xabier: Bai: hori izango da onena.  

(pianoa)

Laguntzailea: Ba al da eskuak falta zaizkion mexikarrari buruz berririk?
Forensea: Ezer gutxi. Tira, pianojolea izateaz gain, asunto ilunetan sartuta zebilela.
Laguntzailea: Asunto ilunak? Nolako asunto ilunak?
Forensea: Pianoarena koartada hutsa omen zen, soldatapeko hiltzailea zen. Eta jakina, giro horietan mugitzen denak ezin ongi bukatu.
Laguntzailea: Oraindik ez dut ulertzen zergatik kendu zizkioten eskuak.
Forensea: Auskalo, mendekuren bat edo. Dena dela, bada zerbait ulertzen ez dudana.
Laguntzailea: Zer?
Forensea: Mozketa. Esku horiek profesional batek erauzi zizkion.
Laguntzailea: Profesional batek?
(telefono-hotsa)
Forensea: Hartu zerorrek, mesedez.
Laguntzailea: Bai? Oraintxe jarriko da. Zurekin hitz egin nahi dute. Premiazkoa omen da.
Forensea: Bai, esan? Hara, kaixo Telleria sarjentu! Juxtu oraintxe ari ginen mexikar... Aja, aja, bai, ulertzen dut... Nola ez, oraintxe noa horrantz.
Laguntzailea: Zer, zerbait larria?
Forensea: Eskuak, bizirik daudela ematen du.
Laguntzailea: Nola?
Forensea: Likoreria bat lapurtu eta jabea hil dute. Pistola aurkitu dute, eta mexikarraren aztarnak zituen.
Laguntzailea: Baina nola liteke? 
Igor:  Pianoa, Mavius doktorea, eskuak... Ez dut ezer ulertzen. Saia zaitez astiroago hitz egiten, Ane.
Ane:  Noiztik falta da Xabier, transplantearekin arazoak izan ditu?
Igor:  Ez. Ez. Ez da hori. Beno, bai. Bai eta ez. Kontua da Xabier ez dela lehengoa. Esku horiekin aldatu egin da.
Igor:  Aldatu?
Ane:  Ebakuntza egin zion medikua, tira, ebakuntza nahiko konplikatua zen, eta garestia, eta orduan, Mavius delako hori, ez zela oso mediku legala. Deika nabil, eta ez da inondik inora ageri, ulertzen?
Igor:  Baina eskuak oso ondo utzi zizkiola uste nuen.
Ane:  Ongiegi, bai, baina eskuekin batera Xabierrek eskuaren lehengo jabearen izaera ere bereganatu duelakoan nago.
Igor:  Bai zera! Hori ezinezkoa da.
Ane:  Bi egun daramatzat bere berririk gabe Igor. Ez da normala.
Xabier: Kaixo! Hara Igor, nolatan zu hemen?
Igor:  Xabier, baina non sartu zara? Oso kezkatuta nengoen.
Xabier: Tekila botila pare bat erosi ditut. Andale Ane, atera limoia eta gatza!
Ane:  Baina zuk zer uste duzu, bi egun zehar hor ibili eta horrela, besterik gabe, itzul zaitezkeela etxera? Ergeltzat al naukazu? Zerbait larria gertatu zitzaizula uste nuen.
Xabier: Jakin al daiteke zer gertatzen zaion, Igor? Ezta ni hemen bizi banintz ere!
Igor:  Tira, tira, itzuli zarela ikusita, zertaz hitz egin izango duzue. Laster arte. Deituko dizuet, Ane.
Xabier: Gera zaitez gizona.
(ate-hotsa)
Xabier: Tira Ane, atera limoia eta gatza.
Ane:  Xabier, zer gertatu zaizu? 
Forensea: Josi hori, mesedez. Non utzi duzu goata?
Laguntzailea: Kaxoi txikian.
Forensea: Ba esaten nizuna, poliziak uste du norbait mexikarrak erabilitako eskuak erabiltzen ari dela delitu guztiak hildako batek egiten dituela sinistarazteko.
Laguntzailea: Baina ez al da hori konplikatua?
Forensea: Oso. Atzo gauean estrangulatuta topatu zuten emakumearen lepoan ere mexikarraren aztarnak aurkitu zituzten.
Laguntzailea: Eskuek berezko bizitza balute bezala?
Forensea: Horixe bera: hogei urte daramatzat lanbide honetan, eta ez dut inoiz antzekorik ikusi. Banda antolatu baten kontua ematen du.
Laguntzailea: Harrapatuko dituztela uste duzu?
Forensea: Hori ez dago gure esku, gazte. Non esan duzu dagoela goata?

Aireportuko ahotsa: Mexiko DF-ra doan Iberia konpainiako bost sei zazpi hegaldiarentzat azken deia. Hegazkina berehala aireratuko da.
Neska gaztea: Zu ere Mexikora zoaz orduan?
Xabier: Bai.
Neska gaztea: Oporretan?
Xabier:  Ez. Jira bat daukat. Musikaria naiz.
Neska gaztea: Benetan? Eta zer jotzen duzu?
Xabier: Pianoa.
Neska gaztea: Ah, orain ulertzen dut zergatik dituzun hain hatz politak.
Xabier: Zuk uste?
Neska gaztea: Bai. Ziur masajeak ematen trebea zarela oso.
Xabier: Ze izen duzula esan didazu?
Neska gaztea: Gissen.
Xabier: Ni Xabier naiz. Eman bostekoa.
Neska gaztea: Ah, ah, esku ederrak izateaz gain, indartsuak ere bai, eh?
Xabier: Ja, ja... Bai. Pianojole batek egunero entrenatu behar du, badakizu, gihar guztiak puntu-puntuan edukitzeko.
Neska gaztea: Jakina.
Xabier: Ekatzu, ekatzu, neronek eramango dizut maleta.
Neska gaztea: Ados. Goazen.
Aireportuko ahotsa: Erne bidaiariok, arazoa teknikoak medio, Iberia konpainiako bost sei zazpi hegaldiaren irteera ordubetez atzeratuko da. Barkatu eragozpenak.
Neska gaztea: Bai zorte txarra! Betikoa. Auskalo noiz aterako den.
Xabier: Tira, bitartean heldu eskutik laztana.

(pianoa)

Télécharger

x61pRelaContWAR



detalle2

Docuthèque

B2
23-06-2006

x61pRelaContWAR

20656041

x61pViewCountWAR

1190

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR