Docutec
Jon eta Jone 30: Itzulera
Esketx laburra. Bikotearen elkarrizketa. Bidaiatik etorri dira eta nekatuta daude.
Elkarrekin dutxatzen dira.
Jon.- Neka-neka eginda nago, e!
Jone.- Paliza ederra hartu dugu, Jon, e?
Jon.- Beno, baina atzokoa kenduta, motorra ondo portatu da, e?
Jone.- Atzokoa kenduta bai. Baneukan etxera bueltatzeko gogoa, e?
Jon.- Bai? Benetan?
Jone.- Bai, beti pasatzen zait, etxean nagoenean bidaia bat egiteko prest nago beti, eta bidaiatzen dudanean etxera bueltatu nahi dut.
Jon.- Horrek oso ondo erakusten du nolakoa zaren, Jone.
Jone.- Eta nolakoa naiz ba?
Jon.- Haize-orratzen modukoa.
Jone.- Eta zer da haize-orratza?
Jon.- Aizu, zuk arkitektura ikasi duzu? Benetan?
Jone.- Zer da haize-orratz bat, Jon?
Jon.- Baserri teilatuetan ikusiko zenuen inoiz metalezko oilar bat, ezta, norabideak markatzen dituena, badakizu, Iparra, Hegoa...
Jone.- Baietz, badakidala.
Jon.- Beno, ba horixe zara zu, haizeak nondik jo, oilarra hara begira.
Jone.- Eta hori txarra da?
Jon.- Nik ez dut halakorik esan, e, nik haize-orratzen modukoa zarela esan dizut.
Jone.- Ba orduan zu baserriko tximinien modukoa zara: harria legez egoskorra, laukia kanpotik eta beltza barrutik.
Jon.- Badakizu zer? Afaldu aurretik dutxatu egingo naiz.
Jone.- A, ba ni zeurekin, horrela lehenago amaituko dugu.
Jon.- Eta gainera ura aurreztuko dugu.
Jone.- Hori da, hori da, gu beti izan gara oso ekologistak, derrigorrezkoa beharko luke bikotea batera dutxatzeak, ezta, Jon, ura aurkezteko baino ez bada...
Jon.- Badakizu? Behingoz ados gaude.
Jone.- E, baina ez ezazu dutxan txizarik egin.
Jone.- Jon, bizkarrean xaboia emango didazu? Horrela, horrela, eta igurtzi, e? Zer ondo! Pixka bat gora, gora, lepo parean.
Jon.- Hemen?
Jone.- Ez, ez, apur bat gorago, hor, hor. Zer ondo, pixka bat fuerteago.
Jon.- Beno, baina gero zuk niri, e?
Jone.- Bai, baina segi, e?
Jon.- Masaje saio horrekin ez dut uste urik aurreztu dugunik guk, e?
Jone.- Ez da hainbesterako izango.
Jon.- Ezetz? Begira nire behatzak, mahaspasen moduan geratu zaizkit.
Jone.- Ba pentsa bi bakarrik garela. Seme-alabak eduki ezkero...
Jon.- E?
Jone.- Askoz ere ur gehiago gastatuko genukeela.
Jon.- Eta hori ez da ekologikoa, e?
Jone.- Zer?
Jon.- Ura gastatzea.
Jone.- Ah, uste nuen seme-alabak edukitzeaz ari zinela. Nerbioso ipintzen hasi zara.
Jon.- Nor, ni?
Jone.- Bai, gauza horietaz hitz egiten hasten garenean urduri ipintzen zara.
Jon.- Keba, keba.
Jone.- Biharko despertadorea ipini duzu?
Jon.- Bai, Bai.
Jone.- Zuk, Jon, zer nahiago zenuke, mutila edo neska?
Jon.- Lo nago.
Jone.- Bai, hori, hori, lo hartu.
Jon.- Jone!
Jone.- Zer?
Jon.- Berdin zaidala esan behar nizun, baina nik uste nahiago nukeela neska.
