Jaizubiako padura

Otsailaren 2a paduren munduko eguna da. Kontu jakina da, hezegune asko galtzen ari direla gizakiaren eraginez. Bidasoa ibaiaren itsasoratzean ere bazen padura ederra gizakiaren eraginez urrituta zegoena baina pixkanaka-pixkanaka eremuak irabazten ari da.

Hondarribiko hezegunean alderantzizko bideari ekin zaio eta dagoeneko padurak sail handiak berreskuratu ditu.

Irudia: eitb


Transcription:[+] Transcription:[-]

Erretako edo galdutako baso batek urte asko behar izaten ditu berriro sortzeko. Baina ez da gauza bera gertatzen beste ekosistema batzuekin. Padurek, esaterako, oso denbora gutxian berreskura dezakete jatorrizko itxura. Hori gertatu da, adibidez, Txingudin dauden Jaizubiako paduren kasuan. Nekazarien esku egon diren lurrak itsasoak berreskuratu ditu eta lasai urperatzen dituzte orain mareek. Epaitu zuek emaitzak.
Errekatik itsasora arteko trantsizio naturalean maiz ekosistema berezi eta aberats bat sortzen da kostaldean: padurak. Bizkaian Urdaibai da ekosistema horren adibiderik garbiena, baina Gipuzkoan, ezezagunagoa izan arren, badugu ere horrelako ekosistema bat. Txingudi aldean aurkitzen dugu, Jaizubiako paduretan.
Orain itxura osasuntsua daukate padurek, baina itxura hau berria da, izan ere, beren jatorrizko izaera berreskuratu zezaten, lan mardulak egin behar izan dira.
2003an ekin zitzaien Jaizubiako padurak berreskuratzeko lanei eta duela hilabete gutxi amaitu ziren. Lan horiei esker XVIII. mendeaz geroztik lehorturik zeuden 25 hektarea inguru itzuli zaizkio padurari.
Jaizubiako paduren degradazioa XVI. mendean hasi zen. Inguruko baserrietako nekazariek, nekazaritzarako lursailak irabazteko asmoz, dikeak jasotzen hasi ziren lurra itsasgoratik babesteko. Dikeak eraiki ondoren, lortutako lurren maila igotzen zuten eta drainatze kanalak eraikitzen zituzten. Era horretara, itsasgoren maila baino beherago kokatutako lekuetan nekazaritzarako lurrak lortzen ziren. Oso lur emankorrak ziren, itsasoko uraren lohi, area eta zaborrarekin ongarriztatzen baitziren. Kontuak kontu, nekazaritza jarduera intentsibo horren eraginez, XVIII. menderako ia guztiz lehortuta zeuden padurak. XX. mendean zehar, berriz, Irungo bat-bateko hazkundearekin batera, Jaizubiako nekazaritza indarra galtzen hasi zen eta baratza asko abandonatuta geratu ziren. Naturaren eta hegaztien luxuzko bizitoki izandakoa bizirik gabeko gune bihurtu zen. Zorionez, horiek guztiak lehenaldiko kontuak dira. Jabik eta Mikelek gertutik jarraitu dituzte Jaizubiako padurak berreskuratzeko lanak eta itxaropentsu ikusten dute haien etorkizuna. Biak dira Plaiaundiko parke ekologikoko kideak, Jaizubiatik gertu dagoen parke ekologikoko kideak.

Mikel Etxaniz: "Hemen egin dena da bakarrik hori, lur pixka bat kendu, lurraren maila jaitsi ura berriz sartzeko eta lehen zeuden bezala, pareta horiek hautsi puntu batzuetan, ura pasatzeko libre, mareen uraren eraginez berriz ere irabazteko tokia. Eta moldatu dira irlak, irla txiki batzuk toki batzuetan. Gero, beste eremu konkretu batzuetan, nire atzean ikusten den bezala, lortu dena da ur gezako aintzirak, ur gezako tokiak. Hori inportantea da bioaniztasuna pixka bat konpletatzeko, irabazteko."

Ur gezako aintzira sortu da eta nekazariek XVIII. eta XIX. mendeetan eraiki zituzten dikeak hautsi egin dira. Itsasgorak eroso estaltzen ditu orain lur eremu zabalak.

Mikel: "Hemen ,adibidez, egiten ari garena orain bertan da landareak jartzen, bertako landaredia jartzen, hauek deitzen ditugu eztakilak, gehienak sahatsak eta milazkak, erdaraz "tamariz" deitzen direnak. Eta oso inportantea, egingo dute pantaila bat bezala, bidea eta aintziraren artean pantaila bat. Orduan, pantaila horiek asko laguntzen dute hegaztiak lasai egoteko tokian, pixka bat atseden baldintza horiek aurkitzeko."

Itsaspadurek birsortzeko ahalmen izugarria dute eta Jaizubian dagoeneko igartzen da ekosistema bere jatorrizko egoerara bueltatzen ari dela. Horren lekuko, lokatzaren azpian zabaltzen hasi diren ornogabe-koloniak: zizareak, txirlak, karramarroak... Natura bere tokia hartzen hasi da berriz ere. Baina askotan horrek prezio bat izaten du: Jaizubian, esaterako, burdin xafla zaharrez eraikitako laurogei bat txabola kendu egin behar izan dira eta horrek batzuen haserrea eragin du.

"Niri kendu didate 500 metro eta txabola bota didate, txabola bat oso polita, homologatua, nire permisu eta guztiarekin, eta bueno, kendu didate eta bota naute, eta orain egin dut beste berri bat, eta kentzen dizute nahi dutenean, ez dago deretxorik, gu ez gaude konforme, ez."

Batzuk haserre baina hegaztiak pozik. Berreskuratze lanak amaitu zirenetik migrazio bideetan ibiltzen diren txoriek atseden leku aproposa aurkitzen dute Jaizubian, puntu estrategikoa baita haientzat.
Duela gutxi hasi dira hegaztien zenbaketa egiten eta Jabik eta Mikelek esan digute ehun espezie baino gehiago ibiltzen direla urtean zehar. Hegazti horietako asko ez dira errazak ikusten, baina Plaiaundiko parke ekologikoko aintzira batean kokatuta duten kamera baten bitartez, hegazti batzuk grabatzea lortu dute.

Mikel: "Hementxe dago amiltxoria. Amiltxoria edo erdaraz 'martinete' deitzen diote. Ez da martin arrantzalea baizik eta beste hegazti bat, koartzaren familiakoa. Egunez ibiltzen da ezkutatua arboletan eta horrela, hostoen artean, irudian ikusten dugun bezala, eta nahiko zaila da ikustea, behar da pixka bat ohitura eta jakitea non dabilen. Hau oso ezaguna da baserritar eta ehiztarien artean, istingorra, oilagorraren ahaide bat, lehengusua-edo, horrela esateagatik, eta hona asko etortzen da, gehienik negutiarra bezala, migrazio garaietan eta baita ere negua pasatzera, gurekin egoten da. Atzo zenbatu genituen eta izango dira igual 40 edo 50, gutxi gora behera. Jaizubian baita ere asko sartzen da. Oso kriptikoa da. Kriptikoak esan nahi du oso ondo kamuflatzen dela, orduan, txoria zaila da ikusteko beti ibiltzen da halako tokitan, azalezko ura dagoen tokietan, zizare bila-eta. Eta beste espezie berri bat martin arrantzalea, oso ezaguna, halako tokietan oso espezie karakteristikoa, enblematikoa. Txiki-txikia, uste dugu normalean handiagoa dela baina nahikoa txikia da, oso bizia, oso urduri bezala ibiltzen da, kolore oso biziekin, urdin ia-ia elektrikoa, esaten dut nik. Eta ibiltzen da beti halako tokietan, beti ur gainean dauden sardaska baten edo makila baten gainean kokatuta, eta oso arrantzale trebea da, bere izenak esaten duen bezala. Orduan, arrai txiki bat ikusten duenean, botatzen da oso azkar eta arraia normalean harrapatzen du."

Lertxuna, txilinporta txikia, kopetazuri arrunta, limikolak... hegazti asko ibiltzen da Jaizubian, baita jende pila ere. Eguraldi ona egiten duenean txandala jantzi eta jende asko ibiltzen da gora eta behera.

"Zoragarria, zoragarria, bai, kotxerik gabe, berebilik gabe, sanoa eta, bueno, guretzat, niretzat behintzat zoragarria. Oso pozik, horrelako toki politak ondo dira, gainera osasungarria, nik uste."

Espainian berrogei hezegunek baino ez dute Nazioarteko Garrantziko Hezegune deritzon izendapena eta Jaizubiakoa da horietako bat. Gainera kontuan hartzekoa da urtean zehar penintsula osoan ibiltzen diren hegazti migratzaile guztietatik erdiak une hezegune honetan atseden hartutakoak direla. Argi dago beraz Jaizubiako itsaspadurek ekosistema aberatsa osatzen dutela eta haien osasuna arretaz zaindu beharra dagoela.

B1
18-02-2009
16279093
00:09:27
6390