detalle dokuteka-generico-fitxa

Alex Sardui: "Desinhibiziorako bidea eskaini nahi du Diskoinfernuk"

Alex Sardui, Exkixu taldeko abeslari ohia da Gatibu taldeko ahotsa. Berarekin batera, taldekide dira Haimar Arejita (gitarra elektrikoak, akustikoa eta kuatroa), Mikel Caballero (baxua eta samplerrak) eta Gaizka Salazar (bateria). Gitarrak eta ahotsak oinarri dituen Diskoinfernuz, Oihuka diskoetxeak argitaratu duen taldearen bigarren lanaz, hitz egin dugu gernikarrarekin.

HABE.- Diskoinfernu izenburua jarri diozue zuen lan berriari eta irakurri dugunez, disko bat grabatzea infernua delako aukeratu duzue izen hau. Hala izan al da benetan? Hain zaila edo neketsua al da diskoaren grabazioa?

ALEX SARDUI.- Egia da horrelako gauzak esaten direla diskoa grabatzen ari zarenean. Baina, gainera zera gertatu zen: singlearen hitzak ere infernuari buruzkoak zirela eta, beraz, horrelakoa izan zela testuingurua. Egia da justu kontrakoa izan nahi duela diskoak: desinhibiziorako bidea eskaini nahi du Diskoinfernuk libertate edo askatasuna dagoela gogorarazi, biak konparatuz, infernua eta askatasuna bera.

 

 

H.- Azalean Luzifer moduan azaltzen zarete taldekideak eta gainera, infernua toki bero samarra da. Ez al du beldurrik emango diskoak, entzuteko garaian?

A. S.- Ez dago horretarako arriskurik, ikusten baita apur bat katxondeoan dagoela egina, azala eta kanta guztiak. Umore apurtxo bategaz egin nahi izan dugu. Diskoa beti izango da infernua eta infernua beti beroa. Baina, uste dugu barre egiteko parada ematen duela. Bekatuen kontuarekin ibilteagaz pixka bat nekatuta gagoz.

 

H.- Grabaziorako kolaborazio ugari izan dituzue, zailago bihurtu al du horrek diskoaren produkzioa?

A. S.- Ez, produkzioa ez. Ordu gehiago sartu behar izan dugu beste behar batzuk prestatzen, ezta? Adibidez, geratu egin behar abeslariegaz, abestia entzun, zati batzuk aukeratzeko eta . Baina, eurek ere, etorri direnak, oso onak direnez, asko erraztu digute behar guztia. Produkzioak ez digu buruko minik sortu. Gainera, horrelako gauzak egitea diskoa aurrera joan ahala, kontu alaia izaten da.

 

H.- Kultur aniztasuna da gaur egungo gizartearen aldarrikapen bat. Badirudi zuek ere jaso nahi izan duzuela ezaugarri hori: ukitu etnikoa eman diozue pare bat abestiri eta Egunon abestian errumanieraz aritu da Cristian de Rerita. Ez al da Gatibu rock talde bat? Nola ulertzen da beste estiloak txertatu nahi izatea?

A. S.- Bai. Rock taldea izan bada Gatibu. Baina, gu beti zabalduta gagoz edozein gauzatara. Musika mundu osokoa da eta rocka estilo bat da, eta musika mundu osoan dago. Arriskatu egin gara horrelako toke etniko bat edo aniztasunari bidea emanez, besteak beste Luis Caminoren perkusioaren bidez, apurtxo bat beste gauza batzuk ere landu izan nahi ditugulako, gozatuz.

 

H.- Zuek, bizkaitarrak izanik, zuen kanten hitzak zailak izango direla pentsatuko du batek baino gehiagok.

A. S.- Nire ustez, bizkaiera beti izan da euskalki nahiko ezezaguna. Baina, uste dugu hitzak ulertzeko ez direla batere gaitzak. Begira, aurreko batean, Nafarroatik, Elizondotik, hain zuzen, komentatu ziguten uste zutela bizkaiera izanda zailagoa izango zela, gaitzagoa ulertzen, baina ezetz ikusi zutela.

 

 

H.- Euskal Herrian diskoak erraz erretzen omen dira, sei hilabete igaro eta beste disko bat atera behar. Jendearen eskariak ala diskoetxeek markatzen dute erritmoa?

A. S.- Diskoetxeak ere produkzioa nahi du, hori hala da. Baina, jendeak ere eskatzen du sei hilabetera ez, baina urte betera edo disko berria. Hori litzateke jendeak nahi duena, baina zaila da. Gertatzen dena da, talde bat eta bere disko bat gustatzen bazaizu, gura duzula jada beste bat. Hala ere, gutxi saldu eta gutxi jotzen den herrialdean, txikia den gurea bezalako herrialde batean, kontuz jokatu behar da.

 

H.- Konbentzitu jendea jatorrizko diskoa erosteko, Internetetik jaitsi ordez.

A. S.- Internetetik jaitsitako musikak galdu egiten du doinua eta bertan sartuta dagoena ez da ona, jatorrizko diskoak ez dituen hainbat akats dituela badakit. Horretaz gain, diskoaren presentazioak, libretoak, karatulak eta ez dauka konparaziorik, nahiz eta hori ere fotokopia daitekeen, noski.


H.- Eta zer aurkituko dute diskoa erosten dutenek barruan? Infernua?

A. S.- Infernuan bizi gara, berotuta gatoz, kaletik gatozen bakoitzean berotuta gatoz. Diskoa geure lana da, ez dauka misteriorik: aurkezpen txukuna eta edukia, berriz, ona.

 

Taldearen web orria: www.gatibu.eus helbidean aurkituko duzu.

detalle2

Docuthèque

B1
16-09-2005

x61pRelaContWAR

  • Esther Isasa
16161231

x61pViewCountWAR

6491

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR