Docutec
Mikel Urmeneta, Kukuxumusu: "Morboa ematen dit jendearen gustuko ez izateak"
Eroa, kritikoa, friboloa... gauza asko idatzi dira Kukuxumusuren sortzailearen inguruan. Gauza bat argi dago: inguratzen duena zalantzan jartzeko eta eguneroko gauzei barre egiteko trebeziak Iruñetik mundura jauzi egiteko aukera eman dio Mikel Urmenetari. Marka sortu zutenetik 20 sanfermin betetzen diren honetan, aurten ere ez dauka asmorik festari adarrak jartzeko. Lehen kalimotxoak hegazkinean edango dituela aurreratu digu, giroan sartzeko.
Kukuxumusuk bizitza aldatu al dizu?
Ez dakit Kukuxumusurik gabe nire bizitza nolakoa izango litzatekeen, eta beraz, aldatu, ez dut uste bizitza aldatu didanik. Nire bizitzaren parte da, nire kasualitatearen parte.
Beti saiatu izan naiz bizitzeko denbora izaten eta kalitatea handitzen. Azken bi urteotan zertxobait okertu zait kontua, izan ere, New Yorken bizitzeak eta posta elektronikoz edo Skype bezalako programen bidez komunikatu beharrak denbora asko pasarazten dit ordenagailuaren aurrean. Agudo konpondu behar dut hori. Baina ez naiz kexu. Nahi dudan tokian bizi naiz, eta ongi pasatzen dut.
Ezer botatzen al duzu faltan lehenagoko bizitza anonimotik?
Dena poliki-poliki etortzen da. Jendeak uste du Kukuxumusu egun batetik bestera egin zela ospetsu, eta ez da hala. Aurten 20 sanfermin beteko ditugu. Kristo! Ohitu egiten zara hain anonimoa ez izaten, hori ere pixkanaka gertatzen baita. Hala ere, une jakin batzuetan, inortxok ere ez ezagutzea primeran legoke.
Zein irudik definitzen zaitu edo definituko zintuzke ondoen?
Euliz beteriko kaka batek, "Kakaxumusu, The Shit Factory" goiburuaz lagunduta. Oso ondo islatzen du horrek nire pentsatzeko era. Horrek ez du esan nahi egun osoa mokordoetan pentsatzen pasatzen dudanik; dena erlatibizatzea, sinplifikatzea, gauzak zalantzan jartzea, bizitza dibertigarriagoa egitea, garrantzizkoa denaz barre egitea gustatzen zait niri, gauza serioak friboloak baitira, eta alderantziz.
Zergatik dira animaliak Kukuxumusuko pertsonaia guztiak?
Era azkarrena delako, gure ohitura barregarriak islatzeko eta gure bizitza ekintza ergelez beterik dagoela konturatzeko. Bi zakur marrazten badituzu parke batean hizketan edo zaunkaka, beren jabeak pixa egitera atera dituzten bitartean, ohartzen zara zein surrealista izatera iritsi garen gizakiok.
Aitortu ezazu, ez al zaitu asperdurak inoiz dena bertan behera uztera bultzatu?
Esango nuke ez naizela inoiz aspertu. Horregatik pentsatzen dut, besteak beste, pribilegiatua naizela. Beti dago zer edo zer interesgarria egiteko, pentsatzeko edo ikusteko. Hiru ordu pasa ditzaket kakalardo bat nola dabilen begira.
Zenbaiti bitxia iruditzen zaie zuen markan beti euskara babestu izana, Iruñekoak izanda.
Horrexegatik babesten dugu, hain zuzen ere: Iruñekoak euskaldunen sorlekukoak izateagatik. Lotsagarria da honelako garrantzia duen ondare kultural honi ematen zaion tratua. Mundu guztia aztoratu zen harrizko bi buda erraldoiak leherrarazi zituztenean Afganistanen: "Ze pena kultur ondarea suntsitu izana", ez dakit zer eta badakit zer, hemen eskultura-lan fisiko bat baino askoz ere garrantzitsuagoa den zerbait garbitzen ari diren bitartean. Gainera, nire abizenak Urmeneta Otsoa Errarteko Ajarnaute Goienetxe dira, eta beraz, axola duela iruditzen zait gure arbasoen hizkuntza zaintzea.
Umorea garrantzitsua da zuen diseinuetan. Umorea falta al da gure inguruan?
Baietzean nago. Umorea baino gehiago, ez genuke hain kexati izan behar, hain ergel, hain serio, hain lotsati. Irekiago, modernoago, gazteago, zoriontsuago, libreago izan beharko genuke; baita heavyago ere.
Zer du New Yorkek Euskadik ez duena?
Oinarrian dena. Oso ezberdinak dira. Horregatik gustatzen zait denboraldi bat hemen eta bestea han igarotzea. New Yorken bateria kargatu eta Euskal Herrian hustu egiten duzu; New Yorken ziztu bizian doa dena, dena da mugimendua eta aldaketa. Euskal Herriak, aldiz, beti itxaroten dizu, beti begitarte politarekin, hori bai, baina beti berarekin.
New Yorkeko zer botatzen duzu faltan Iruñean?
Deus ere ez. Gustuko dut Iruñera joatea, han jaioa naizelako eta, nolabait, espiritualak diren loturak ditudalako bertan. Baina New Yorken jaio izan banintz, ez dut uste Iruñean bizi nahi izango nukeenik. San Fermin jaiak ez ditut faltan botatzen; nola botako ditut, ba, ez ditut inoiz galdu eta.
Hitz egin dezagun sanferminei buruz. Lehen bezainbat gozatzen al duzu orain? Ala ez dizute kalimotxo bat ere hartzen uzten?
Batzuetan ez didate zurito erdia ere hartzen uzten, baina moldatzen naiz. Dena dela, askoz ere hobeto pasatzen nuen lehen, festaren erritmo basatia askoz ere hobeto eramaten nuelako. Orain, berriz, txiki-txiki eginda gelditzen naiz amaitu baino lehen. Eta hori ez dut batere gustuko.
Aurten ere ez duzu huts egingo?
Ez, ez. Han izango naiz. Hegazkinean edango ditut lehen kalimotxoak, badaezpada ere. Horretaz ari garenez, oso gustukoa dut kalimotxoa.
Ni ez naiz inoiz izan sanferminetan. Ezer galdu al dut? Egiguzu festetarako plana.
Festa giroan sartzeko asmoz bazatoz, eta beroa, orbanez edo zerrautsez beteriko bokatak axola ez badizu, izugarri ondo pasatuko duzu. Kaleko festak dira, eta kaleak eta tabernak ez daude, hain justu ere, lasai eta garbiak. Sanferminetara zikintzera etorri behar da. Behin lehen orbanak eginez gero, Iruñeak egun horietan eskaintzen dizun mundu surrealistan sartzeko moduan zaude.
Sanferminak eta Mikel Urmeneta banaezinak dira. Zerk bultzatuko zintuzke huts egitera?
Dagoeneko bi aldiz egin dut kale: 1978an German hil zutenean, eta 1988an, Australian nengoela uste dut. Ez da ezer gertatzen kale egiten badut, baina, hori bai, horretarako plan bikaina eta zoragarria guztiz izan beharko nuke esku artean. Ezin dizut oraintxe bertan gehiago zehaztu, baina gaizki sentiaraziko banindu ere, jarriko nizkioke adarrak San Fermini.
Zuri buruz idatzi dituzten gauzen artean, zein da gutxien gustatu zaizuna?
Ez dago gustatu ez zaidan ezer. Nik badakit nolakoa naizen, eta ez naizena esaten badute, grazia egiten dit. Nitaz sekulakoak esaten dituztenean ere, gustatzen zait. Morbo moduko zerbait ematen dit besteen gustuko ez izateak; eta gustuko ez nauen jendea atsegin dut. Burutik jota egonen naiz.
Nola nahiko zenuke jendeak definitzea?
Gauzak ondo egin dituen "julaia" bezala.
Gure irakurleek osasun-alorren egiten dute lan. Zein gaixotasun duzu gustuko?
Hogeita hamar urte egin nituen arte, nahiko beldurtia edo irudikorra nintzen, ia hipokondriakoa esango nuke. Ene irudimenean, munduko gaixotasun guztiak jasan ditut. Ez dut bat, hola bereizteko moduan.
Ortorexia edo vigorexia jasateko arriskurik ba al duzu?
Ezta inondik ere. Kriminala naiz nire organismoarekin eta fisikoarekin.
Osasun esperientzia ahaztezinik izan al duzu Iruñean? Eta New Yorken?
Azken aldiz, Iruñean, larrialdietako zerbitzura joan nintzen, jan nuen zerbaitek erreakzio alergikoa eragin eta aurpegia Noriegarenaren antzekoa jarri zidalako. Baina zerbitzu horretan, gau hartan, liskarren bat izan omen zen, labanak tartean zirela, eta 2 ordu inguru egon nintzen zain. Etxera nindoala, konturatu nintzen muturra bere onera zetorrela, beste barik.
New Yorken, berriz, belauneko eskanerra egin berria dut. Gazte plantak egiten ari nintzela, belauneko meniskoa hautsi nuen. Ebakuntza egin beharko didatela uste dut.
Kukuxumusu kamisetak egiten hasi zen, eta orain denetik egiten duzue: bainu-batak, termoak, haurrentzako ontziteria, zakurrentzako lepokoak, guardasolak... ez duzue mugarik. Noizko ospitaleen diseinua?
Hitz egina dugu horretaz. Oso gai interesgarria dela uste dugu ospitaleekin lotutako objektuen ingurunea alaitzea: bendak, igeltsuak, makuluak, etab.
Zer diseinatuko zenuke erizainen pijama urdinaren ordez?
Pijama urdina bakean lagako nuke, baina banpiro batzuk jarriko nizkioke beso aldean zintzilik; zurrupaka ari den zomorroren bat gibel aldean; eta inurritegi bat ipurdian. Gauza pila bat egin daitezke.
Egunen batean bete beharko dituzu medikuen aholkuak?
Tamalez, baietz uste dut. Ez dit poz handirik ematen, baina gero eta aukera gehiago ikusten ditut hori gertatzeko. Nik nahiko nukeena da zuekin tabernetan topo egitea, eta ez ospitaleetan.
