Txarangarekin dantzatuz...

Musika egunez, eta musika gauez. Giroa 24 orduz. Badirudi Iruñeko sanferminetan musikak eta umore onak ez dutela etenik; eta horren erakusle dira atsedenik gabe musika joz giroa berotzen duten txarangak: tronpetak, tronboiak, danborrak... Edozein abestik balio du, ingurukoak saltoka eta umore onez dauden bitartean!

Hamasei peña daude Iruñean, eta peña gehienek badute beren txaranga propioa. Hala ere, belarri txarra izateagatik-edo musikaririk ez dutenek kanpotik ekarri behar izaten dituzte musika taldeak. Riau-Riau txaranga da horietako bat, eta uztailaren 6an iritsi ziren Nafarroako Erriberatik. Txindatak eta danborrak eskuetan, etorri zirenetik ez dute atsedenik hartu, eta egunero ibili dira Iruñeko Alde Zaharreko karriketatik hara eta hona. «Iruñean jotzea oso erraza da, jende asko dago, eta beti bada atzetik dantzan dabilen norbait... Hori bai, askotan mozkorrak izaten dira». Peñen artean normalean oso giro ona izaten dutela nabarmendu du Riau-Riau peñako tronpeta jotzaileak, eta noiz edo noiz, tabernaren batean zertxobait jan edo edateko aukera izaten dutela ere aipatu du. «Zenbait tabernatan pintxoren bat edo txikitoren bat ateratzen digute, baina hori peñaren gidariaren kontua izaten da».

Normalean, maindirezko pankartak eramaten dituzte txarangetako kideek, eta Iruñeko eta Nafarroako egoera soziopolitikoa kritikatzen dute. Aurten, gutxienez, Volkswagen eta Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanz izan dira marraztuenak, eta dagoeneko Alde Zaharreko kale guztiak ezagutu dituzte.

Dena den, txarangak ez dira ibiltzen egun guztian Alde Zaharreko karriketan, eta arratsalderoko zezenketetara ere egiten dute bisitaldia. Han, zezenen eta toreatzaileen arteko norgehiagokari musika jartzen diote, eta oso giro ona sortzen dute. Hala, behin zezenketak bukatuta, berriz ere zezen-plaza utzi, eta kaleko girora joaten dira, parrandazaleei salto eginaraztera.

Txarangak lehen eta orain

Txarangek gauza berria diruditen arren, ia Iruñeko peñak bezain zaharrak direla esan daiteke. Lehenengo peñak XIX. mendean sortu ziren, hiriko gazteria festetarako lagun taldetan antolatzen hasi zenean. Zezen-plazara joateko eta parranda egiteko bereizgarri gisa sortu ziren, eta horretarako ere, noski, musikaren laguntza garrantzitsua izaten zen. Hasieran dultzainak, txistuak eta gitarrak jotzen bazituzten ere, urteek aurrera egin ahala tronboiak, tronpetak eta danborrak ere barneratu zituzten. Hala, poliki-poliki, gero eta musika talde handiagoak sortu ziren, gaur egungo txarangak eratu ziren arte. Iruñeko Peñen Federazioaren arabera, gaur egungo txarangak «oso indartsuak» dira. «Gaur egunean, txaranga potenteak Iruñeko karrika estuetako jaun eta jabe izaten dira».

Tradizio hori guztia dela medio, dagoeneko urte dezente dituzten peñak aurki daitezke Iruñean. Muthiko Alaiak peñak, esaterako, aurten 75. urteurrena bete du, eta zenbait ekitaldi antolatu dituzte hori ospatzeko. Ikusmin handien Muthiko Alaiak: Iruñeko historiaren 75 urte erakusketak piztuko du. Erakusketa Descalzos kaleko erakustaretoan egingo dute, irailaren 16tik 29ra.

Nolanahi ere, garbi dago txarangek eta peñek Iruñean pisu handia dutela, eta, bereziki, sanferminetan. Gaur egun, 5.643 lagun daude peñetara afiliaturik, eta horietatik 1.422 haurrak dira.

 


B2
13-07-2006
16280663
3640