Docutec
Oporretan inora abiatu aurretik
Aurki oporretara abiatu behar dugunez, hementxe dituzu hainbat jakingarri. Seguruenik ederki baino hobeto etorriko zaizkizu.
Atzerrian agian ez duzu aurkituko hainbat botika. Botikina eraman: esparatrapua, tiritak, bendak, antisorgailuak, komuneko papera, guraizeak, pintzak, termometroa, eguzkitako eta ezpainetako ukendua.
Eta gero, analgesikoak, antibiotikoak, diarrearen aurkakoak, urarentzako desinfektatzaileak. Opor-lekuan erne janarekin eta edariekin: Eskuak garbitu jaten hasi aurretik. Botilako edariak edan, eta zuk ireki botila. Ahal bada jelarik ez bota edariei.
Barazki gordinak saihestu, fruta zeuk zuritu, eta kontuz ibili gutxi egindako janariarekin. Xomorroak: Malaria, dengea, loaren gaixotasuna. dira xomorroek kutsatzen dituzten gaitzetako batzuk. Eta uxatzeko ukenduak igurtzi beharko dituzu, eltxo-sareak baliatu, agian tapa-tapa eginda joango beharko duzu.
Beroa, hezetasuna: Kapela, eguzkitako betaurreko eta ukenduak erabili. Ur asko edan. Aztertu zoazen tokian, eta zoazen garaian, ze eguraldi egiten duen. Arropa horren arabera eman beharko duzu eta. Eta hobe da hankara egindako oinetakoak eramatea, ez estreinatu bertan. Bainua: Lekurik seguruenak klorodun igerilekuak dira, eta itsasoa. Ur gezak arriskugarriak izan daitezke. Telefonoak: Bizi zaren estatuko enbaxada edo kontsuletxeen telefonoak eta helbideak eraman. Irten aurretik informazioa bildu.
Bideak agentziak (www.bideak.info) euskaraz antolatzen ditu kultura eta gizarte bidaiak, Euskal Herrian eta atzerrian. Beraz, nabarmena da beste agentziek eskaintzen duten zerbitzuekin konparatuz gero. Agentzia hau 2004an sortu zuten eta Bizkaian, Euban, dute bulegoa. Hala ere, telefonoz eta posta elektronikoz lotzen dituzte bidaia gehienak. Hiru eratako bidaiak antolatzen dituzte: literatur bideak, Euskal Herria ezagutzeko ibilbideak eta atzerrira bideak. Literatur bidaien eskaintza, esaterako, hauxe da: Hemingway eta Urdaibai, Sarako eskola eta Axular, Arestiren Bilbo eta Victor Hugo eta Pasaia.
Agentziakoek helmugari baino garrantzi handiagoa ematen diote bidaiari. Hala, Euskal Herria ezagutzeko ibilbidea historiatik aztertuta prestatu dute: Hondarribian hasi, Ipar Euskal Herria zeharkatu eta euskal kostaldean amaitu, Urdaibain, hamar eguneko buelta emanez. Informazio gehiago nahi izatera: info@bideak.info edo telefono zenbaki honetara deituta: 94 4656003.
Maleta egiten
Beharrezkoena bakarrik sartu. Elkarren kontra jota hausteko moduko gauzarik ez jarri elkarren ondoan. Sartu tartean arropa, adibidez. Ahal dela ez sartu isurkirik maletan. Jantzi finak gainean jarri, ez hain finak azpian. Alboetan azpiko arropa sartu, eta oinetakoak poltsetan sartu aurretik. Tokirik ezean galtzerdiak sartu oinetakoetan. Ahal dela, ez sartu maletan zimurtu behar ez duen jantzirik (trajeak, gaueko soinekoak.).
Digestio-etena: Gure gorputzak duen tenperatura eta itsaso, ibai edo igerilekuetako ur-tenperaturaren arteko aldeak eragiten duen shock-mota bat da. Digestioa gertatzen ari den bitartean, ondoeza are eta larriago bihurtzen da, odol asko baitabil une horietan urdail eta hesteen inguruetan. Etendura hori ez gertatzeko, beraz, janarien ondoko ordubete edo ordu pare bat baino lehenago ez hartu bainua, sartu uretan pixkanaka, organismoa tenperatura berrira egokitzeko eta, bainatu aurretik, ez hartu edari hotz-hotzik eta ez egin ariketa gogorregirik.
Ura irenstea: Itsasoan, ibaian edo igerilekuan norbaitek ur asko irensten duenean, lagundu nahi baldin badiogu, ahuspez etzan ondoren, bizkarrean kolpetxo batzuk emango dizkiogu. Eztulka egin edo goragalea sentitzen badu, okada probokatzea komeni izaten da, irentsitako likido guztia atera dezan. Eragindakoak erreakziorik egiten ez badu, eraman dezagun lehenbailehen soroslekura.
Karranpak: Espasmo mingarriak eraginda muskulua kontrolik gabe geratzen dira eta, ondorioz, igerilariari ur azalean mantentzea nekezago gertatzen zaio.
Aurreneko sintoma sentitzean lehorrera jo behar dugu, muskulua bortxatu gabe eta eragindako atalean beste hanka edo eskuarekin presioa eraginez, espasmoa galarazten ahaleginduz.
