HABE.- Zorionak! Zer izan da zuretzat Max Saria jasotzea?
PATXO TELLERIA.- Nik espero baino oihartzun zabalagoa izan du. Antzerkiarekin zerikusirik ez duen jende askorengana iritsi da berria. Akaso gala ikusi zuten telebistan. Nahiago nuke antzokira joango balira, baina... Nik neuk bere neurriko garrantzia eman diodala uste dut, hau da, poztu egin naiz, jakina, baina ez dut etxeko sabaia apurtu saltoka.
H.- Max sariek erakusten dute zein gutxi sortzen den euskaraz. Zer dela eta?
P. T.- Kasu gehienetan euskarazko bertsioa gaztelaniazkoaren itzulpena da. Nik aldrebes egiten dut normalean, euskaraz sortu eta gero gaztelaniazko bertsioa atondu. Dena den, proposatuen zerrendan agertzen ez ziren ikuskizun batzuk sortu dira, duintasun handikoak. Nik, harropuzkerian jausi gabe, uste dut nire lanak gaztelaniaz egiten den produkzioarekin parekatu daitezkeela inongo lotsarik gabe.
H.- Galdera bakarrean: Hain zaila al da euskara ikastea? Desmitifikatu beharra al dago pixka bat prozesu hau? Garaia da geure buruaz barre egiteko? Hain traumatikoa al da ba, euskaltegietan euskara ikastea?
P. T.- Nire esperientzia goxoa izan zen. Euskaltegirik apenas ez nuen probatu, hilabeteren bat hasieran, baina laster 'bota nintzen uretara', hau da, nire ezagun euskaldunekin berbetan hasi nintzen; asko irakurtzen nuen, kostata hasieran, hiztegia beti magalean, erosoago ondoren. Baserri batean ere egona naiz bi udatan. Ondo ikasi nuen belarra mozten, behiak gobernatzen, patatak jorratzen eta simaurraren kalitate desberdinak bereizten... eta euskara pittin bat ere bai. Nire esperientzia xamurra izan da, dena den, irakurtzen edo entzuten badut inoiz 'zenekarkieten' bezalako munstrokeria bat, azala pinportez betetzen zait, arnasa estutu eta bihotza larritu.
H.- Herren al dabiltza ikasleak, protagonista bezala?
P. T.- Bai, baina ez dio axola. Helmugarik ez dagoelarik, zertarako presaka ibili?
H.- Zenbat urte behar dira euskara ondo ikasteko?
P. T.- Ez dakigu, inork ez baitu ikasten bukatu. Agian etorkizunean 'karbono 14'-a erabiliz datu zehatzagorik aterako da, baina oraingoz ezin dugu ezer esan. Badago zurrumurru bat, Otxandioko bailara ezkutu batean ba omen zegoela euskaldun berri bat 15 urterekin ikasten hasi zena. Lehengo urtean hil zen, 103 urterekin, eta auzokoen arabera, euskaraz bikain egiten zuen hilburuan. Dena den, oraindik Euskaltzaindiak ez du kasu hau benetakotzat jo.
H.- Nork erretzen du gehiago, euskara ikasleak ala aktoreak?
P. T.- Aktore honek erretzen du noizbehinka. Eta ikasle nintzenean ere bai, ikasgeletan ez erretzeko araua atera zuten arte. Oraindik jarraitzen du indarrean debeku horrek? Ez ote zuen ikasleak sufrikario nahikorik?
H.- Eta krisia, zeinek dauka handiagoa?
P. T.- Antzerkiaren krisia Eskilo, Sofokles eta Euripides-en garaian hasi zen. Ikaslearen krisia 'nor-nori-nork subjuntiboa iraganaldia' ikasi behar dutenean. Kasu bietan krisia modu berean gainditzen da: sexu asko eta ona praktikatzen. Horregatik gaude oraindik krisian bai ikasleak eta bai aktoreak.
H.- Orduan, ligatu, ez aktoreek eta ez euskara ikasleek...
P. T.- Baina ba al dago ba, munduan norbait ligatzen duenik? Eta baldin badago, zergatik ez digu metodoa esplikatzen? NBEk zerbait egin beharko luke honetan.
H.- Noiz uzten zaio euskaldun berria izateari?
P. T.- Bizitza bat ez da nahikoa. Ikuskizunean, bi modu aholkatzen ditugu: berraragiztatzea eta klonazioa. Dena den euskaldun berria izateari uzteko metodorik eraginkorrena hauxe da: ikasitako euskara erabat ahaztu.
H.-Noiz horrelako lan bat aktoreen via crucisari buruz?
P. T.- Eskerrik asko ideiagatik. H.- Bukatzeko, hitz gutxi batzuetan: telebista ala eszenatokia? P. T.- Telebista ez dago txarto. Lorontzi bat ipini dezakezu gainean. Ostera, ipini ezazu lorontzi bat eskenatoki baten gainean eta ikusiko duzu ze gutxi luzitzen duen. Ikuspuntu horretatik, telebista hobea da. Gainerakoan, nik eszenatokia nahiago.