Docutec
Laura Mintegi
Laura Mintegi idazlea nafarra da izatez, txikitan bizkaitartua. 1972an hasi zen euskara ikasten Bilbon, 17 urterekin, Plaza Berrian, fraide batzuen lokaletan. Lehen irakaslea Sabin Egileor izan zuen, eta bere kemena ez ei du inoiz ahaztuko.
Bakarkako lana beti egin beharko da une batean edo bestean, baina hizkuntza komunikazioa da, funtzio soziala du bereziki eta jendartean bereganatzen da hoberen, pertsonen arteko harremanen arloa baitu eremu naturala.
Motibazioa, ilusioa, jarrera positiboa, ikaslearekiko konplizitatea, jakin-mina, malgutasuna, hurbiltasuna.
Ariketa analitikoak (hutsuneak betetzekoak, batez ere) gustatzen zitzaizkidan, erantzuna zuzena edo okerra zen baieztatzea erraza zelako. Itzulpena gogorrena zen, inoiz ez nengoelako seguru beraren zuzentasunaz.
Alde Zaharreko taberna guztiek zuten gure berri eskolak amaitu ostean. Euskaldunen modura egiten genuen, ondo jan eta ondo edan, eta horrek adiskidetasun-harremanak estutzen zituen eta mihia askatzen.
Sabin Egileor oso garrantzitsua izan zen. Baina, gauza guztien gainetik norberaren motibazioa dago. Nire gurasoek euskara galdua zuten eta nik erabaki nuen katea ez zela etengo eta gure seme-alabek jakingo zutela. Pentsamendu hark eman zidan indarra une latzetan.
Ikasten da nolako irudi traketsa duen norberak besteen aurrean. Umiltasuna ikasten da, eta ontzi berean daudenekiko konplizitatea.
Guk ikasi genuen garaian ez zegoen ezta euskarazko irratirik ere. Euskaraz ikusi nuen errotulu bakarra 'Zorionak' izan zen, Bilboko Areatzan gabonetan jarri zutena, eta zer esan nahi zuen galdetu behar izan nuen. Gure metodoa primitiboa zen. Dena den, ezein teknologi berri baino askoz ere eraginkorragoa da gogoa. Ez dut uste erraztasun teknikoak oso eraginkorrak direnik hizkuntza bereganatzeko gogorik ez baldin badago.
Ikasle (eta areago irakasle) direnentzat gramatikak euskarria eskaintzen du, arrazionalizatzen laguntzen du. Eta ez zait kaltegarria iruditzen, behin ulertuz gero hizkuntzaren erabilpenari ematen bazaio lehentasuna. Irakaskuntza gramatikan oinarrituz gero, zaila izango da hiztunak egitea, baina ez dut uste gramatika guztiz baztertu behar denik.
Errazena ez da ezer izan. Dena kostatu izan zait asko. Hitz bakoitza gogoratzea, aditz bakoitza ondo kokatzea sufrikarioa izan da niretzat. Ez nuen inolako erraztasunik. Eta oraindik ere ez daukat hizkuntzak ikasteko erraztasunik. Borondateak salbatu nau.
Neure buruarekin ondo sentitzeko, ikasi nuen garaian politika egiteko modu bat zelako, ondorengoei transmititzeko.
Nire bizitza-hizkuntza da, komunikatzeko, lanerako eta familiarteko hizkuntza da. Euskaldun batek Bilbo Handian erabil dezakeen guztia erabiltzen dut nik, mugak muga eta oztopoak oztopo.
