Docutec
Oskorri: "The pub ibiltarian jendea da protagonista" 1/2
Natxo de Felipe eta Xabier Zeberio HABEn izan ditugu Oskorriren The pub ibiltaria 7 diskoaz hitz egiten. Bilborock aretoan zuzenean grabatua dago Santo Tomas egun batean 2.000 ikusle pasatxoren aurrean. Baina, ikusleek kantatu ere egiten dute herriz herriko karaokea den The pub ibiltaria ekimenean. Magikoa izango zen.
HABE.- The pub ibiltaria 7 da Oskorriren azken diskoa. Zazpi zenbaki magikoa da, eta magiak segitzen al du?
NATXO DE FELIPE.- Segitu bakarrik ez. Geroz eta jende gehiago arrimatzen da aldez aurretik kantuak ondo ikasita, eta entseguak eginda. Badirudi jendea ari dela ekimen honen filosofia ulertzen. H.- Hasi zinetenean bazenuten zazpigarreneraino iristeko asmorik?
XABIER ZEBERIO.- Hasterako bagenekien kanta-sorta zabala dugula tradizioan. Eta kanta interesgarriak ditugun heinean jarraituko dugula aurrera. N. F.- Ikertzen dugun neurrian perlak aurkitzen ditugu, eta sorpresak ere bai batzuetan. Karpeta bete kantu eder daukagu, eta hori dugun artean aurrera segituko dugu. H.- Kanta asko al dago biltzeke tradiziotik?
N. F.- Guk zazpigarren disko honetan badugu kantu bat arratiar batek irakatsia. Baina, guk bildu baino eskuetan ditugun materialak irakurri egiten ditugu, zehatz-mehatz. Esaterako, disko honetan bada 1688ko kantu bat, hamabosgarrena. Eskuizkribua Baionako Euskal Museoan dago, baina partiturarik gabe. Baina, Azkueren kantutegian topatu genuen kanta bat kopla bakarrekoa, partiturarekin, eta konturatu ginen kopla hori 1688ko beste sorta hartakoa zela. Horrela osatu genuen puzzlea, eta horrelako zenbat. Behin gertatu zaigu, disko honetarako bagenuela letra, ez dugu ordea musikarik aurkitu, eta sortu egin behar izan dugu. Kantak esaten du nola Erizeko serora, Mari Joan Igoa, haurdun utzi duen apaizak, eta nola herria uzten duen Mari Joanek. 15.000 koaderno
H.- Behin dantzari batek esan zidan herri batzuek beharbada ez dutela segun eta zein ekintza kultural antolatzeko leku aproposik.
N.F.- Euskal Herria ez dago kexatzeko moduan alde horretatik. Kanpoan egoera latzagoa da. Ze gurean gutxienez frontoi bat egon badago edozein herritan. Eta, hemen ez hainbeste, baina Iparraldean erabiltzen dira elizak kontzertuak egiteko. Guk daukagun eskaera bakarra da toki iluna izatea, pantailan kantuen letrak proiektatzeko bertan. Ilunduta egonez gero, parke batean ere egin dezakegu. H.- Elizan jo duzue Iparraldean?
N.F.- Askotan. H.- Eta elizan edozer jo al daiteke?
X.Z.- Nik uste hori ohitura kontua dela. Iparraldean oso normala da meza zazpietan, eta zortzietan folk-kontzertua. Ez dugu errepertorioa aldatzen. Ez dago autozentsurarik. H.- Herriz herriko The pub ibiltariak duen ezaugarri politenetakoa da inguruan zenbat musikari, abesbatzetako kantari, ikusle abeslari... biltzen dituela. Guztia antolatzea gaitza izango da.
N.F.- Prozesu oso luzea da. Prestatzen dira partiturak: 15.000 koaderno egiten dira letra eta partiturekin urtero, eta musika-eskola, abesbatza eta fanfareen artean, besteak beste, banatzen dira. Aurten maketa bat grabatu dugu, gero horrekin entseguak egin ditzaten. Bi hilabetez 200 lagun pasatxoko musikari-jendea aritu da aurrez prestatzen, 500 kantari kantuak ikasita zituztenak... Santo Tomas baino astebete lehenago entsegua egin, eta inprobisatzera joandako 2.000 lagun pasatxorekin, Santo Tomas egunean, grabatzera! H.- Horrek esan nahi musikari, abeslari horiek guztiek euren errepertorioa handituko dutela kanta hauekin.
X.Z.- Handitu ez dakit, baina parrandarako kanta gehiago izango dituztela, hori seguru. Esan behar da The pub ibiltarian jendea dela protagonista. Jendea parte hartzera dator, ez entzute hutsera. H.- Orain ez ditugu horrenbeste kantuak buruz ikasten. Agian zuen sistema hau da bakarrenetako kantu horiek ez galtzeko?
N.F.- Lehengo jendeak memoria bizia zuen. Alfabetatugabeek memoria bizia behar zuten izan, aldiz, gauzak beste era batera finkatzeko aukera izan denean, ez du hainbeste ardurarik hartzen. Hori da gure garaien legea. Baina ez da drama bat. H.- Eta gainera beste disko bat sartzen duzue CD-an musika hutsarekin, horrekin batera kantatzeko, nahi duenak.
X.Z.- Hala da. H.- Eta musikaz ari garenez, Kepa Junkera turismoa erakartzeko poster horietan azaltzen da; Oskorrirekin sarri jo du, eta pozik izango zarete!
N.F.- Nola ez ba! Mutil gaztea zela topatu genuen trikitia jotzen dantza-talde batean. Eta ohore bat guretzako esatea guk topatu genuela. H.- Zuek Gabonetan jende-andana biltzen duzue ETBn.
N.F.- 'The pub ibiltaria' asuntoarekin hasi ginenean ETBk esan zigun ea zer iruditzen zitzaigun Areatzako kontzertua grabatzea, eta ezetz esan genien, ez zela telebistarako erritmo egokia. Eta Gabonetako beste saioa asmatu genuen: jende ezaguna, ezezagunak baina ezagutzeko modukoak direnak, edo urte horretan puri-purian izan direnak... Luze jotzen du jendea biltzea, eta batzuk ez dira ausartzen aurrez aurre kantatzera. H.- Bestela, ze asmo?
X.Z.- Ea udazkenerako Oskorriren disko berria plazaratzen dugun. H.- Mila esker.
