detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Alex Sardui: "Egunerokoari begiratzen diogu musikan"

Gatibu musika-talde bizkaitarrak izugarrizko arrakasta du: gazte eta nagusiagoekin konektatzeko erraztasun ikaragarria dauka eta kaleratu berri duten ‘Zazpi kantoietan' diskoa 2012ko Durangoko Azokako diskorik salduena izan zen. Haimar Arejita gitarra-jotzailea eta Alex Sardui abeslaria dira agertokietan jarraitzen duten taldeko sortzaileak. Sarduirekin hitz egiteko aukera izan dugu.

Zu plaza-gizona zara eztabaida barik. Hori familiatik, odoletik, datorkizu edo gerora ikasi egiten da?
Familiakoa badago, Enbeitarrak autentikoak direlako. Hortik lotsa falta hori jaso dut. Eta, horrez gain, urte hauetan guztietan ere ikasiko nuen... Baina taldeko hainbat ere halakoak dira, eta pasadizo ugari ditugu. Batzuk agertokira igo eta hazi egiten gara.

Zer du agertokiak hainbeste erakartzeko?
Norberaren kantuak eta hitzak jendeari erakutsi ahal izatea eta ikusleak abesten ikustea izugarria da; jendearekin lotura eta konexioa lortzen da, parekorik ez duena. Diskoek ideiak transmititzen dituzte, baina benetako elkarrizketa jendearekin zuzenekoetan ematen da. Horrek bete egiten du.

Zuek lehenetarikoak izan zineten Euskal Herriko rockean bizkaieraz abesten. Egin dizue inoiz onespenik Bizkaiko Foru Aldundiak?
Guk geurea delako egiten dugu, eta hala bizi dugulako. Bizkaiko Sagardoaren enbaxadore egin gintuzten, baina Aldunditik ez digute ezer esan (Barre).

Gatibu taldeko kideak. Argazkia: Iñigo Azkona.

Bizkaitarrek urtebeteko penitentzia egin behar izan dute, zuek 2012 ia osoan ez duzuelako bertan kontzerturik egin…

Bai. 2012ko abenduan Durangoko Plateruena Kafe Antzokian jo arte ez genuen 2012an Bizkaian kontzertu bakar bat ere eskaini. Konturatuak ginen Bizkaian askotxo jo izan dugula eta, bide batez, aprobetxatu dugu Araban, Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan kontzertuak egiteko. Oso polita izan da leku berrietara joatea, han ere ikusleekin konexioa lortzea bizkaieraz abestuz…

Zer ikasi zenuen Exkixu taldeko garaietan inoiz ahaztu ez duzuna?

Negoziatzen. Orduan ikasi nuen ez dela bakarrik abestiak eta musika egin eta kontzertuak jotzea. Taldean egoten jakin behar da, pausoak eman, erabakiak hartu erantzukizunez, negoziatzen ikasi… Rock-and-rollak ludikoak ez diren alderdi asko ditu. Hau, azken finean, enpresa bat da.

Sexuari buruz lotsa barik, normaltasunez, idazten eta abesten lehenetarikoak izan zineten…
Bai. Talde askok “Maite zaittut”, “Itxi nauzu” eta halakoak abestu izan dituzte; baina gu zuzenagoak gara eta barruan daukagun txispazo hori kontatzen saiatu gara.

Neska-koadrila batekin abesbatzan ibili zinenetik konektatzen duzu hain ondo neskekin?

Aurreragotik datorrela uste dut. Bai. Urte pare baten Kepa Arronategi eta biok 40 bat neskarekin ibili ginen eskolan. Nesken joko ugari ikasi behar izan genituen ia derrigorrez. Agian hortik etorriko da neskekin konektatzeko gaitasun hori…


Inoiz ikusten duzu zeure burua berriro fotokopiak egiten?
Fotokopiak egiten ez, baina ez nuke arazorik izango agertokiak utzi eta beste edozertan lanean aritzeko. Egunerokoari begiratzen diogu musikan; bihar zer izango dugun jakiterik ez dago.

‘Sortuko dira besteak’ emanaldian ere buru-belarri zabiltza. Horren kantutegia bestelakoa da eta baita ikusle-mota ere. Nola bizi dituzu kontzertu horiek?
Nahiz eta aspaldi bestelako estiloak abestu izan, egia da azken 20 urteotan, Exkixutik hasita gaur egunera arte, bestelako kantuak abestu eta plazak ezagutu ditudala. Horren ondorioz, neuk dagoeneko agertokiko estilo propioa daukat, ia saihestu ezin dudana eta berezia egiten zait emanaldi hauek egitea. Hala ere, ederto moldatzen naiz.
 

Segidan, Bixotza suten abestiaren bideoklipa duzu. Entzun ahala kantatu nahi izatera, hementxe dituzu kantaren hitzak:

 

Bixotza suten

Ez dekogu denbora askorik,
norbera izateko be ez dago astirik,
beti presaka, ganora barik,
buelta ta buelta heldu ezinik.

Begixek beti lainoetan,
boltsikoak haizez beteta.
Buruen neurona bakarra,
bat baina nahikoa bakarra,
aurpegixen tximiste gorri bet.

Eskuek hotz, bixotza suten,
suten, suten, bixotza suten.

Momentu bakotzien ta pausu bakotzien,
nahi dodan moduen bizi naz ni.
Zuretzat galazota dauen guztixe
neuretzako da, neuretzako.

Zazpi goaz koatrolatasien,
zure bulerrak nire aho parien.
Martxarako kantu aproposa,
non gogoa han zangoa.

Eskuek hotz, bixotza suten,
suten, suten, suten, bixotza suten.

Momentu bakotzien ta pausu bakotzien,
askatasunien bizi naz ni.
Zuretzat galazota dauen guztixe
neuretzako da, neuretzako.

Momentu bakotzien ta pausu bakotzien,
nahi dodan moduen bizi naz ni.
Zuretzat galazota dauen guztixe
neuretzako da, neuretzako.

Neuretzako…


 


detalle2

Docuthèque

B2
31-01-2013

x61pRelaContWAR

  • Argazkiak: Iñigo Azkona eta Argia
  • Iker Barandiaran (Arteman Komunikazioa)
16286599

x61pViewCountWAR

13257

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR