Tulipen dantza

Ibon Martinen nobela beltz hau Urdaibain girotuta dago: leku lasai eta ederra. Alabaina, baretasun hori laster apurtuko da, kazetari ezagun bat trenbidean lotuta agertuko baita trenak harrapa dezan. Guztia zuzenean grabatua izango da gainera, eta Internet bidez zabaldua. Krimen lazgarri bezain ankerra, beste zenbaiten aurrekari izango dena, eta denetan egilearen sinadura makabro bera: tulipa berezi bat, odola bezain gorria, bizitza bezain delikatua.

EGILEA: Ibon Martín

ITZULTZAILEA: Aiora Jaka Irizar

ARGITALETXEA: elkar

ARGITALPEN URTEA: 2022

Liburuaren euskarazko bertsioari buruzko albistea irakurri nahi izanez gero, hemen klikatu. 

 

Hona pasarte bat (5. or)

2018ko urriak 19, ostirala

Ateen itxiera aktibatu aurretik, Santik azken begi-kolpea eman dio atzerako ispiluari. Ez da inor geratzen nasan. Gernikako azken etxeak laster gelditu dira atzean. Begien aurrean, trenbide bihurriaren ondoan, muinoak trazu finez marrazturik ageri zaizkio, inguru guztiaren jaun eta jabe. Han-hemenka barreiaturiko baserri bakartiek pintzelkada zuri-gorriz janzten dute paisaia. Mundu baketsu bat da, mundu eder bat, lantzean behin itsasoaren urdinak eta lezkadien hori margulak zipriztindua. 

Arrantzale bat, zumezko saskia sorbaldan eta zigarro purua ezpainetan, trenbide-pasagune bateko barrera noiz altxatuko zain dago. Santik lokomotorraren txistua emeki joz agurtu du arrantzalea, eta gizonak eskua jasoz erantzun dio. Aurreraxeago, aldaka zabaleko emakume bat, begiak ongi zaindutako baratze batetik goratuz, trenari so geratu da. bagoiak begiradaz arakatzen imajinatu du makinistak andrea, aurpegi ezagunen baten ehizan. Ziur aurkituko duela, han denek ezagutzen dute-eta elkar.

 

Pages: 522
C1
09-01-2023
30090041
1399