Docutec
Albert Camus
1913ko azaroaren 7an jaio zen Albert Camus. Berak idatzitako L'étranger liburua argitaratu zela 62 urte bete zireneko kronika egiten da entzungai honetan.
Idazle existentzialista nagusiaren biografia laburra kontatzen du Juanjo San Migel kazetariak.
Transcription:[+]
Transcription:[-]
Esataria.- Efemerideak begiratzeko ordua Mezularian. Gaur 62 urte argitaratu zuten Albert Camus idazlearen L’étranger nobela. Europa Munduko Bigarren Gerran sartuta zenean argitaratu zuten liburu labur hau. Frantsesez idatzitako nobela onena dio zenbait kritiko eta adituk, hori egia izan ala ez, Camusen nobela eztabaidagai eta interesgune izan da kalera lehen aldiz atera zutenetik, Juanjo San Migel.
Juanjo San Migel.- Ba bai, gaurko egunez 1942an Europa Munduko Bigarren Gerran murgilduta zela argitaratu zuten Albert Camus idazlearen L’étranger nobela. Nobelari buruz asko idatzi da eta eztabaidagai izan da urtetan. Kritiko askoren iritziz, esan bezala, Frantzian XX. mendean idatzitako onena da. Bertan bizitzaren absurdoa, jainko eza eta existentzialismoaren eragina dira ezaugarri nagusiak.
Albert Camus 1913an Aljerian jaio zen, bere gurasoak kolonoak ziren eta hiru urte zituela aita hil zitzaion. Haurtzaroa Aljer hiriburuko auzo pobreenean pasa zuen eta ez zuen apenas liburu edo errebistarik izan eskuetan. Beka bati esker egin zituen lehen ikasketak eta gazte-denbora horretan diru falta izan zuen ia beti.
Filosofia eta Letratako karrera amaitu ondoren, ez zuten irakasle lanean onartu tuberkulosia izan zuelako eta ondorioz, kazetaritza hartu behar izan zuen ogibide.
1939an, Munduko Gerra hastear zela, ez zioten ejerzitoan sartzen utzi osasun ahulagatik.
Munduko Bigarren gerran, hala ere, erresistentzian parte hartu zuen nazien aurka eta 1942an idatzi zuen L’étranger nobela. Gero etorri ziren Pestea (La peste) edo izurritea, Justuak (Les justes) edo Gizon errebeldea (L’Homme revolté).
Inkonformista izan zen, balorerik gabeko gizartea azaltzen digu bere lanetan, bizitzaren absurdoa eta jainko eza.
1947an Literatura Nobel Saria eman zioten, baina ez zuen onartu. Handik hiru urtera kotxe-istripuan hil zen.
L’étranger nobela gaurko egunez argitaratu zuten eta azken 62 urtetan azterketarako, eztabaidarako eta kritikarako gaia izan da 200 orrialde besterik ez dituen liburu hau.
Bertan kontatzen digu Aljerko bulego batean lan egiten duen gazte baten bizitza, arrunta, aparteko ezaugarririk gabea.
Meursault gazteak bere bizitza eta inguruan gertatzen dena beste bati gertatuko balitzaio bezala bizi du. Bere amaren hiletan horixe sentitzen du.
Halako batean, hilketa batean nahastu eta hiltzera zigortzen dute. Handik aurrera gertatzen zaiona ere berdin hartzen du guztia: beste bati gertatuko balitzaio legez.
Bere heriotzak ere ez du apenas aldatzen bere aldartea.
Bizitzaren absurdoa, zentzugabetasuna, baloreen falta, jainko eza, gizakiak animalien gisa, une bakoitzeko zorion-pusketa hori goza dezake, baina besterik ez. Horixe zioen, besteak beste, existentzialismoak.
Existentzialismoaren aitzindarietako bat izan zen Camus eta hori azaltzen zaigu bere bi lan ezagunenetan, L’étranger hau eta La peste nobelan.
Berak, hala ere, konpromisoak hartu zituen Bigarren Munduko gerran, esate baterako, gero gizaki errebeldea liburuan salatu zuen errebeldia zapalkuntza bihurtzen dela gizartean nagusitu ondoren. Liburu honek Sartrerekiko haustura eragin zuen, besteak beste, gobernu komunistaren aurkako kritika egin zuelako.
Hala ere, bere liburu ezagunena, zalantzarik gabe, gaurko egunez orain dela 62 urte argitaratutako L’étranger (Atzerritarra) da.
