detalle dokuteka-generico-fitxa

Lapurretak prebenitzeko aholkuak

Euskadi Irratiko Faktoriako saio honetan aholkuak ematen dizkigute, lapurretak saihesteko zer egin behar dugun jakin dezagun.

Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

ESATARIA:  Herrizaingo Sailean egin dugu galdera. Ertzaintzak kontatu digu lapurrak etxean nola sartzen ari diren.

ERTZAINA: Etxebizitzan lapurrak bi eratan sartzen ari dira: bai plastikozko txartelen bidez, sarraila parean sartuta, ez badugu ondo ixten atea bi buelta emanda; eta bigarrena, Ertzaintzak detektatu duena, betiko gantzuaz edo gakoaz atea irekitzeko erabiltzen den tresna, esan genezake lapur adituek erabiltzen dakitena, zarata edo kalterik eragin gabe. Gaizkileak, ba, badakigu: dirua, bitxiak eta balore handiko gauzak bilatzen ari dira; baita biktima erraza ere: etxean ez gaudenean, lo gaudela, adin edo edadeko pertsonak.
Aholkuak? Ba, prebentzioa. Itxi beti etxeko atea giltzaz, nahiz eta barruan egon. Leihoak ere ondo itxi beti, batez ere, beheko etxe edo solairuetan; baita aldamioak dauzkaten eraikinetan. Deitu Ertzaintzari, zalantzarik gabe, 112 telefonora. Ezezagunen bat inguruan bueltaka ikusi dugula?, etxean zarata arraroak entzutean, susmo txarra eragiten diguten kotxe batek hainbat lagun barruan zaintzan dabilela? Deitu edozein ordutan 112 telefonora.

ESATARIA Ate joka ere joan ohi dira ebasleak. Horiekin ez fidatzeko esan digu Ertzaintzak.

ERTZAINA: Ez fidatu. Ez ohiko aitzakiak dakartzatenekin: galdu egin naiz, zure senarra etxean al da?... Mesfidatu galdera horiekin, ez eman inori zuen etxeko informazioa. Baliodun gauzak leku seguruan gorde, diru pila bat ere edukitzea etxean ez da komeni. Lapurra ikusten badugu, ez egin aurre, saiatu ahal eta ezaugarri gehien memorizatzen, ihes egin duen kotxearen matrikula kasua baldin bada, anotatu… Eta deitu berehala Ertzaintzari. Etxea hutsik uzten dugula, astebukaerapasa edo halako kasuetan, jendea dagoenaren itxura eman behar da: pertsianak erdi zabalik utzi, arropa batzuk zabalduta, argiren bat tenporizadore batera konektatu, bizilagun bati esan, badaezpada ere, ez garela egongo. Gero, ezezagunen aurrean ez esan inoiz egongo garela etxetik kanpo. Hala ere, etxebizitzan lapurreta egiten badizute, ez da sartu behar Ertzaintza iritsi arte, edo sartu behar baduzu, behintzat, lapurrek manipulatutako gauzak ez dira ukitu behar, zeren, hatz-markak edo arrastoak ikerlariek hor aurkitu ditzakete.

ESATARIA Kalean lapurrek nola jokatzen duten ere galdetu diogu Herrizaingo Saileko bozeramaileari.

ERTZAINA: Kalean gertatzen diren lapurretak. Eraso horien biktimak normalean adineko pertsonak izaten dira. Lapurrak emakumezkoak zein gizonezkoak dira. Biktimei hurbiltzen zaizkie galdera bat egitera, objektu bat saltzera edo eskaintzera; edo sinadura baten bila dabiltzan aitzakian. Haien helburua da gu geldiarazi, ikutzea, kartera aterarazi, ikusi zer motatako erlojua, urrezko katea, lepokoa edo bitxiak daramatzagun.
Aholkua? Herritarrek autobabeserako neurriak hartzea. Kalean, errepidean, bidegorrian paseatzen ari garela, merkatalguneetako aparkalekuetan.. ezezagunek gu geldiarazi edo gu nahastea saihestu behar dugu, edozein aitzakia erabiltzen dutela ere, esaterako, helbide bati buruz galdetzeko, non dagoen ospitale bat, sinadura nahi dutela, zerbait lurrera jausiz gero, edo gure arropan orban bat garbitu nahi dutela… Ez diogu inori gu nahasten utzi behar. Bitxiak, erlojuak, diru-zorroak, balio handiko iphoneak edo sakelako telefonoak ez dira eraman behar agerian. Tiratze horiek edo tiroiak ekiditeko. Poltsa ondo eutsita eta gorputzari itsatsita egon behar da.

ESATARIA Gabon-garai honetan jendea pilatu egiten da, dendetan zein tabernetan, eta lapurrentzat bilkurak oso leku aproposak dira susmorik sortu gabe eta tentazio askorekin eskua luzatzeko. Sasoi honetan, bereziki, kontuz ibiltzeko gomendio ematen du Ertzaintzak, eta dirua ateratakoan ere tentuz ibiltzeko.

ERTZAINA: Kontuz, kutxazain automatikoetan edo banku-sukurtsaletan eragiketak egiterakoan. Hilabete osoko gastuetako diru guztia aldi bakarrean ateratzea ez da segurua; are gutxiago, egun seinalatuetan ateratzea, esate baterako, hileko lehen egunean, edo soldata edo pentsioa kobratu ondoren. Hobe da senide edo konfiantzazko lagun batekin bankura joatea, bereziki adineko pertsonen kasuan. Kutxazain automatikoetan entitate barrukoak erabiltzea komeni da eta ez kalean daudenak, bereziki gauez. Oso garrantzitsua da ateratako dirua berehala gordetzea toki seguru batean, besteen bistan dirua edo libretak esku artean erabiltzea ekidin behar da. Inork jarraitu ez gaituela bermatzea edo inguruan jarrera susmagarria duen inor ez dagoela ziurtatzea… Eta kasu guztietan, berriro esango dut, edozein susmo izanez gero Ertzaintzara deitu, doako 112 telefono-zenbakira.
 

detalle2

Docuthèque

B1
16-01-2013

x61pRelaContWAR

16161832
00:05:10

x61pViewCountWAR

10494

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR