irakurgai-mailakatuak-fitxa
Ez dok Hiru
Liburu hau antzerki-lan bat da, antzezleetako batek, Patxo Telleriak idatzia. Obra honetan euskal musika tradizionala da hizpide, eta aurreko mendeko 60ko hamarkadan hasitako kantagintza ere hartzen du.
Kantagintza bai, baina betiere umore-ukitu handi batekin. Antzokian musika-talde bat azaltzen da zuzenean joz. Zer esanik ez, liburuaz gehiago gozatuko du obrak hizpide duen musika-garai horren berri eta aipatzen diren kantuen berri dituenak.
Egilea: Patxo Telleria
Argitaletxea: Elkar / Tartean teatroa
Argitalpen-urtea: 2017
Oharra: liburu honetan QR kodeak daude liburuaren bukaeran hainbat abesti entzun ahal izateko.
Hona pasarte bat:
9. ikasgaia: txoriak euskal musikan.
PATXO.-Garai hartan, euskal musikak bazeukan gai nagusi bat.
MIKEL.-Askatasuna.
PATXO.-Ez.
MIKEL.-Euskara? Justizia? Demokrazia? Burujabetasuna?
PATXO.-Txoriak.
MIKEL.-Zer?
PATXO.-Ez zara konturatu zenbat txori agertzen diren gure kantuetan?
MIKEL.-Ez da hainbesterako izango.
PATXO.-Bost euro baietz dozena bat kanta bilatu oraintxe bertan, txoriak aipatzen dituztenak?
MIKEL.-Ezetz nik!
MUSIKARIAK.-Ea ba… Txori Erresiñula, udan da kantari!
MIKEL.-Bat!
MUSIKARIAK.-Aldapeko sagarraren adarraren puntan, puntaren puntan txoria zegoen kantari…
MIKEL.-Bi!
MUSIKARIAK.-Txori eierra, hain alegera…
MIKEL.-Hiru!
MUSIKARIAK.-Txori txikia nintzelarik esan zidaten…
MIKEL.-Lau!
(36. or.)
