Urdaibai Bird Center, hegaztien nazioarteko aireportua
Urdaibai Bird Center Urdaibaiko biosfera-erreserbaren erdigunean kokatuta dago. Museo bizia da, hegaztien ikerketa-zentroa. Mundu guztiko hegaztiek hartzen dute atseden han migrazio-garaian. Bisitarientzat, berriz, nahitaezko geldialdia da, interesgarria, edozein urtarotan joanda ere. Azaroaren 3a Biosfera Erreserben Nazioarteko Eguna da.
Urdaibai Bird Center hegaztien ikerketa-zentroa da. Urdaibaiko biosfera-erreserbaren erdigunean kokatuta dago, Bizkaian, Gautegiz-Arteaga herrian. Errepidetik kilometro eta erdi eskasera dago eta paduraren ikuspegi harrigarria eskaintzen du. Behatoki pribilegiatua da.
Urdaibai Bird Center Urdaibaiko biosfera-erreserbaren erdigunean kokatzen da. Argazkia: Urdaibai Bird Center
Unescok 1984an izendatu zuen Urdaibai biosferaren erreserba. Euskal Herri Atlantikoko hezegunerik garrantzitsuena da, eta euskal itsasbazterreko espazio babesturik baliotsuena ere bai. Bertan ekosistema eta paisaia mota ugari daude: artadi kantauriarrak, landazabal atlantikoa, itsasbazterra eta padura. Hala, 1994an Urdaibaiko hezegunea Hegaztien Babes Berezirako gune izendatu zuten.
Zentro bizia da, eta hegaztiez eta horien migrazioez gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du. Edorta Unamuno, Urdaibai Bird Centerreko koordinatzailearen ustez, zentroa hegaztientzako nazioarteko aireportu gisa ulertu behar da.
Flamingoek ere beren geldialdia egiten dute Urdaibai Bird Centerren. Argazkia: Urdaibai Bird Center
Hori horrela, International Airport for Birds ezizenez ere ezagutzen da Urdaibai Bird Center, eta migrazio garaian, mundu guztiko hegaztien bidaia luzeetan, beharrezko geldileku bilakatzen da. Aireportu honen pistak, ordea, ez dira hormigoizkoak, hezegunearen gainean eraiki ditu naturak. Padurak dira hegaztien atseden-guneak. Atlantikoko ekialdeko migrazio-bidea erabiltzen duten hegaztien pasabideko toki estrategikoa da.
Hegaztien atsedenleku
Urdaibai Bird Center Elaia Elkartearen bidez sortu zen. Elkarte hori 2001ean hasi zen Urdaibaiko biosferaren erreserban lanean, eta paduretan egin zituen bere lehenengo proiektuak. Interes handiko zenbait hegazti ikusi zituzten inguruan, eta hegazti mota bakoitza modu zehatzean jarraitzeko egitasmoak jarri zituzten abian.
Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko koordinatzailea da. Argazkia: Urdaibai Bird Center
“Duela 20 urte elkartu ginen lagun batzuk hegaztien inguruan ikasteko. Hasi ginen saltsan padura honetan eta hegaztien inguruko proiektu bat aurrera ateratzea pentsatu genuen Urdaibaik dituen altxorrak erakusteko. Hegaztiei eraztunak jarri eta hegaztien mundua jendeari erakusteko leku bat sortu genuen”, azaldu du Unamunok.
Paduraren goiko aldean interes bereziko guneak aurkitu zituzten, ornitologikoki oso aberatsak. Hori izan zen Urdaibaiko fenomeno ornitologikorik garrantzitsuenetako baten jarraipen zehatza egiteko abiapuntua: hegaztien migrazioaren jarraipena. Lantaldea sendotuz joan zen, ideia berriak garatu zituzten eta horrela sortu zen Urdaibai Bird Center proiektua, egun Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen duen zentroa.
Urdaibai Bird Centerreko migrazio-mapa. Argazkia: Urdaibai Bird Center
Hiru ardatz nagusi ditu zentroak: batetik, habitaten ikerketa eta mantentzea; bestetik, dibulgazioa eta ingurumen heziketa, eta, azkenik, turismoa. Lan handia egiten da hegaztien ikerkuntzan eta dibulgazioan.
Erreserbako hegaztien eta euren habitaten inguruko ezagutzan sakontzeko helburua du zentroak. Urtero, bertatik, 250 hegazti-espezie ikus daitezke.
Urdaibai Bird Center hegaztientzako atsedenleku bilakatzen da. Migrazio-garaian, hegaztiak beren bidaia hasi eta Urdaibaira iristen dira. Gaua hor pasatzen dute, elikatu egiten dira, eta gero, beren bidea jarraitzen dute.
Audio-gidek eta pantailek hegaztien eta beren migrazioen xehetasunak azaltzen dituzte. Argazkia: Urdaibai Bird Center
Bisitarientzat nahitaezko geldialdia
Urdaibaira gerturatuz gero, bisitarientzat nahitaezko geldialdia da hegaztien zentroa. Edozein momentu da interesgarria bertaratzeko. Urtaro guztiek dute beren berezitasuna; neguan hegazti-kopuru handiak ikus daitezke; udan, aldiz, hegazti mota asko.
Hegaztien aireportura iristea erraza da autoz zein garraio publikoan. Txorien txioek eta uraren soinuak ematen dute ongietorria. Lurrean marrazturik dauden txoriek gidatzen dute bisitaren bidea. Egun horretan dauden hegaztien arabera antolatzen dira eguneko bisitak.
Bisitariek Urdaibain dauden hegaztiak behatu ditzakete teleskopioen bidez. Argazkia: Urdaibai Bird Center
Telebistako dokumentaletan ikusten dena bertatik bertara ikusteko aukera eskaintzen du Urdaibai Bird Centerrek. Audio-gidez eta pantailez aparte, begiratokia izaten da bisitari gehienen tokirik gustukoena. Urdaibaiko paduraren ikuspegiaz goza daiteke bertatik, eta, aldi berean, han gelditzen diren hegaztiak ikus daitezke teleskopioekin: Wadden itsasotik datozen mokozabalak, lertxun lirainak, hainbat ahate-espezie, iparralde urrunetik etorritako zangaluzeak, zezen-txoriak…
Zentroko teknikarien aholkuek, ikus-entzunezkoek, eta naturak eskaintzen duen ikuskizunak erraz murgiltzen dute bisitaria hegaztien mundu liluragarrian.
Zer da Urdaibai Bird Center?
Izatez Urdaibai Center guretzako museo bat da. Guk simil (konparazio) bat egiten dogu (dugu); museo bizi bet (bat), naturari buruz eta batez be (ere) hegaztiei eta bere migrazioei buruz, Urdaibaien kokatuta dagoena, Urdaibaiko biosfera-erreserban kokatuta dagoen museo bizi bat. Guk sarritan egiten dogun (dugun) simil (konparazio) bat edo izango litzateke: hegaztientzako nazioarteko aireportu bet (bat).
Nola sortu zen?
Orain dela 20 urte, esan geinke (genezake), juntatu (elkartu) ginen lagun batzuk hegaztiegaz (hegaztien inguruan ikertzeko) eta horrelako hegaztiak ikastea gure izen genduzenak (nahi izan genituenak) eta bertokoak (bertakoak), 3-4 lagun. Hasi ginen saltsan hemen, atzean ikusten duzuen padura honetan, eta hegaztien atzetik, beti pentsetan (pentsatzen) proiektu bat aurrera ateratie (ateratzea) jendeari erakusteko Urdaibaik eukezan (zituen) altxorrak. Hasi ginen eraztunak jartzen hegaztiei, ikusi genuen zelan (nola), hemen bertan, herrian, fabrika bat egoan (zegoen), fabrika bat itxitxe (itxita) egoena (zegoena), eta gurutzatu jakun (zitzaigun) kable bat eta erostea pentsatu genuen, eta hortxe fabrikan montatu (jarri), guk nahi genun proiektu hori. Hegaztien migrazioa eta hegaztien mundua jendeari erakusteko leku bet (bat). Eta hortxe hasi ginen saltsan. Hasi ginen bai Eusko Jaurlaritzara dirulaguntzak eskatzen, baita Europara, baita Foru Aldundietara eta gitxika-gitxika (gutxika-gutixa), pausoz pauso , orain dela 20 urtetik, 2001. urtetik; zabaldu genuen zentroa bisitariei 2012an, martxoan, oraintxe egingo doguz (ditugu) urtetxo batzuk, eta horixe. Holantxik (Horrela) hasi zen martxan, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak gara, eta hortik martxan; baina izatez da entitate partikular bat.
Zenbat eta zein motako hegaztiak ikus daitezke bertan?
Kontutan hartu behar dugu hegaztien munduan urteko zikloak betezen direla, ezta? Ez dauzkazu hegazti bardinek (berak) urtarril baten (urtarrilean) edo maiatz baten (maiatzean). Hegaztiek euren zikloak daukez (dauzkate) eta badakizuenez (dakizuenez), gainera, migratu egiten dabe (dute) eta orduan hemen ikusten dezuen leku honetan, Urdaibai Bird Center aurreko paduratan, Gautegiz Arteagako padura honetan, urtean zehar esango (esan) geinke (genezake) ikusi geinkezela (genitzakeela) 250 espezie inguru.
Negu pasan dagozen (dauden) hegaztiak dira orain ikusten doguzenak (ditugunak). Badagoz (Badaude) beste hegazti batzuk hemendik hilabetera etorriko direnak migrazioan hegoaldetik, Afrikatik, eta harek (horiek) etorri orduko jada hemen dagozenak (daudenak) negua pasetan (pasatzen) joango dira udaberria eta uda pasetan (pasatzera) iparralderantz. Ordun batzuk ezta koinziditu ez dabe (ez dute elkarrekin topo egingo, o sea (hau da), eta orduan segun eta ze garaitan etortzen zarien (zareten) espezie desberdinak.
Nolakoa da egun bat Urdaibai Bird Centerren?
Ba hamen (hemen) Urdaibai Bird Centerren egun normal bat, ba ni adibidez teknikaria naiz, biologoa naiz, hemen Urdaibai Centerren, baina nitatik (nitaz) aparte beste 8 lagun dagoz (daude) hemen beharrean (lanean). Eta nire lana izaten da, lehenengo eta behin etorri eta batera, goizean eguna argitzen dauenean (duenean), ba ez dakit 8:30etan (8:30ean), garai horretan, ni hurbiltzen naiz padurara; eta teleskopioen bitartez eta egiten dotena (dutena) da hegaztien kontaketa bat. Batez be (ere) jakiteko zer den egun horretan daukaguna, guretzako aireportu partikular honetan, ezta? Hegaztien kontuan (Hegaztiei dagokienez) egiten dogu (dugu) kontaketa hori, eta kontaketa hori, gero, gure web orrira igotzen dogu (dugu), edo web atarira igotzen dogu (dugu). Badago hor atal jakiteko jendeak kanpotik, etxeetatik, zer den hemen daukaguna, Urdaibain, edo behintzat, hemen, Gautegiz Arteagako paduretan.
Zein proiektu dituzue martxan?
Proiektuak daukaguz (dauzkagu) pila bat. Azkenian guk lan egiten)dogu (dugu) batez be (ere) ikerketa mailan, daukagu atal bat ikerketarena. Ikerketatik aparte hortik lortzen doguzen (ditugun) datuegaz (datuekin) eta guri gustatzen jakuna (zaiguna) da modu erraz batean jende normalari, oinezko normalei, erakustea, baina ez artikulu zientifiko bat ateratan (ateratzen) den moduan. Eta bueno, horrek (horiek) dira lantzen gabiltzan proeiktuak: ikerketakoak, dibulgaziokoak edo hezkuntzakoak, eta gero turismokoa esango geinke (genezake).