detalle dokuteka-generico-fitxa

Ehun urte Kostako Trenaren bidetik

Bilbo, Durango, Deba, Zarautz, Zumaia, Eibar... herri hauetatik guztietatik pasatzen da 'kostako trena', eta guztietatik pasako da '100 urte Bilbo-Donostia' erakusketa.

Bilbo, Durango, Deba, Zarautz, Zumaia, Eibar... herri hauetatik guztietatik pasatzen da 'kostako trena', eta guztietatik pasako da '100 urte Bilbo-Donostia' erakusketa. Une honetan Deban dago, baina guk Forondan ikusi genuen, larunbat goiz batez. Forondan bai, Zumaiako kultur etxean.

 

Eskola-umeak etortzen direnean, han dute zain Maider Arranz, behar diren azalpenak emateko: 'Nahiago dut haurrak etortzea jubilatuak baino, jubilatu askok ni baino gehiago dakite eta' esan zigun. Maider Arranzek esan digunez, erakusketa hau Azpeitiraino iritsiko da. Azpeitian, adibidez, Zumaian baino ordulari gehiago daude, tren-geltokietako ordulari gehiago. Eta Azpeitian dago, baita ere, Aurrera izeneko lokomotora, Lasao geltokira turistak eramaten dituena. Lokomotora horren argazki bat ikus daiteke erakusketan. Edo Plácido Allende tren-makinaren argazkia. Edo Garate zubi-bidearena.

 

Lokomotora mendizaleak
 

Beharbada kostako trena urtetan ezagutu dutenak ez dira harrituko, baina kuriosoa da zenbat lokomotora zeuden garai batean euskal mendien izenekin. Erakusketan bada liburu elebidun bat salgai, Bilbo eta Donostia Arteko Trenaren Material Motorea,Juanjo Olaizola Elordirena, eta zerrenda luzea dator lokomotora mendizaleekin: Pagasarri, Sollube, Urkiola, Oiz, Urko, Gorbea, Anboto, Ernio, Aralar, Aitzgorri, Intzorta, Udala.

 

Lokomotora hauek Euzkadi seriekoak ziren. Ferrocarriles Vascongadosek jarri zien izen hauek lokomotora hauei. 1906. urtean sortu zen enpresa hori. Oso lokomotora onak izan ziren, eta Euskal Herrian aritu ondoren, Leon, Santander, Utrillas, Ponferrada... eta hainbat tokitan aritu ziren. Lurruna aireratzen zuten, eta egunen batean Lasaorako bidea egiten baduzue, ikusgarriena horixe da, lurruna eta trenak ateratzen duen hotsa.

 

Argi-indarra
 

Ferrocarriles Vascongadoseko lokomotoren erregaia ikatza zen, Britainia Handikoa. Baina Lehen Mundu Gerrak guztia zapuztu zuen. Alde batetik, Britainia Handiko ikatza garestitxo heltzen zen gurera, eta urri. Ikatzaren urritzeak soka luzea ekarri zuen. Adibidez, Asturiasko hiru meategi ustiatu beharra. Eta bapore bat erosi beharra, eta 'gabarra' bat, Durango izenekoa. Gerraren ostean egoera normaldu egin zen berriro, Britainia Handiko ikatza, ona, ekartzen hasi ziren berriz, baina bidaiariak ugaritzen ari ziren Bilbo-Donostia tartean, larregi. Gertu zeuden tren elektrikoak. Tarte hori argi-indarrez osatzeko herrialde askotako jendeak egin zuen behar: arkitektoa italiarra zen, ingeniaria suitzarra, hainbat osagarri Bartzelonan eginak, Basaurin, Arrasaten, Alemanian... Eta 1929an ia trenik gehientsuenak argindarrari esker zebiltzan batetik bestera. Lokomotora elektrikoek ere euskal mendien izenak zituzten: Ganguren, Ulia, Mugarra, Arate, Aluitz, Irukurutzeta... Suitzan eginak ziren. Gangurenek 1985ean istripu larria izan zuen Ermuan, trenbidetik irtenda, eta 1989an deuseztatu egin zuten. Urte berean desegin zituzten Mandoia eta Arno lokomotorak ere. Bi lokomotora hauen alderdi mekaniko guztia CAF enpresa garrantzitsuak egin zuen. Euskal mendien izenek segitzen zuten: Oiz, Udalaitz... Bi lokomotora hauek Suedian egin zituen ASEA multinazionalak. Baita Anboto ere. Oiz, Udalaitz eta Anboto oraindik martxan dabiltza Eusko Trenbideak-en trenbideetan, Gernikan eta Durangon eraberritu ostean.

 

8 milioitik 39 milioira
 

Eusko Trenbideak 1982an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak. 2000. urtean 8.541.000 bidaiari izan zituen Eusko Trenbideak-ek, Lasarteko adarra kontatu gabe. 2012. urterako 39 milioi lagun izango dituztela uste dute, eta merkantzien esparruan, 2 milioi tona zama. Kontuan hartuz 1999. urtean 150 mila tona garraiatu zutela, aldea nabarmena da. Izan ere, badirudi urteen poderioz autoak kamino eta bazter guztiak beteko dituela, eta hori gertatzen bada, trenak indar hartuko duela, eta, adibidez, orain autobusean dabilen jende askok trena hartzea beste erremediorik ez duela izango. Eta Bermeoko eta Pasaiako kaietara heltzen den hainbat jenero ere trenean garraiatuko dituztela. Eta ziurrenik ehun urte barru beste erakusketaren bat antolatuko dute Bilbon, Durangon, Deban, Zarautzen, Zumaian, Eibarren...

 

TRENA LITERATURAN
 

Sartu, Korrontea dabil, Ixiar Rozas (Erein argitaletxea)
Metroko Ferekak, in Bero Hezeak, Irati Azkue (Txalaparta argitaletxea)
SPrako Tranbia, Unai Elorriaga (Elkar argitaletxea)
Hausturak, Jokin Muñoz (Alberdania argitaletxea)
Garoa, Txomin Agirre (Labayru, Euskal Editoreen Elkartea)

 

detalle2

Docuthèque

B2
08-01-2002

x61pRelaContWAR

16339097

x61pViewCountWAR

4623

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR